Preso gaixoen etxeratzea eskatu dute milaka pertsonak Donostian

  • Larunbatean Donostiako Bulebarretik abiatu zen preso gaixoen aldeko manifestazioak milaka lagun bildu zituen. Sarek antolaturiko ekimenak arratsaldeko bostak aldera ekin zion ibilbideari “Larriki gaixo dauden euskal presoak etxera. Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea” zioen pankartaren atzetik.


2016ko urriaren 17an - 11:12
Milaka pertsona bildu ziren Donostian preso gaixoen alde. (Arg.: Dani Blanco)

Manifestazioa hasi aurretik Ixiar Arteaga Sareko bozeramaileak instituzioei eta jendarteari dei egin zien: “Gaurko manifestazioarekin aktibazio ziklo berri bati hasiera emango diogu. Gaixo larri dauden presoen gaiak urgentziazko irtenbidea behar du”. Joseba Azkarragak “etxean eta bizirik” nahi dituztela azpimarratu zuen.

Manifestazioaren lehen lerroetan presoen senideak kokatu ziren. Sareren “Salatzen dut” dinamikako hatz erakusleak eraman zituzten hauek, presoen argazkiekin. Gerturatu zirenen artean EH Bilduko ordezkaritza zabal bat izan zen, Arnaldo Otegi, Pello Urizar eta Maddalen Iriarte tartean. Elkarrekin Podemos alderdiko parlamentari Pili Zabala ere bertan izan zen.

Ordubete inguruko martxaren ostean, manifestazio burua seiak aldera iritsi zen berriz ere Bulebarrera. Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohi eta Nerea Alias aurkezleak hartu zuten hitza. Elkorok presoen aldeko mugimenduaren sorrera izan zuen hizpide: “Gogoan dut orain dela 40 urte, Bergarako alkate nintzela, nola etorri ziren Txillida, Iñaki Cacho, Miguel Castells, Felix Soto eta beste batzuk, eta zintzilikatu zuten Bergarako udaletxeko balkoian pankarta bat, askatasuna eskatzeko. Eta jaso zuten erantzuna, herria zutik ipini zen, indartu zen, eta lortu zuen preso guztiak kaleratzea. Zergatik orain ez, orduan egin bazen?”

Aliasek, berriz, Espainiako eta Frantziako estatuen jokaera kritikatu zuen: “Ez diegu utziko gaitz larri eta sendaezinak dituzten hamar euskal presoen bizitzekin jolas daitezen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gaixo larriak
2021-12-20 | ARGIA
Antton Troitiñoren heriotza “azkena” izan dadila eskatu dute Sarek eta Etxeratek

Euskal preso politikoa ostiralean hil zen minbizi baten ondorioz, 30 urteko espetxealdiaren ostean kaleratu eta 10 hilabetera. Troitiñoren kasua euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen politikaren adierazle dela salatu dute bi elkarteek. Mobilizazioak antolatu dituzte... [+]


2021-07-21
ESPETXEAK KATEATUTAKO OSASUNA
Apirilaren 7an etxera heldu zen Esteban Esteban Nieto, Espainiako Justiziak ezarritako espetxe zigorra bete barik. Azkenean Tolosan; etxean aske. Minbiziak jota, ordea. Hamabi urte espetxean igaro ondoren, edozein presok duen ilusioa zuen Esteban Nietok; maite dituenen artean... [+]

2021-02-05 | ARGIA
Kalean da Antton Troitiño, baldintzapean aske

Eritasun "larri eta sendaezin" bat duela, baldintzapean atera da kalera otsailaren 5 goiz honetan. Orotara, 30 urtez gora pasa behar izan ditu kartzelan.


Julen Atxurra presoak buruko isuria izan du eta kartzelako erizaindegira eraman dute

61 urteko preso lekeitiarrak maiatzaren 13an buruko isuria izan zuela argitaratu du Etxeratek. Orain Puerto-I kartzelako (Cadiz, Andaluzia) erizaindegian dagoela eta asteburuan familiaren bisita izan duela gehitu du.


Espetxe politikaren legea betearazteko eskatu dute 38 eurodiputatuk

Dispertsio politika bukatzeko eta larriki gaixorik dauden presoak askatzeko eskatu diete Espainiako Estatuko eta Europako Parlamentuko presidenteei.


Eguneraketa berriak daude