Aurkaria ezustean harrapatzeak, sorpresa-faktorea alde izateak, gerrarako duen balioaz hainbeste idatzi da ezen klasikoei kasu egitea izaten dela halakoetan zentzuzkoena oinezkoarentzat.
Eta, gerra-kontuetan, klasikoetan klasikoena, noski, Suntzu da beti. Ez dago Gerraren artea-ren lehen kapitulutik aurrera joan beharrik: “Engainuan oinarritzen da edozein gerra. Horregatik, erasotzeko gai garenean, ezin dugula itxura egin behar dugu; gure indarrak sasoian ditugunean, geldo gaudela eman behar dugu; hurbil gaudenean, etsaiari urrun gaudela sinestarazi behar diogu, eta urruti gaudenean, hurbil gaudela. […] Eraso iezaiozu prestatu gabe dagoen lekuan, ager zaitez espero ez zaituen tokian”.
Argi dago Yom Kippur-eko gerraren 50. urtebetetzean Gazatik Israelen aurkako erasoa planifikatu duten Hamaseko arduradun militarrek men egin dietela aburu horiei guztiei. Beharbada, ez Suntzu edo gisakoen irakurle amorratuak direlako. Baina inork baino hobeto jakin behar dute gerra asimetrikoa dela egin nahi dutena; gutxik bezalako asimetrikotasuna duena. Eta gerra konbentzional samarretan sorpresak horrenbesteko garrantzia badu, asimetrikoetan ekimena zeure esku izatea esan nahi du sorpresak, hein handi batean... Aurkariak ere badaki hori, gainera.
Horregatik, erasoaren lehen uneko gerra-gandua altxatu eta ukaldiaren muntaz jabetu ahala, Mendebaldeko ele-meleak, aho batez kasik, galdera bertsua jarri du mahai gainean: Nolatan liteke Israelgo inteligentzia-zerbitzu paregabeek horrenbesteko hutsa egin izana, betiere nahieran kontrolatu omen duten ingurune batean? Ezbairik gabe, erabateko sorpresa izan baita Hamasen erasoa Israelgo agintearentzat eta iritzi publikoarentzat. Eta huts egitearen lehen erantzukizuna zerbitzu horiei legokieke.
Baina ez berotu gehiegi burua, eta hartu aintzat aurrekariak. Yom Kippurreko gerraren beraren atarian, Mossad-aren papera ez zen oso distiratsua izan. Eta 2006ko Libanoko gerran, sorpresa-faktorea Israelek alde behar omen zuenean ere, inteligentzia-lana hala moduzkoa izan bide zen, Winograd Batzordearen txostenak aditzera ematen duenez. Betiere, izena eta izanaren artean koska egon dela, alegia.
Eta batez ere, gogoan izan Hamasek astindu duen liztor-abaraskan, Israel eta palestinarrak ez ezik beste jardule asko eta asko daudela, hein batean edo bestean. Noski, batzuen senak betiko aldera begiratu du: Iran izango litzateke bazter-nahastaile gorena, Arabia eta Israelen arteko “normalkuntza” zapuzteko. Ez digute argitu, ordea, zergatik Hezbola edo Siria beste guztiak bezain ezustean harrapatu dituen Hamasen ekintzak.
Zer pentsatua ematen duena, haatik, besterik da: zeri deitzen ari ote gara “inteligentzia”?