"Rock'n rolla eta zaintza ez dira bateragarriak, erabaki behar izan nuen eta dolua gogorra izan zen"

  • Ines Osinaga (Arrasate, 1982) Gose taldeko abeslari ohiak “Alutik” musika ikuskizuna agurtuko du behin betiko asteburuan. Zehazki, Laudion egingo du azken-aurreko kontzertua larunbatean 20:00etan Aiaraldea Ekintzen Faktorian eta hori baliatuta, bere ibilbide osoari eta egungo egoerari buruz mintzatu da.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2020ko urtarrilaren 13an - 11:51
Ines Osinaga. Argazkia: Itziar Bastarrika / Aiaraldea.eus.

Aiaraldeako Ekintzen Faktoriara ekarriko duzu “Alutik” proiektua. Izen gordin horren atzean zer dago?

Gordina da, biluzia da eta oso gorputzetikoa. Badago emanaldiko momentu bat non esaten dudan alutik pasatzen direla gure plazerik handienak eta gure minik barrukoenak, eta hortik kantatzen dut. Hori da ideia.

Soilik musika da, ala hausnarketa ere tartekatzen duzu?

Bai, musika da, kontzertua da. Baina ez da bakarrik musika, hitzarekin ere asko jolasten dut, eta ez bakarrik hitz kantatuarekin. Musikaria naiz eta musika da nire tresna komunikatzeko eta gauzak kontatzeko. Batzuetan kantuak eta beste batzuetan soinuak egiten ditut, eta soinuen gainean kontatzen ditut hitzak ere.

Guztiak dira abesti berriak, edo abesti zaharren bat birziklatu duzu?

Denetarik dago. Abesti eta testu batzuk berriak dira. Kantu batzuk nik sortutakoak dira, beste batzuk nik maite ditudan sortzaileek idatzitakoak dira. Izugarri maite dut abestien bertsioak egitea, eta plazer handia sortzen dit miresten ditudan kantuak nire gorputzetik pasatu eta nire sustraiak hartzea. Itzultze lan baten antzekoa da; badirudi itzultzea euskaratzea bakarrik dela, baina gurera ekartzea ere bada.

Doinu eta testu gehienak nireak dira, baina ez guztiak. Zaharra eta berria dago. Duela zortzi edo hamar urte idatzitako kantuak beste gorputz batekin kantatzen nituenak, orain naizen honetatik birbegiratzen ditut. Azkenengo hiru edo lau urteetan zeharkatu nauten bizipenen filtroetatik pasatutako kantuak dira.

Pertsona berdina izan arren, fase desberdinetan egon zara. Orain non kokatzen duzu zure burua?

Ni ez naiz beste bat, ni Ines naiz, baina ez naiz Ines bera, eta eskerrak horrela dela. Hala ere, jarraitzen dut ni neu izaten, nire zauri guztiekin, nire motxilarekin, eta nire pausu guztiekin. Ezinbestean, nire ibilbide guztiak ekarri nau orain nagoen honetara.

Egin ahal dudan gauzarik zintzoena gaur nagoen lekutik kantatzea da, eta ez lehen jantzita nituen bota horietatik. Ez da bat ere erraza.

Nire kasuan, distantzia hartu behar izan dut, gelditu eta, batez ere, beste sortzaile batzuekin inguratu; beste proiektu batzuetan murgildu eta ibili.

Agian, foku handi eta koloretsuetatik aldentzeak, eta bestelako plaza intimoagoetan ibili izanak, orain kantatzeko daukadan hau sortu ahal izatea ahalbidetu dit. Horrelako prozesua izan da.

“Alutik” proiektura itzulita, ziurrenik jende askok plazerari bakarrik erreparatzen, baina amatasuna dago alura lotuta. Rock musikari lotutako bizitzak eta ama izateak eraman zaitu beste modu batera zure musika ibilbidea egitera?

Ez ama izateagatik bakarrik, baizik eta zaintza erdigunean jarri didatelako, eta, benetan, zaintza nire bizitzako lehentasun handienetakoa da momentu honetan. Ez bakarrik nire inguruan dudan pertsona txiki horren zaintza, baita ere nire buruaren zaintza, eta bestelakoak. Eta Rock n' Rollarekin ez dira bat ere bateragarriak. Hori bidegurutze garrantzitsu bat izan zen niretzat, erabaki behar izan nuen. Eta oso dolu gogorra izan zen.

 

"Zaintza nire bizitzako lehentasun handienetakoa da momentu honetan"

Emakume askok izan dugun bizipen konpartitu bat dela uste dut, badagoelako bizitzako momentu bat non guztiz aske zarela pentsatzen duzun, baina badaude bizitzako bidegurutze batzuk non aukeratu behar duzun ere: bizi ala hil.

Eta nik zaintza aukeratu nuen, bizitzea aukeratu nuen. Ez amatasunak, baina bai zaintza aukeratu izanak ekarri nau hona.

Ezinbestean, alutik pasatzen da ere amatasuna. Badirudi amatasuna guztiz desgorpuztua dagoen zerbait dela, edo oso erromantizatua dagoena, eta horri ere kantatzen diot. Alutik hasten gara guztiok, denok zeharkatu dugu aluren bat, aurrera edo atzera, gure bizitzako momenturen batean.

