Joseba Sanchez (Baskonia Zainetan)

"Saskibaloiaz euskaraz informatzeko dagoen hutsunea bete nahi dut"

  • Joseba Sanchez txiolari eta saskibaloi adituak Baskonia Zainetan proiektua jarri du martxan. 2006an sorturiko “Baskonia en vena” blogari buelta bat eman nahi izan dio, hedabideetan saskibaloia euskaraz jorratzeko dagoen gabezia bete nahian.

Iņigo Igartua @igartua19
2019ko urtarrilaren 10a
Vincent Poirier Baskoniako pibot frantziarra astearteko Olympiacosen aurkako partidan. Argazkia: @Baskonia

Blogerako artikuluak, eztabaidatzeko foroa edota euskaraz elkar txiokatzeko Twitter zerrendaz gain, saskibaloiaren inguruan topaketak antolatuko dituela kontatu digu.

 

Euskarazko kazetaritzan saskibaloiaren alorrean hutsune handia dagoela nabaritu duzu?

Bai, hala da. Altxor ezkutu batzuk izan arren, Danel Agirreren “Saski da” esaterako (Berria egunkarian), saskibaloia sakontasunez jorratzen duen hedabiderik ez dut aurkitzen. Gaztelaniaz hamaika solasaldi entzun daitezke eta egunkarian bi orrialde egunero irakurgai ditugu, baina euskaraz horrelakorik aurkitzea oso zaila da.

Zerk bultzatu zaitu “Baskonia en vena” ekimenari buelta bat eman, eta Baskonia Zainetan sortzeko?

“Baskonia en vena” bloga 2006an ireki nuen, gaztelaniaz. Garai hartan sare sozialak ez zeuden horren garaturik eta blog formatua oso ona zen eztabaidak sortu eta elkarri eragiteko. Gaur egun egoera guztiz aldatu da. Saskibaloia euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen dituzten hutsune horiek jorratu nahi ditut.

Zein da zure ekimen berriaren hasiera bateko helburua?

Helburua ez da blog bat edo foro bat sortzea soilik. Nahiko apala naiz, baina helburua anbizio handikoa da. Gasteizen euskara maitatzen dutenetariko askok, Baskonia, Araski edo Araberri taldeak jarraitzen dituzte astero. Helburua komunitate berri bat sortzea da, non saskibaloia eta euskara bateragarriak diren. Komunitate horri ikusgaitasuna eman nahiko nioke.

Sare sozialetan komunikatzerakoan euskaldun ugari gaztelania erabiltzera beharturik ikusten diren inpresioa duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Euskaraz idazten duten zale asko ez ditugu ezagutzen, eta beste askok euskara badakite, baina guk ez dakigu beraiek badakitenik. Baina hori ez da larriena. Euskaraz idatziz gero jarraitzaile gutxiago izango dituztela uste dute zale askok, egia ez bada ere.

Zein aukera eskaintzen ditu Internetek saskibaloiaz informatzeko, ohiko komunikabideek  ez dituztenak eskaintzen?

Internet McDonalds bat bezalakoa da. Gose bazara, sartu eta erraz asetzen zara. Mugikorrean bertan aurki ditzakezu azken berriak, fitxaketak edo denetariko iruzkinak. Baina lasaitasunez eta sakon irakurtzeko edo entzuteko ez du balio. Internetek eskaintzen duena azkartasuna da, batzuetan zerbait gehiago beharrezkoa da gauzak behar bezala ulertzeko.

Zein iritzi duzu komunikabideek saskibaloiari eskaintzen dioten arreta urriaren inguruan?

Futbolak dena estaltzen du, baita Euskal Herrian ere. Hedabideek beti daukate denbora futbolari buruz eztabaidatzeko, eta horrek oso leku gutxi uzten die beste kirolei. Saskibaloia gaizki dago, baina ezin gara kexatu. Begira ezazu nola dauden beste hainbat kirol, eskubaloia, errugbia edo boleibola esaterako. Hala ere, saskibaloiak hedabideetan eta kalean merezi duen tokia izateko borrokan jarraituko dut.

Saskibaloiaren inguruan informazioa euskaraz zabaldu eta elkarbanatzeko erreferente izan nahi duzu, beste batzuek ohitura horiek aldatzeko asmoarekin?

