Barcina: "Aukera asko dago hauteskundeak maiatzean egiteko"

  • Yolanda Barcinak adierazi duenez, "aukera asko" dago hauteskundeak maiatzean egiteko. PSNk marra gorria gainditu duela esan du: "Zentsura mozio hori Bildurekin nahi badute, zuzenean egin dezatela".


2014ko otsailaren 13an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Yolanda Barcinari ultimatuma eman dio PSNk (argazkia: Diario de Noticias).

"Nafar guztiak eta espainiar guztiak ikusten ari gara PSNk UPN bota nahi duela Nafarroako Gobernutik, gaindituko ez zuela esan zuen marra gorri hori gainditzeko, Bildurekin akordiotara iristekoa", adierazi du Nafarroako presidenteak, Diario de Noticias egunkariak jaso duen bezala.

Zentsura mozioa

Lourdes Goicoechea Nafarroako Ogasun kontseilaria bete-betean jo duen polemikaren ondoren PSNk Yolanda Barcinaren aurkako zentsura mozioa iragarri du.

"Barcina ez badoa zentsura mozioa iragarriko dugu bere aurka", adierazi du Roberto Jimenez PSNko bozeramaileak eta 15 egun eman dizkio dimititzeko, astelehenetik aurrera kontatzen hasita. Zentsura mozioa gauzatuko balitz, trantsizioko gobernua iragarri dute hauteskundeak egin bitartean.

UPNk gogor kritikatu du PSNren "maniobra politikoa", "faltsukeria piloa" duelako oinarri: "Ez gara hauteskundeen beldur".

2013ko apirilaren 18an ere zentsura mozioa aurkeztu zuten Bilduk eta NaBaik. Ezkerrak eta Geroa Baik bat egin zuten ekimenarekin, baina PSNk ez, eta, aurreikusi bezala, saioa ez zen aurrera atera. UPNren Gobernuaren amaiera nahi zuela, baina Bildurekin ez zuela gobernurik osatuko argudiatu zuen orduan PSNk. Bederatzi hilabete geroago, ordea, PSNk posible ikusten du zentsura mozioa.

Atzo Idoia Nieves Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohiak Lourdes Goicoechea sailburuaren aurka egindako salaketa gogorrak sortu du lurrikara politikoa eta orain ikusi beharko da Barcinaren Gobernuak nola erantzuten duen. Gaurko 20:30etan bilduko da UPNko zuzendaritza eta gainerako alderdi guztiak ere bileretan ari dira. Edozein eratan, eta Jimenezek hala iragarri badu ere, PSNk bakarrik ezin du zentsura mozioa jarri eta horretarako beharko du oposizioko alderdien sostengua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako Gobernua
Trafiko eskuduntza bermatzeko Foru Hobekuntzaren erreforma adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek

Foru Hobekuntzaren erreforma adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek, Trafikoa foru exekutiboaren eskuduntza historiko eta esklusiboa dela blindatzeko.


Estatuaren edo eskuin muturreko taldeen lehen hamabi biktima onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.


Forestaliaren lau goi-tentsioko lineari helegitea jarri die Nafarroako Gobernuak

Asteazkeneko gobernu bileran hartu zen erabakia eta horren ondorioz, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Forestalia konpainiari emandako baimenen aurkako helegitea jarriko du foru gobernuak.


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Eguneraketa berriak daude