Nola planteatu duzu ikuskizunaren bira?

Lehenengo momentutik, “Alutik” hiltzera kondenatua jaio da. Orain nagoen momentu honetan, nik jartzen ditut baldintzak ateratzeko, eta gonbiten zain ez egoteko.

 

"Hau amaiera izango da, "Alutik" dagokionez ez da aukera gehiago ikusteko"

Udan nola udazkenean bira txiki bat egingo nuela egon nintzen pentsatzen, ni bakarrik soinuarekin. Horri forma ematen hasi nintzen, eta erabaki nuen zortzi edo hamar saio egingo nituela.

Hau amaiera izango da, agurra. Joango naiz larunbatean zuenera, igandean Larrabetzura, eta hemen amaituko da “Alutik”. Beste zerbaiten bilakatzeko momentua heldu da. Zikloa amaitzen ari zela sentitzen nuen; sentitzen nuen ere musika honi gorputza eta forma emateko beharra eta desira, hortik sortu da “Alutik”.

Ez da “Alutik” ikusteko aukera gehiago egongo. Hiltzeak ez dit beldurrik ematen momentu honetan. Nahiz eta, beste momentu batzuetan, agur esateari beldur izan diodan, joateari.

Badirudi, joanez gero, plazan egindako konkistak eta bideak desegiten direla. Orain naizen hau izateari utziko diot, eta beste zerbaitetan bihurtuko naiz. Espero dut izango naizen horretan kantatzeko eta konpartitzeko desira izaten jarraitzea. Ez dakit gero zer aterako den, baina hau amaitzen ari da.

Badakizu zer datorren horren ostean, edo oraindik ez diozu erreparatu?

Ez dakit. Lehenengo negua etorriko da; lugorri handi bat etorriko da. Azken hiru urteak oso mugituak izan dira. Badirudi, nolabait, publikoki eta musikari bezala nahiko geldirik eta hilda egon naizela, baina nik ez dut horrela sentitzen. Proiektu pilo batean egon naiz, gauza desberdin asko egin ditut.

Zoragarria izan da monogamia musikala aldetik ateratzea, eta aldi berean bost gauza desberdin egin ahal nituela sentitzea, nire sortze funtzioarekin jarraituta. Hori guztia ikasketa oso handia izan da, zoragarria izan da plaza anitzak daudela deskubritzea, eta askotariko plaza txikiak daudela Rock n' Rolletik kanpo, bestelako publiko batekin, eta bestelako erritmo batzuekin, eta sortzeko diziplina desberdinarekin.

Ikasketa horren guztiaren ostean ez dakit zer etorriko den, baina askatu behar da, bestela ez da ezer etorriko.

Ekonekin eta Goserekin nolabaiteko eragina sortzen zenuen publikoan. Zer nolako feedbacka nabaritu duzu “Alutik”-ekin besteekin alderatuta?

Oso desberdina, baina, era beran, badago zerbait oso antzekoa dena. Iruditzen zait eszenatokira igotzen zarenean egiatik, zintzotik, kontatzen duzula, eta beste aldeak hori sumatzen duela uste dut. Gustatu ala ez gustatzetik harago. Uste dut nabaritzen dela eta zerbait mugitzen duela.

 

"Goserekin zenbait erreferente zabaldu genituen"

Egia da Gosek gauza asko mugiarazten zituela, eta Goseko Ines horrek. Ines horri buruz asko hitz egiten dut hirugarren pertsonan, eta ni naiz, baina aspaldiko argazkiei begiratzen diozunean bezala da. Ez duzu zure burua ezagutzen, baina badakizu zu zarela.

Orduan, ispilu egiten dio gauza askori eta horrek eragiten du zerbait. Orain, ispilu egiten diet beste gauza oso desberdin batzuei. Baina jarraitzen dut ispilu egiten gauzei, eta horren kontzientzia dut.

Agian, duela hamar urte ez nintzen hain kontziente zer eragiten zuen esaten nuen horrek, baina orain horren guztiaren kontzientzia hartuta egiten dut.

Orduan oso plazer handia ematen duen zerbait da, oso bizia, baina zoragarria. Asko maite dut plazara atera eta gauzak kontatzea, zirrarak eragitea, eta abar. Eta, bai, gauza zoragarriak gertatu dira “Alutik”-en saioetan, bai.

Ez dira Goseko kontzertuetan gertatzen ziren bezalako hain gauza leherkorrak gertatzen, baina oso momentu intentsuak bizi izan ditugu emanaldietan.

Ekonekin ibiltzen zinenean, nola ikusten zenuen zure burua artista bezala? Eta Goserekin zeundenean?

Goserekin lortutako konkistarik garrantzitsuenak erreferentzialitatearekin lotuta daudenak izan dira. Hau da, duela hamabost urte, euskal eszenan, euskal kulturan, oso erreferente gutxi genituen rock musikarekin, eta harago.