Erreferentea izatea handiustekoa litzateke. Baina bai, nire alea jarri nahiko nuke eraldaketa horretan. Etorkizunean euskararen erabilera asko haziko delakoan nago, baita saskibaloi munduan ere.

 

Araski, Araberri eta Baskoniaren berri emango duzu bereziki, baina nola ikusten duzu Arabako saskibaloiaren osasuna gaur egun?

Osasunez oso ongi dago. Baskonia talde itzela da. Urte batzuetan hobeto eta beste batzuetan okerxeago, baina beti dago talde handienen artean. Araskiren kasuan, egitasmo sendoa eraikitzen ari da, Livia Lopez kudeatzaile bikainaren eskutik. Emakumezkoen lehenengo mailan finkatu dela dirudi. Araberrik aldiz, zailtasun handiagoak ditu. Oso talde gaztea du eta taldea aurrera ateratzeko zailtasun ekonomikoak gainditu behar ditu urtetik urtera. Hala ere, urrezko LEB ligan mailari eutsiko diola uste dut.

Talde hauen komunikazio sailetan sustatzen al da euskararen erabilera sare sozialetan?

Zoritxarrez, oso gutxi. Bakarrik Baskoniak du euskarazko Twitter erabiltzaile berezi bat, baina gaztelaniazkoarekin alderatuta oso mezu gutxi bidaltzen ditu. Gaur egun, gaztelania eta ingelesa dira nagusi, baina datozen urteetan gauzak aldatuko direlakoan nago. 

Emakumeen saskibaloi taldeak bultzatzen dira?

Bai, eta asko gainera. Nire adibide gertukoena Araski bera da, baina gure alboan Lointek Gernika (sare sozialetan euskara bultzatzen asko saiatzen da) eta IDK Gipuzkoa ere badaude erreferente bezala. Emakumezkoen saskibaloi taldeen olatua bultzatzeko euskal hedabideek zer esana badutelakoan nago. Aurten Gasteizen jokatuko den Erregina Kopan esaterako, euskarak paper garrantzitsua izatea espero dut.

Araskiren orain arteko denboraldia nola kalifikatuko zenuke? Eta Araberrirena?

Araskirena, oso ona. Askotan ez gara objektiboak talde honekin. Ez dugu barneratu oraindik, duela bi urteko igoera balentria latza izan zenik. Jokalari kopuruz talde motza dauka, baina oso ondo hasi zuen denboraldia. Binta Drammeh jaurtitzailearen fitxaketa berriarekin pausu bat aurrera ematea espero dut. Araberrik aldiz, sufrituko du. Taldearen xedea mailari eustea da, eta zaila izan arren, helburua gauzatzea bere eskura du.

Lauko Finalaren lehian ikusten al duzu Baskonia?

Zoritxarrez, ez. Talde ona du eta Top-8aren lehian ikustea nahiko nuke, baina Lauko Finalean egoteko ez dauka aurrekontu nahikorik. Orain fitxaketa bat behar du ezinbestean, baina berandu helduko den beldurra dut. Hala ere, Baskoniarekin, batek daki!

Baskoniaren azken urteetako denboraldi garrantzitsuenean, fitxaketak egiteko diruz eskas daudela dirudi. Nola daramazu fitxaketen behar larrian izanik, inor ez dela iristen ikustea?

Egia esateko, ez dut ongi ulertzen. Denboraldia aurrera doan heinean, gero eta talde laburragoa dugu eta taldeko zuzendaritzak ezer egin gabe jarraitzen du. Ziur asko azalpen bat (edo gehiago) egongo da, baina zaleak urduri jartzen ditu horrek. Azkenean fitxaketaren bat etorriko da, baina denboraldiko helburuak betetzeko beranduegi izan liteke.

Etxeko jokalariak lehen taldeetara igotzeko aukerak ikusten dituzu?

