Santiago Abascal: “Konplexurik gabeko” faxista baten gorakada

  • 10.000 jarraitzaile elkartu zituzten Santiago Abascal Conderen mezu faxistek aurreko larunbatean Madrilgo Vistalegren. Abascal presidente den VOX alderdi ultraeskuindarraren ordura arteko ekitaldirik jendetsuena izan denak estatuko panorama politikoa alderik alde asaldatu duela dirudi, ze puntura arte?  Nola heldu da "prime time"-a okupatzen duen amurrioar hau Espaniar faxismoaren ustezko lider izatera?


2018ko urriaren 11n - 12:32
Ilustrazioa: Aimar Gutierrez Bidarte
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Donald Trump, Marine Le Pen, “El Cid Campeador” eta Sarah Palinen arteko sinbiosi perfektuan altxatu zen larunbatean Santiago Abascal, Espainiako ultraeskuindarren akuilu, bandera gorri-horiak astindu eta astindu egiten zuten milaka fanatikoz inguraturik. Argi eta musika ikuskizun batez baliatuta adoretu zituen bere jarraitzaileak nazioaren mehatxuei indarrez eta determinazioz erantzuteko: independentistak, etorkinak eta feministak.

Estatuaren gaitzez sutsuki mintzatu bakarrik ez, Espainia zatitu nahi duen izurrite horren kontrako neurri zehatz eta efektiboak ere jarri zituen mahai-gainean: alderdi independentisten legez kanporatzearen errezeta zaharra, genero indarkeriaren legea indargabetzea, mugetan hesi altuagoak eta labana zorrotzagoak jartzea eta armak erabiltzeko eskubidearen aitortza -berak behin baino gehiagotan aipatu du bat daramala gainean-. Harro egon liteke Charlton Heston hor nonbait.

Larritzekoa da bai, faxismoa horren lotsabako agertzen duen diskurtso batek horrenbesteko onarpena duela ikusteak. VOXen gorakada azken egunetan jaso duten komunikabideek alarma guztiak piztu dituzte.

Larriagoa da, ordea, VOXen ideia xenofobo, misogino eta ultra nazionalistak gutxi dutela berritik Espainiar Estatuan. Abascalek proposatzen dituen erremedioak ez baitira, inondik inora, berriak. Alderdi independentisten ilegalizazioak eta hauen jazarpen poliziala ez dira 2018ko joera politiko hutsa, Euskal Herrian hamarkadetan konprobatu dugun gisara. Migrazioaren kontrola eta etorkinen kontrako oldarraldia askok VOXen banderatzat irudikatu nahi duten arren, errealitatea oso bestelakoa da; VOX sortu aurretik ere Espainiar Estatuak ondo zorroztutako labanak baitzituen Ceuta eta Melillako hesietan.

Are gehiago, Espainolek ez dute zertan armak izateko eskubidea behar etorkinak akabatuak izan daitezen. 2014an, Tarajalen, ondo erakutsi zuen Estatuak hori egiteko zuen gaitasuna. “Konplexurik gabeko” Espainiako faxismo estrukturala da VOX.

Ideia faxisten herentzia politikoa kolore bateko edo besteko alderdi handietan egonda ere, harrigarria jarraitzen du izaten VOX alderdiaren azken urteetako gorakada.

Aiaraldea epizentro izan duten meme, twitterreko txiste, eta Schwarzenegger estiloko bideoak aztertuta zaila zen aurreikustea Urduñako mendatean gora korrika egiten zuen gizon galdu hura Whatsapp taldeetatik kanpo hainbesteko kuota mediatikoa eskuratu zezakeenik.

2014an sortu zen VOX alderdia, lau katuk osatzen zuten txiste txar bat balitz bezala. Urte hasieran crowdfunding kanpaina abiatu zuten furgoneta erosteko, eta Pedro Sanchezek zentsura mozioa irabazi zuenean Madrilgo Colon plaza bete zuten. Orain, furgoneta bat erosi zutenetik bederatzi hilabete pasa direnean, Madrilgo zezen plaza zaharra goraino betetzeko gaitasuna daukate.

Santiago Abascal tokiko erakundeetan

Santiago Abascalek, baina, askoz lehenago hasi zuen karrera politikoa, non eta egun hainbeste jipoitzen duen Alderdi Popularrean. Aitona Amurrioko alkate frankista zuen. Argi dago, beraz, nondik jaso zuen herentzia politikoa. Curriculumean harrotasunez daraman titulua da Euskal Herriko politikagintzan sartuta egon izana. ETA erakundearen indarkeria politikoak eta alderdi independentisten legalizazioak markatutako garai batean hasi zen Alderdi Popularrean militatzen Abascal, egun edozer justifikatzeko balio dion argudioa, antza.

Bere karguek, ordea, ez dirudite ezer justifikatzeko balio diotenik, hortxe hasten baitira bere diskurtso politikoarekiko kontraesan handienak. Berebiziko liberaltzat du bere burua Santiagok, merkatu librearen defendatzaile amorratua, laguntza publikoetatik bizi diren horien etsai aitortua. Inoiz lan egin izana da, baina, aitortua ez duena. 18 urterekin PPen afiliatu eta ordutik finantzazio publikotik bizi izan da soilik, hainbat erakunde publiko eta fundazioetatik elikatu egin baita.

Amurriokoa izanda ere, Laudioko zinegotzi kargua hartu zuen 1997an, Alderdi Popularreko beste bi kiderekin batera. EAJ alderdiko zinegotzi zen orduan ere Jon Karla Menoiok “Madrilera begira” gogoratzen du VOXeko presidentea. “Politika lokalean baino, beste helburu batzuk zituela zirudien”, azpimarratu du Laudioko alkate ohiak, “tratu pertsonalean zuzena eta adeitsua, elkarrekin une askorik konpartitu ez genituen arren”.

Jon Ander Altubek ere konpartitu zituen Udalbatzak Abascalekin, honek ere “tokiko erakundetik haragoko pretentsioekin” gogoratzen du politikari amurrioarra. “Curriculuma osatzera etorri zen Laudiora, ez zion ezer eskaini herriari, berea presentzia hutsa zen”.

Epaiketa

2003an, Ezker Abertzalearen legez kanporatzearen ostean Laudioko Udalean gertatutako istiluengatik Audientzia Nazionalean epaitutako 19 herritarretako bat ere izan zen Jon Ander Altube bera, eta orduan ere Santiago Abascal izan zen protagonista.

2012an izan zen epaiketa, eta ordurako Abascal Alderdi Popularretik aldentzen hasia zen urte luzez alderdiko egituretako hamaika postuetan eroso bizi izan ostean: Alderdiko gazte-saileko presidente, EAEko zuzendaritza-batzordeko kide, Arabako biltzarkide, parlamentarioa Gasteizen…

Izan ere, Abascalen diskurtsoa oposizioan egon denean babestu du soilik Alderdi Popularrak. Gogoratu ditzakegu familiaren alde (hau da, ezkontza ez heterosexualak baimentzen zuen legearen aurka) manifestazio jendetsuak mobilizatu zituela Espainiako eskuinak. Baita abortuaren kontra ere.

Baina 2012 hartan PP gobernuan zegoen eta kontu ideologikoetan zentrora jo zuen (ez ekonomikoetan, garai horietan prestatu baitzuen lan erreforma eta). Hori praktikan ere nabaritu zen epaiketan. “Alderdi Popularrarengandik aldendu eta hirugarren akusazioa plazaratu zuten abascaltarrek”, gogorarazi du Altubek, “paradoxikoa da hirugarren akusazio horretan abokatu lanak egin zituena Ortega Smith abokatua izatea, egun VOX alderdiko bigarrena dena”.

Abascalek, PPrekiko disidentzia handieneko garaian ere, ez zion utzi alderditik eta funts publikotik bizitzeari. Horrela, Esperanza Aguirrek berak “Mezenasgo eta Babes Sozialerako” fundazioko presidente izendatu zuen 2013an, urtean 82.000 euro baino gehiago irabaziz.

Fundazio horren txiringito izaera agerian geratu eta bertan behera geratu zenean, DENAES Fundaziotik (Espaniar Nazioaren Defentsarako Fundaziotik) eta Espainiar Gobernuak berak ordaindutako pisu batzuetatik bizitzen jarraitu zuen Santik.

PP epelegia zelakoan 2013ko azaroan aurkeztu zuen bere dimisioa Santiago Abascalek, militante bezala. Antza, arrazoiak ez ziren hertsiki ideologikoak izan, Madrilgo PPk Abascalen DENAES fundazioa finantzatzeari utzi izanak ere eragina izan zuen.

Hutsetik hastera behartuta, ukaezina da lau urtetan VOX alderdiak izan duen gorakada. Madrilera begira da berriz Abascal, Estatuko goi-mailako politikan diskurtso “fatxa” batekin gogor lehiatzeko prest. Gakoa, ordea, inkesten arabera VOXek lor ditzakeen bi diputatuetan baino, alderdi horren diskurtso faxistak Alderdi Popularraren eta Ciudadanos-en diskurtsoetan izango duen eraginean dago. Aintzat hartu behar da, Kataluniako afera dela eta, eskuinera jo dutela nabarmenki bi alderdi horiek. Zein puntura arte lortuko du Abascalek PPk eta Ciudadanos-ek, konplexurik gabe, beraien esentziak azalaraztea? Hori, eta ez twitterreko memeen izarra den amurrioarra, da benetako mehatxua.

Artikulu hau Aiaraldeak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskuin muturra
Hernaniko Txosna Batzordea: “Faxismoari eta arrazakeriari bidea itxiko diegu”

Hernaniko San Joan jaietan magrebtarren kontrako eraso gehiagoren berri eman dute Hernaniko Txosna Batzordeak eta Amher SOS Arrazakeriak. Salatu dute herrian asteak daramatzatela "jarrera, gezur eta ekintza antolatu arrazistak" bizitzen, eta ohartarazi dute: "Hau... [+]


Ehunka herritar elkarretaratu dira Hernanin San Joan gaueko eraso arrazisten kontra

Hernaniko Txosna Batzordeak azaldu duenez, gutxienez hiru eraso arrazista izan ziren herrian ekainaren 23ko gauean, eta horren harira zabaldutako “bulo eta gezur arrazistak” salatu ditu. Udalak ere adierazpen instituzionala onartu du gertaturikoa gaitzesteko. Amher... [+]


Eskuin muturreko talde batek Donostiako ‘Jesusen Bihotza’-ren aldeko ekimena egin du

Donostiarra, defenda ezazu zurea leloarekin pankarta bat jarri dute, Jesusen Bihotza duen Espainiako bandera batekin batera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


Desokupacyl enpresa Donostian dagoela ohartarazi dute

Desokupacyl desokupazio taldeak bideo bat argitaratu zuen atzo sare sozialetan, Luis Nuñez Mané burua eta beste hiru kide Donostian zeudela esanez. Bideoa, Kontxan grabatuta dago, eta “okupatutako” etxeak erostera bultzatzen du bertan Manék:... [+]


Faxismoaren aurka borrokan, munduan zein Euskal Herrian

Lanaren Ekonomia irratsaioan faxismoaren gorakada aztertu dugu, munduan eta Euskal Herrian gertatzen ari dena.


Irungo kale-segurtasuna zaindu nahian sortu den ‘Auzo Patruilak’ ez ditu agintariak kezkatzen

Irungo Udalak isilarena ematen duen bitartean, asteburuero hiriko kaleen segurtasuna zaintzeko aitzakiapean "Patrullas Vecinales" antolatu duten herritarren taldea ugaritzen doa. Ertzaintzak sare sozialetan ikusi dituztela aitortu du, baina Andoni Urdangarin Irungo... [+]


Arrazakeriaren eta pobreziaren aurrean “ardura” hartu eta erreminta berriak garatzera deitu du Gasteiz Anitzak

Dozenaka eragilek babestutako agerraldi jendetsuan, kezka agertu du auzoetan mezu xenofobo eta baztertzaileak indartzen ari direlako herritarren artean. Herrigintzak “zailtasun eta erreminta falta handia” duela uste dute, baina gatazkei elkartasunetik eta saretuz... [+]


2025-05-29 | Gedar
Cintruenigon, besoz beso mobilizatu dira Frente Obrero eta Vox

"Delinkuentziarik gabeko Cintruenigo" aldarrikatu dute, ohi bezala, pertsona migratuak kriminalizatuz.


Antiwokismoa: eskuin muturraren maskara berria
Jule Goikoetxea: “Euskal Herrian ere Trumpek eta Mileik gorroto duten guztia da woke”

Mundu mailan abiadura handian garatuz doan ideologia eta mugimendua dugu antiwokismoarena. Boterera arribatzeko eskuin muturreko agintariek duten arma berria da, eta berdin-berdin zabaltzen ari da herriko karriketan, unibertsitateetako korridoreetan zein telebista platoetan. Eta... [+]


Antiwokismoa: eskuin muturraren maskara berria
Zapalduen hitza zokoratzeko asmakizuna

Wokismoari begiratu beharrean antiwokismoari so jarri gara. Antiwokistek sorturiko multzoa delako wokismoa, eta antiwokismorik ez balego ez legokeelako wokismorik. Multzo eklektiko horri begiratu, eta laster ohartzen gara eskuin muturrak hastio duen guzia barnebiltzen duela:... [+]


2025-05-21 | Irutxuloko Hitza
Deialdi antifaxista egin dute Donostiako Altzan, ostiralerako

Segurtasunaren aldeko elkarretaratze bat antolatu dute ostiral honetarako, hilak 23, Altzako Harria parkean. Donostiako hainbat eragile antifaxistek salatu dutenez, “Voxeko jarraitzaile bat” da deialdiaren atzean dagoena, eta Frente Obrerok eta Juventud Combativa... [+]


2025-05-20 | Aiaraldea
Etxegabetzea burutu gabe joan da AMA Desokupa enpresa Amurriotik, “herri erantzunari esker”

Airaldeko Greba Batzordeak (SOS Aiaraldea) jakinarazi duenez, larunbatean hartu zuten itzulera hegazkina desokupazio enpresako kideek. 


Eguneraketa berriak daude