Adibidez, ez genuen musika elektronikoan erreferenterik. Egiten genuen musika generoak ez zuen beste taldeen antzik, baina, era berean, edozeinekin kantatu genezakeen. Ez zegoen zirkuitu bat gurea bezalako musikarentzat.

Beste alde batetik, emakume bat zegoen gauza gordinak kantatzen eta desiradun agertzen zen. Iruditzen zait guk erreferentzia batzuk zabaldu genituela, eta hori zoragarria izan da, bai Goserentzat eta bai ondoren etorriko diren guztientzat.

Guretzat zoragarria izan zen nazioartera irtetea, edo estatura joatea euskaraz kantatzera, edo sei disko egitea, gauza pilo bat. Hamar urte bizi izan ziren. Niretzat, Gose izan da nire proiektu musikal ezinbestekoena.

 

 "Ekonen asko ikasi nuen, baina loreontzi lekutik kantatzen nuen"

Ekon ez nuen bizi izan horrelako bizitasunarrekin, ezta horrelako kontzientziarekin ere, ziurrenik oso gazte harrapatu ninduelako eta, ziurrenik ere, loreontzi lekutik kantatzen nuelako. Inondik inora, ahal den neurrian, nik esateko nituen gauzak esanez.

Zeharkatzen ez zidaten gauzei buruz kantatzen nuen eta, agian, momentu horretan gorputzetik pasatzen ez zitzaidan musika bat egiten nuen.

Baina Ekon ate handia izan zen, nire beste bertsio batera eraman ninduena, musika tradizionalaren mundutik, plazetatik, txapelketetatik eta musika egiteko modu horretatik. Ekon izan zen sekulako eskola ikusteko eta deskubritzeko, eta musika egiteko aukera.

Horri gehitu iezaizkiozu hamabost edo hamasei urte, nolabait mundura ateratzea izan zen. Baina ez dakit musikalki hainbeste eragin zidan. Beste plazak ezagutzeko modua izan zen, jende zoragarria ezagutzeko modua, eta lan pila bat egiteko aukera. Guk Ekonen ikasi genuen musikaria izatea zer zen. Horrek guztiak eraman nau hurrengo pausoak ematera. Agian, Ekon gabe, Gose ez zen gertatuko.

Orain sentitzen dut, plazara ateratzen naizen bakoitzean, izan naizen Ines horrengatik galdetzen didala jende guztiak. Gosegatik, orain zertan nabilen, edo zer egiteko asmoa dudan galdetzen didate ere.

“Alutik” bada horrelako erantzun bat, “hauxe naiz ni orain” esaten dut. Ez egon zer egingo dudan esperoan, nik ere ez dakidalako, baina hauxe naiz ni orain eta hauxe ari naiz egiten orain. Orain arte egin dudan guzti horri maitasun guztiarekin, baina momentu honekin nago orain, oso konektatuta.

Badirudi gurea dela eszena oso txikia, oso militantea, eta oso sorkuntza gutxiri begiratzen ari garela. Baina konturatu naiz badaudela horrelako presio batzuk asko eragin izan didatenak sortze garaian.

Ea orain zer egingo dudan etengabeko galdera bat izan da azken hiru urteetan. Eta ni ez naizela gelditzen pentsatzen nuen. Nola zer egingo dudan? Bizi-bizirik nago!

Baina badirudi Durangoko Azokan disko bat ez baduzu aurkezten, hogei kontzertuko bira bat ez baduzu egiten, edo sarrerak agortzen ez badituzu eta hori sare sozialetan ez bada notizia, ez zabiltzala ezertan.

Eta hau bada txikiaren aldarri bat. Sortzeko behar horrekin dago batez ere konektatuta, eta ez merkatuak ipintzen dituen erritmo eta sortze prozesu horietara.

Izugarri eragiten du Euskal Herrian kanpokoak, eta badirudi ezetz, oso eszena purua eta erromantizatua dela, baina ez da inondik ere horrela. Oso bortitza eta lehiakortasun handiko eszena bat da gurea.

Oso txikia da, oso jende gutxirentzako lekua dagoela dirudi, eta hau bada pixka bat horren kontra. Musikari izatearen apustuaren aldekoa da, eta musikari izateak ez luke gauza prekario bat izan beharko, ez dut bakarrik egiten artea maite dudalako. Musikaria naizelako ere egiten dut, hau nire lana delako eta nire jarduna bizitzan delako. Baina bi gauzak izan ahal dira bateragarriak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-26 | ARGIA
Iparragirreren musika entzungo da Kantabriako auditorio nagusian

Larunbat honetan Jose Mari Iparragirre urretxuarraren musika entzungo da Santanderren, Kantabrian, bi urretxuarren eskutik: Gorka Hermosa konpositorea eta Juan Luis Escudero aktorea.


"Gazteok zutik eta mugimenduan gaude, errealitate gordin baten aurrean"

Askotariko erresistentziak gorpuzten eta aldarrikatzen ditu Aiert Alberdi kantautore oñatiarrak oholtzan zein egunerokoan: gaztea, genero disidentea, euskalduna, langile klasekoa eta herri txikikoa… Musika eta feminismoa ditu indarkeria patriarkalari aurre egiteko... [+]


2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


Eguneraketa berriak daude