Punk mugimenduak arte garaikidean izan duen eraginari buruzko erakusketa Gasteizen

  • PUNK. Arte garaikidean utzi dituen arrastoak erakusketa zabaldu dute Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoan. 1970eko hamarkadan lehertu zen punk jarrerak ekoizpen artistikoan oraindik ere duen eragina aztertzen du erakusketak. Nazioarteko hainbat artisten hirurogei artelan izango dira ikusgai urtarrilaren 31 arte.

Artikulu hau CC BY-NC-ND 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2015eko azaroaren 06an - 10:32

David G. Torres erakusketaren komisarioren arabera, "artisten eta joeren arteko desadostasunak gorabehera, sortzaile asko uztartzen dituen amorruzko zarata bat dago". Alegia, punk jarrerak bizirik dirau ekoizpen artistiko garaikidean. Erakusketak nazioarteko berrogeita hamar artista baino gehiago bildu ditu eta hirurogei artelan baino gehiago, era guztietako teknikak erabiliz eginak: argazkiak, bideoak, margolanak, instalazioak, eskulturak eta dokumentuak, besteak beste.

Punkak, musika-mugimendu gisa, leherketa labur eta indartsua izan zuen joan den mendearen 70etako bigarren erdian "sistema ekonomiko, politiko, sozial eta kulturalarekiko deserosotasunaren adierazpen" gisa, David G. Torres-en hitzetan. "Amorruz, abiaduraz, zarataz, gisagabekeriaz, ezkonformismoz, anti-z, ukazioz, aurkakotasunez eta probokazioz osatutako jarrera bat da, XX. mende osoan aurkitzen dena, 70etatik aurrera luzatzen dena, baita testuinguru anglosaxoiaz harago eta musika-giroaz harago ere".

Leherketaren aurretik, dadaismoan eta situazionismoan aurki daitezke punk jarreraren oihartzunak, baina, batez ere, eta erakusketan ikus daitekeenez, bizirik diraute eta arte garaikidearen erreferente bat dira. "Asegabetasuna, inkonformismoa, aurrerabidean fedea galtzea eta sistema ekonomiko eta sozialaren ikonoei kritika zorrotza egitea eragiten duten arrazoiak bizirik diraute, eta artista askoren jardunean barneratuta", dio komisarioak.

Sei esparru

PUNK. Arte garaikidean utzi dituen arrastoak sei esparru kontzeptualetan antolatuta dago:

- Lehendabizikoak ondoko gaiak hartzen ditu: moda, diseinua eta kanpoko itxura, konbentzionalismoari aurre egiteko bitarteko gisa. Esloganen, abestien eta pertsonaien berreskuratzean ikusten da eragin hori, eta baita feismoaren, diseinu traketsaren, zarataren eta punk musikaren erabileran ere. Joera horretan sailka genitzake João Onofre, Pepo Salazar, Jamie Reid, Carlos Aires eta Dan Graham.

- Punkak desberdintasunari ere tokia egin behar zaiola aldarrikatzen du, mugak ezartzen dituen eta irtenbide gutxi uzten dituen gizarte batean. Alienazioa, gorea, psikosia… oso sarri agertzen ziren punk eszenan, eta Martin Kippenberger-en, Paul McCarthy-ren, Raymond Pettibon-en, Santiago Sierra-ren eta Jordi Colomer-en artelanetan aurki ditzakegu, erakusketako bigarren esparruan ikus daitekeenez.

- Bestalde, Jean Michel Basquiat, Jimmie Durham, Nan Goldin, Chris Burden, Claire Fontaine eta Pepo Salazar artistengan aurkitzen dugu punka mutiritzat daukan sistema bati ematen zaion erantzun mutiri gisa.

- Ondoren, mugimendu honetako protagonista askok anarkismoarekin izan zuten lotura dakar gogora erakusketak. Haien arrastoa punkaren ezaugarri nabarmenenetakoa da, eta jarrera hori arte garaikidean ere aurki daiteke, Federico Solmi, Claire Fontaine, Juan Pérez Agirregoikoa, Tere Recarens eta Itziar Okariz artisten lanetan, esate baterako.

- David G. Torres-ek gogora dakarren eran, "terrorismoak eta ekintza mutiriek markatutako testuinguru batean sortu zen punka 70eko hamarkadan". Erakusketaren bosgarren esparruak marka hori darama, DETEXT, Chiara Fumai, Mabel Palacín, Tony Cokes, Christoph Draeger eta Joan Morey artisten lanetan.

- Sexua aipagai duten artelan multzo batek ixten du erakusketa, gai hori oso garrantzitsua izan baitzen punk mugimenduan askatasun-aldarrikapen gisa. Salaketa gisa, aldarrikapen gisa eta sarkasmoa berreskuratzeko arma gisa aurkituko dugu sexua Guerrilla Girls, Tracey Emin, Raisa Maudit eta María Pratts artisten lanetan.

Oharra: Albiste hau Entzun!-etik ekarria da lizentzia libreei esker.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Nestor Basterretxea jaio zela 100 urte: munduari leihotik begira, baina leihoak itxita

Gaur 100 urte beteko zituen Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Hamaika lanetan nabarmendu zen, eta hamaika bider mintzatu zen ARGIArekin. Pasarte interesgarri batzuk ekarri ditugu hona.


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Eguneraketa berriak daude