Antton Zubiaurrek, EAJko kide eta 2008ra arte Sprilur sozietateko zuzendari izandakoak, onartu du 2009ko urriaren 15etik 2010eko martxoaren 28ra bitartean PSE Jaurlaritzan zegoela, sozietateko goi-karguduna zen Pedro García Pinedoren e-posta espiatu zuela.
Zubiaurrek bideokonferentzia bidez deklaratu du Bilboko justizia jauregian, Fiskaltzarekin akordioa lortu ostean bere aurkako zigor eskaera (hamazortzi hilabeteko kartzela zigorra) murrizteko. 1991tik 1999ra Mendaroko alkatea izan zenak onartu du García Pinedoren pasahitzak lortu, haren e-postan sartu eta interesekoak zitzaizkion mezuak bere helbidera berbidali zituela. Industria-lurzoruekin lotutako operazio urbanistikoen inguruko informazioa lapurtu zuen Zubiaurrek. Bere erruduntasuna hitz laburrez aitortu du, Fiskaltzarekin adostutako galdetegi laburrean.
"Sei urte geroago, 'hackeatze' azpijoko konplexua zirudiena hiru ordu eskasean garbitu da Bilboko justizia jauregiko soto batean", dio Eldiario.es agerkariko kazetari Iker Riojak. "Akusatu nagusiak eta Fiskaltzak lortutako akordioa medio, gertaera hauen atzean dauden zio ekonomikoak azaleratzerik ez da izango". Alegia, Zubiaurrek benetan zein interes zuen ez dugula jakingo.
Iñaki Urrutxua txoferraren testigantza
Zubiaurrek adierazi du konplize izan zuela Iñaki Urrutxua, Sprilur sozietateko txofer ohia, baina espioitza auziko bigarren inputatuak gezurtatu egin du halakorik. Hain justu, Iker Rioja kazetariaren hitzetan, kasu honen atzean dauden benetako arrazoiak azaltzeko gogoz geratu da Urrutxua. "Fiskalak egindako galdera bati erantzunez, gertaera hauek lotu nahi izan ditu Iban Zubiaurre Sprilur-eko zuzendari ohiaren seme eta Athletic-eko jokalaria izan zenaren auziarekin. (...) Azkar batean ministeritza publikoko ordezkariak hitza moztu eta galdera zehatzetatik ez desbideratzeko eskatu dio Urrutxuari".