Baskonia, batu zaitez... euskarara!

Baskoniaren izena erromatarren garaitik dator, horiek Vasconia deitu baitzioten euskal lurraldeari, eta vascon bertako biztanleei. Lingua navarrorum edo euskara zen lurralde horretan hitz egiten zen hizkuntza, baina gure saskibaloi taldeak izena bakarrik mantendu du, gure hizkuntzarekiko ez du inongo begirunerik erakutsi eta.

Sare sozialetan gaztelaniazko kontu ofizialaren eta euskarazkoaren arteko aldea oso handia da. Horren ageriko, euskarazko kontuak zortzi egun eman dituela ezer idatzi gabe eta azken mezua, gainera, gaizki idatzita.

"Baskonia eta Alaveseko zale euskaldunak nazkatuta gaude gure hizkuntza behin eta berriro bigarren mailan jartzen dutelako hiriko bi talde nagusiek"

Egoerak bide beretik jarraitu du ekainaren 28an ere, Baskoniak eguerdiko 12etan bazkide kanpaina aurkeztu duenean. Súmate a la rebeldía azulgrana lelopean, Aitor Apesteguia Marketineko zuzendariak erdara hutsean egin du kanpainaren aurkezpena, eta leloa itzultzeko gai ere ez dira izan.

Bai Euskarari erakundeko zuzendari Rober Gutiérrez izan da hau salatzen lehena Twitter bidez, eta beste euskaltzale askok bere salaketa babestu dugu. Horri esker, arratsaldeko seiak izateko hamaika minuturen faltan, Baskoniako euskarazko kontuak bazkide kanpainako leloa euskaraz argitaratu du: "Batu zaitez errebeldia gorri urdinara" idatziz, "urdinera" idatzi beharrean.

Baskonia eta Alaveseko zale euskaldunak nazkatuta gaude gure hizkuntza behin eta berriro bigarren mailan jartzen dutelako hiriko bi talde nagusiek. Horregatik, gure ezinegona aintzat hartzea nahiko genuke, euskararekiko aldaketa eman dadin.

Baskoniak, izena ez ezik, izana ere baduela erakusteko garaia da. Izan ere, euskara Baskoniaren izaeraren parte ere bada.

Gora Alaves eta Baskonia euskaldunak!!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude