Rousseff kargutik kenduta, agro-esportatzaileek Brasilgo lurra helburu

  • Brasilgo Senatuak Dilma Rousseff presidentea kargugabetzea erabaki du ustelkeria kasu batengatik bere kontra izandako prozesuan. Baina zein da “estatu kolpearen” atzean dagoen arrazoia?


2016ko irailaren 01an - 11:02

“Estatu kolpe biguna” deitu dio Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel saridunak Roussefen kontra 2015ean hasitako impeachment prozesuari. Kolpe militarrak ematen diren moduan, kolpe parlamentarioak ere eman izan dira Hego Amerikan maiz, eta estatu baten makinaria faktiko osoa jar daiteke estatuburua kargutik kentzeko.

Dilma Rousseffek bere alderdiaren finantzaketarekin eta aurrekontuekin egindako irregulartasunak ez dira berriak Brasilgo politikaren historian. 2014tik aurrera hasitako auzi judizialek Lula eta Rousseffen Langileen Alderdiaz gain (PT) oposizioko beste alderdietako kide ugari ere zipriztindu dituzte. Brasilgo Ministerio Publikoak berak onartu du Rousseffen delitua ez dela hain larria, baina eskuineko sektoreek aitzakia ezin hobea aurkitu dute presidentearen kontra modu “demokratiko” batean jotzeko, eta muturreraino eraman dute prozesua. “Herriaren eta nazioaren kontrako kolpea da –esan du Rousseffek Twitterrez, Senatuak bere kontra bozkatu orduko– misoginoa, homofoa eta arrazista”.

Egia da presidenteak herritarren babes gero eta gutxiago zuela, PTren sinesgarritasuna ere ezbaian dago aspaldidanik brasildarren artean, batez ere latifundisten eta agronegozioaren kontrako neurri ausartik ez duelako hartu agintean izan den hiru legealdietan: “Nekazaritza erreformaren arloan zor historiko bat utzi du landa eremuko langileokiko”, azaldu du Gaur8-n Antonio Miranda Lurrik Gabeko Mugimenduko buruzagiak.

Baina askorentzat momentu honetan herrialdean demokrazia zalantzan dago Senatuaren “kolpearen” ondorioz. Eta kalera atera dira, ez hainbeste Rousseffen itzulera eskatzeko baizik eta sistema parlamentarioa defendatzeko eta krisi sakon baten testuinguruan jadanik zerumugan ageri diren murrizketa sozialen kontra egiteko.

Impeachment prozesua dela eta, 2016ko maiatzetik jarduneko presidente den Michel Temerrek apenas du brasildarren %10en babesa, eta herritarrek presidente izateko bozkatu ez zuten arren, kargu horretan izango da 2019ra arte.

America XXI atarian Ignacio Díazek kontatu digunez, aurreikusi daiteke epe horretan atzerakada sozial handia eragin dezaketen legeak sustatuko dituela, hala nola erretretaren arloan, lan erreformarekin edota gastu publikoa murrizteko: osasungintzako planak ordaindu beharra, artaziak hezkuntza programetan… Eta lurrak atzerriko kapitalari saltzeko lege proiektu bat ere esku artean dute.

Brasilgo lurrak Txinarentzat?

 PT gobernuan zenean, 2010ean, lege baten bidez debekatu zuen Brasilgo lurrak atzerriko agro-esportatzaileei saldu ahal izatea. Ordurako Txinak begiz jota zuen Hego Amerikako herrialde handiena, bertako lurretan monolaborantza negozioari ekiteko.

2016ko ekainean, Temerren Nekazaritza ministro Blairo Maggik –munduko soja produktore handiena, bestalde– berriz ere iradoki du atzerriko kapitalari eta zehazki Txinari ateak irekitzeko aukera: 250.000 hektarea lirateke. Lurrik Gabeko Mugimenduko Antonio Miranderen ustez “herrialdea subordinazio prozesu batean sartzen ari dira”.

Ikusi beharko da zein erreakzio sozial ekartzen duen egoera honek eta Langileen Alderdiak nola erantzuten dion, horren baitan jokatuko da Brasilgo etorkizun hurbila.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brasil
Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.


Amazoniako indigenen lurrak deforestatzaileen esku utzi ditzakeen legea onartu du Brasilgo Kongresuak

Amazoniako lurrak demarkatu eta indigenenak direla aitortzeko muga gehiago jarriko dituen legea onartu du Brasilgo Kongresuak. Luiz Inácio Lula da Silvaren gobernuak legea kritikatu du eta "araututako genozidio" bat dela esan du. Indigenek hainbat egun daramate... [+]


Henry Forden utopia, besteen distopia

Amazonia, 1928. Ford automobil konpainiak Fordlandia izeneko herria eraiki zuen oihanean, Amazonasen ibaiadar Tapajosen ertzean.


Eguneraketa berriak daude