Igandean egin zituzten hauteskundeak Txilen eta Piñera hautagai eskuindarra Guillier zentristaren aurretik geratu da. Guilleren aldeko botoa eskatu zuen Frente Zabalak.
Txiletarrek aukeratu dute 2022. urtera arte euren presidentea izango dena. Botoen %54,57 eskuratu zituen Sebastian Piñerak, bigarrenak baino ia hamar puntu gehiago. Alejandro Guillier Gehiengo Berria alderdiaren hautagaiak botoen %45,43 lortu ditu. Michele Bacheleten babesa zuen Guilerren hautagaitzak.
Bigarren agintaldia izango du Piñerak, 2010. eta 2014. urteen artean ere bera izan baitzen Txileko presidentea. “Gure herrian ditugun arazoei aurre egiteko, akordio handiak” bilatuko ditu Piñerak, hala adierazi du emaitzak jakin ostean egindako adierazpenetan. Parlamentuan ez du gehiengo absoluturik izango hautagai eskuindarrak, hortik akordioetarako deia.
Azken legegintzaldian Bacheleten Gobernuak hartutako zenbait neurri, arriskuan ikusten dituzte orain hainbat Txiletarrek. Abortuaren legalizazioa hiru kasu konkretuetan edo unibertsitateko ikasketen doakotasuna dira, arriskuan dauden neurrietako bi. 3.795.421 botori esker, Sebastian Piñera izango da Bacheleten ondorengoa 2.022ra arte.