Portugalgo ezkerreko alderdiek agintetik bota dituzte kontserbadoreak

  • Passos Coelhorena Portugalgo historiako agintaldi laburrena izan da, hamaika egun. Gehiengorik gabe gobernua osatu ostean, zentsura-mozioa onartu dute parlamentuan Portugal a Frenteren gobernuaren aurka ondorengo zentro-ezkerreko alderdiek: Alderdi sozialistak (PS), Ezkerreko Blokeak (BE), Alderdi Komunistak (PCP), Berdeek eta Alderdi Animalistak (PAN).


2015eko azaroaren 11n - 09:57
Hauteskundeen aurretik zaila zirudien ezkerreko alderdiek akordioa lortzea, baina zentro-eskuinak berriz irabazteak akordioa erraztu du.

Zentsura-mozioa baino ordu batzuk lehenago itxi zuten akordioa Alderdi Sozialistak, Ezkerreko Blokeak eta Alderdi komunistak. Komunistek eta Ezkerreko Blokeak ez dute koalizioa osatuko sozialistekin, baina parlamentuan Alderdi Sozialistaren gutxiengo gobernua babestuko dute. Gai garrantzitsuetan, aurrekontuen ingurukoak batez ere, aldebiko batzarrak egingo dituzte.

Hauteskundeen aurretik zaila zirudien ezkerreko alderdiek akordioa lortzea, baina zentro-eskuinak berriz irabazteak akordioa erraztu du. Ezkerreko alderdiek adierazi dutenez, helburua aurreko agintaldiko murrizketak eta austeritate politikak aldatzea da.

Urriaren 4ko hauteskundeetan Passos Coelhoren zentro-eskuineko koalizioak botoen %39a lortu zuen. Bigarren alderdia Antonio Costaren Alderdi Sozialista izan zen botoen %33arekin. Portugal a Frente kontserbadoreek gehiengoa lortu ez arren, Portugalgo sistema presidentzialista dela eta, Anibal Cavaco Silva presidentearen esku zegoen gobernu berria nork osatu behar zuen erabakitzea. Passos Coelhoren alderdi berekoa izanik boto gehien zituen alderdiaren alde egin zuen, nahiz eta jakin posible zela ezkerreko alderdiek parlamentuan gehiengo izanda gobernu berriaren aurka egitea. Astearteko mozioan 123k alde bozkatu zuten eta 107k aurka.

Presidentearen esku gobernuaren etorkizuna

Cavaco Silva presidentearen esku dago berriz ere Portugalgo gobernuaren osaketa. Bi aukera ditu: Costari gobernu berria osatzeko eskatu edo parlamentuaren babesik ez duen gobernu kontserbadorearekin jarraitu aurrekontuak eta urgentziazko neurriak onartzeko. Azken aukera honen alde eginez gero ezinbestean hauteskundeak deitu beharko ditu datorren urterako.

Passos Coelhok Costa kritikatu du “gehiengo negatiboa” sortzearren, eta azken agintaldiko murrizketa politikak eta zergen igoera defendatu ditu. Costak bestalde, ezkerrak gobernua osatzeko duen eskubidea aldarrikatu du. CGTP Portugalgo sindikatu nagusiak deituta milaka pertsona elkartu dira parlamentuaren aurrean austeritatearekin bukatuko duen ezkerreko alderdien akordioa babesteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Portugal
Eskuinak irabazi ditu Portugalgo hauteskundeak, eta eskuin muturrak emaitzak laukoiztu ditu

Eskuin muturrak elkarrekin gobernatzeko gonbita luzatu dio eskuinari. Luis Montenegro irabazleak adierazi du hauteskundetan egindako promesari eutsiko diola, eta bakarrik gobernatuko duela. Alderdi Sozialistak gainbehera handia izan du.


Tasa gehigarria ordaindu beharko dute etxebizitza turistikoek Portugalen

Mas Vivienda programaren parte dira neurriak, “etxebizitzarako sarbidea errazteko” asmoz hartuak. Besteak beste, %15eko tasa gehigarria ordaindu beharko dute etxebizitza turistikoek eta etxeen erosleentzat bidaiatzeko urrezko bisa murriztuko du.


Suteek 43 hildako eragin dituzte Mediterraneo inguruko herrialdetan

Tenperatura altuek eta lur eremu lehorrek eragin dituzte suteak asteartean. Ondorengo herrialdeak izan dira kaltetuenak: Kroazia, Aljeria, Tunisia, Siria, Italia, Grezia eta Frantzia. Azken orduetan, Portugalen eta Kanariar Uhartean ere zabaldu dira suteak.


Eguneraketa berriak daude