"Presidente euskalduna, feminista eta errepublikazalea naiz"

  • Podemos Ahal Dugu-ko Ainhoa Aznarez da Parlamentuko presidente berria. 26 boto izan ditu alde, eta 24 boto zuri izan dira. Foru Legebiltzarreko lehen presidente euskalduna da.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2015eko ekainaren 17an - 18:41
Ahal Duguko Ainhoa Aznarez izendatu dute Nafarroako Legebiltzarreko lehendakari.

Abian da Nafarroako Parlamentuko IX legealdia. Eraketa bilkuran, Ahal Duguko Ainhoa Aznarez hautatu dute presidente moduan. 44 urte ditu. Altsasuarra da. Haur hezitzailea. PSNko kide ohia. Alderdi horrekin, Iruñeko zinegotzia izan zen. Eta bere burua modu honetan definitu du, karguaz jabetu berritan: “Presidente euskalduna, feminista eta errepublikazalea naiz”.

Kazetarien aitzinean egindako lehen hitzetan, Aznarezek bizi dugun unearen garrantzia nabarmendu du: “Une historikoa da, aldaketaren unea. Nafarroa grisa atzean utzi nahi dugu, Nafarroa koloretsua lortzeko”. Bide horretatik, Parlamentua herritarrei zabalduko dietela gaineratu du: “Batzarrak egiteko tokia ere izanen da”.

Eraketa bilkuran, euskara nagusi

Gaurko eraketa bilkuran euskara izan da nagusi, Adin Mahaiko presidente Koldo Martinezek euskara hutsean egin baitu saio ia osoa. Gainera, parlamentari karguaz jabetzeko tenorean 21 parlamentari euskaldunek euskaraz hitzeman edo zin egin dute. Haietako askok, euskara hutsean. Haien artean, UPNko Cristina Altunak eta Iñaki Iriartek. Kurioski, lehen sei parlamentariek euskaraz jardun dute: Virginia Aleman (Geroa Bai), Cristina Altuna (UPN), David Anaut (EH Bildu), Adolfo Araiz (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai) eta Miren Aranoa (EH Bildu).

Hizkuntza aferak alde batera utzita, parlamentari askok formula luzeak erabili dituzte hitzeman edo zin egiteko tenorean. Geroa Baiko, EH Bilduko eta Ahal Duguko denek nabarmendu dute legeak hala aginduta egiten zutela. Izquierda Ezkerrako Nuinek errepublikazalea dela azpimarratu du.

Bestalde, Urritasunak dituzten pertsonak zaintzen dituzten zentroetako langileek elkarretaratzea egin dute Parlamentuaren aitzinean, UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek sinaturiko pankarta batekin. Yolanda Barcina jarduneko presidenteak esan du bera eta bere alderdikideak iraindu egin dituztela. Zenbait kazetarik horretaz galdetu diote Ainhoa Aznarezi. Parlamentuko presidenteak erantzun du bera irainen aurka dagoela, baina adierazpen askatasuna ere errespetatu beharreko balorea dela.

(CC lizentzia baliatuta, Euskalerria Irratitik jasotako albistea. Hemen origilanala: Ainhoa Aznarez: "Presidente euskalduna, feminista eta errepublikazalea naiz"


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aldaketa politikoa Nafarroan
Uxue Barkos
"Nafar gizartean aldaketa sakona gertatu da"

Nafarroako Parlamentuko zarata politikotik at, Uxue Barkos lehendakariak gizartea lasai dakusa. “Kalera ateratzen bazara, jendea lasai ikusten duzu, lasaitasunez hartzen dute azken lau urteotan  gizartean gertatu den aldaketa sakona”, adierazi du Barkosek,... [+]


2018-12-14 | Mikel Asurmendi
Aldaketaren aldeko politika gauzatzen jarrai liteke Nafarroa Garaian

Nafarroako Foru hauteskundeak maiatzean izanen dira. EiTB Focusek egindako inkesta baikorra da oro har, gaur egun, Nafarroako Gobernuan ari den koalizioarentzat. Iruñeko Udalean ordea, egungo gobernuaren jarraipena kolokan liteke.


Ahal Duguko zuzendaritzaren kontrako bide legalak hartuko dituela iragarri du Laura Perez parlamentariak

Nafarroako Ahal Duguko bozeramaile ohiak bere kontra abiatutako prozesua salatu, eta aldaketa arriskuan ez dagoela azpimarratu du.


2017-10-12 | Andoni Mikelarena
'Euskara Ofiziala Nafarroa Osoan' kanpaina abiatu du Kontseiluak

Eremu mistoko hainbat herritan egingo dute kanpaina. Herritarrak instituzioei zonifikazioarekin amaitzeko eskabidea egitera bultzatu nahi dituzte.


2017-09-06 | Guaixe .eus
Nafarroako Parlamentuak Altsasuko auziko fiskaltzaren eskaerarekin "erabateko desadostasuna" azaldu du

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak ferietako liskarragatik auzipetutako gazteen kontra fiskaltzak egindako zigor eskaeren aurka egin du.


Eguneraketa berriak daude