Oso zaila izan da betidanik eta Baskoniaren kasuan bereziki. Lehenengo taldera heltzeko, oso ona izatea ez da nahikoa. Agian Ilimane Diop izan da Baskoniara heldu den etxeko azken jokalaria eta ez dut besterik ikusten jauzia emateko prest. Araberrik Baskoniak duen hutsune hori bete zezakeen, baina hauek ere atzerritar ugari ekartzen dituzte. Araskik ordea, aukera gehiago eskaintzen ditu. Horra hor, Laura Pardo, Cristina Molinuevo edo Made Urieta adibidez.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Saskibaloia  |  Euskararen erabilera

Saskibaloia kanaletik interesatuko zaizu...
Lan Ikuskaritzan salatu dituzte Gasteizko Final Four-aren antolatzaileak

Europako saskibaloi txapelketaren finala Gasteizen egingo da maiatzean, eta berau antolatzeko 4 milioi euro jaso dituzten arren, doan (ez otordu, ez garraio, ez bestelakoei aurre egiteko ordainsaririk jaso gabe) lana egingo duten 170 boluntario eskatu dituzte. Lege iruzurra izan daitekeelakoan, Lan Ikuskaritzan salatu dute, Hala Bedik jaso duenez.


2019-01-17 | Iņigo Igartua
Enes Kanter saskibaloi jokalariaren estradizioa eskatu du Erdogan Turkiako presidenteak, "terrorismoa" egotzita

Enes Kanter New Yorkeko Knicks-eko jokalaria, Recep Tayyip Erdoganen gobernuarekin oso kritikoa izan ohi da. AEBetan erbesteraturik dagoen eta Erdoganen arerio nagusi den Fethullah Gülen predikariaren jarraitzailea da.


2019-01-08 | Arabako Alea
"Doako eskulana" baliatzen dituzten hitzarmenak bertan behera uzteko eskatu du Podemosek

Polemika piztu da Euroligako Lauko Finala lan profesionala egiteko 170 boluntario bilatzen ari delako. Aurreko astean zabaldu zuen enpresak bolondres bila dabilela.


2019-01-04 | Axier Lopez
Doan lan egiteko jendea nahi du 4 milioi euro publiko jaso dituen Gasteizko 'Final Four'eko antolatzaileak

Maiatzaren 17, 18 eta 19an antolatuko dute Europako saskibaloi txapelketaren finala Gasteizen. Antolakuntzak jakinarazi duenez, egun horietan 170 lagun behar dituzte "boluntario" lan egiteko. Ez dute bidaiarik, ostaturik eta diru-saririk jasoko trukean. Hala Bedik jaso duenez, Arabako Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren artean, 4 milioi euro eman diote Euroligari Lauko Finala antolatzeko.


2018-11-15 | Jon Torner Zabala
Euroliga Gasteizen: akordioak ez duela legea betetzen azaleratu dute bi txosten teknikok

Gasteizko Udalaren bi txosten teknikok zalantzan jarri dituzte bertako instituzioek Euroligarekin sinatutako akordioaren hainbat puntu, Arabako hiriburuak jasoko duen 2019ko Final Four saskibaloi finalaren harira, SER irratiko kazetari Iker Armentiak jakinarazi duenez.


2018-10-10 | Zebrabidea
47.000 euroko isuna ezarri nahi diete Indar Baskonia taldeko 10 zaleri

47.000 euroko isuna ezarri nahi diete Indar Baskonia Hintxa taldeko 10 kideri, duela 8 hilabete Madrilen jokatutako partidu baten harira.


2018-10-05 | Jon Torner Zabala
Indar Baskoniak "gehiegikeria poliziala" salatu du, 10 kideri ezarri nahi dieten 47.000 euroko isunaren harira

Kiroletako Indarkeria, Arrazismo, Xenofobia eta Intolerantziaren kontrako Espainiako batzordeak orotara 47.000 euroko isuna jarri nahi die Indar Baskonia taldeko 10 saskibaloi-zaleri, urtarrilaren 29an Estudiantes-Kirolbet Baskonia partidan gertatutakoengatik.


2017-07-20 | ARGIA
Emakumeen saskibaloiko munduko txapelketaren aurkezpena: bilatu emakume bakarra

Polemika eragin du sare sozialetan Espainiako Saskibaloi Federazioak argitaratutako argazki batek. Tenerifen egingo den emakumeen munduko txapelketa aurkezteko argazkian emakume bakarra ageri da.


2017-05-10 | Jon Torner Zabala
Saskibaloi torneoa iragartzeko bideo sexista: "Hura jarraitzeko gogoa izango duzu"

"Te van a dar ganas de seguirla" (Hura jarraitzeko gogoa izango duzu), dio Argentinako Saskibaloi Ligaren txioak.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude