Roger Mitchellen 'Blackbird' filmarekin abiatuko da Donostiako Zinemaldia

  • Ostiral eguerdian jarriko da abian Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko 67. edizioaren lehiaketa ofiziala. Roger Mitchell zuzendari hegoafrikarraren Blackbird filma, David Zonana mexikarraren Mano de obra eta Alejando Amenabar espainiarraren Mientras dure la guerra daude ostiral honetako egitarauan.


2019ko irailaren 20an - 11:02
Langileak Zinemaldiko alfonbra gorria jartzen (argazkia: Motse Castillo / Zinemaldia).

Lehen begi kolpean itxura eman dezake aurtengo Sail Ofizialeko zuzendarien artean ez dagoela izen ikaragarri ezagunik, baina itxurak faltsuak izan ohi dira sarritan. Ostiral honetako plantillari begiratzea besterik ez dago: 90eko hamarkadaren amaieran Notting Hill komedia erromantikoarekin txarteldegiak leherrarazi zituen Mitchellek eta Donostian lehiatu zen azkeneko aldian ere zeresana eman zuen Le week-endekin –Jim Broadbentek gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen lan horri esker–.

Antzeko zerbait esan daiteke Alejandro Amenabarri buruz ere: 90eko hamarkadan Espainiako Estatuan Tesis edo Abre los ojos bezalako pelikulekin arrakasta lortu ondoren, nazioarteko zinema mainstreamean ere bidea egin zuen. Egia da azken urteetan egin dituen lanek –2015eko Regression adibidez– ez dutela beste munduko oihartzunik izan. Ikusteko dago Miguel Unamuno idazle eta intelektual bilbotarraren inguruan eraiki duen Mientras dure la guerrak berriz ere lehen planora ekarriko duen.

Aurreikuspenetan arreta deitzen duen hirugarren izena James Franco da: 2017an The Disaster Artistekin Urrezko Maskorra eskuratu ondoren Zerovillerekin lehiatuko da edizio honetan: berriz ere Hollywooden bidea egiten hasi nahi duen pertsonaiak pantailaratu ditu zuzendari eta aktore estatubatuarrak.

Sail Ofizialean ikusiko da Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren La trinchera infinita ere. Moriarti etxeko zuzendariek 2017an Donostiako Sail Ofizialean hasi zuten Handiaren ibilbide arrakastatsua. Oraingoan, Andaluzian girotutako pelikula batekin datoz, Gerra Zibilean frankistengandik ihes egiteko etxean ezkutatuko den pertsonaia baten istorioarekin. Gaztelaniaz errodatutako pelikula hau izango da, ziur aski, festibal honetan Euskal Herriko zinemagileen artean gehien komentatuko dena.

Hortik aurrera, Sail Ofiziala bonboi-kaxa bat bezalakoa da, Forrest Gumpek esango lukeen moduan: inoiz ez dakizu zer agertuko den. Datozen zazpi egunetan joango gara kontatzen zerk eragin digun indiferentzia, zerk harridura eta zerk eman digun, akaso, zinema maitatzeko arrazoi berriren bat.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2019
Ken Loach, zine zuzendaria
"Zinemari eskatu behar zaio gutxienez esna egotea"

Keinuen segida bat da zinema, keinuen sekuentzia bat. Zinemagileak etengabe keinu egiten dio kamerari, haren aurreko paisaiari, pertsonaiari, objektuari. Keinua galtzen bada, galdu egiten da zinema, galdu gizatasuna. Zinema, keinua eta gizatasuna zaintzen dituen espeziekoa da... [+]


Izibene Oñederra Aramendi, zinemagilea
"Transgresioaren irudikapena egunerokotasunarekin lotua dagoenean interesatzen zait"

Satorrak bogan daude zineman. Izibene Oñederraren satorrek, euren sinbologia nahiz konnotazio propioak dituzte ordea, eta deitu ere, bere molde propio zein ederrez deitzen ditu. Animazio irudietan islatu ditu eta mikroipuinen gisara plazaratu du Lursaguak. Zinemaldian... [+]


Oliver Laxe, zine zuzendaria
"Denok gara errudunak, denok sinetsi dugu hirien erlijioa"

Salda edo zopa bero batekin alderatzen du bere zinema; soila eta konplexua aldi berean. Ez hain estimatua azukrez eta kimikaz jositako garai posmodernootan, baina aterpe bital bat eskaintzen duena. Cannesko jaialdian gozo hartu zuen kritikak zein publikoak O que arde filma... [+]


Analisia
Gazte despolitizatuak ala diskurtso higatuak?

Ez da izan inondik inora Zinemaldian gehien aipatu den pelikuletako bat, ukitzen dituen gaiak eta filma egina dagoen modua bera ere halakoak direlako, baina Jean-Gabriel Périot zuzendariaren Nos défaites-ek ikustaldi bat merezi du, artefaktu bitxia baita, ezohiko... [+]


Sua eta amatasuna

Sail Ofizialetik kanpoko filmetan sua izan da errepikatu den elementuetako bat, piromaniarekin lotuta O que arde lanean, eta istripu gisa planteatuta Ema film txiletarrean. Oliver Laxeren pelikularen kasuan sua koadro barnean sartzen da; Pablo Larrainenean, aitzitik, koadroz... [+]


Eguneraketa berriak daude