Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

  • Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.

Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2025eko urtarrilaren 3an - 10:48
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Robert Brooks, 43 urteko gizonezko afroamerikar bat, kolpeka erail dute hiru funtzionariok Marcyko (New York) espetxean. Kartzelazainetako batek soinean zeraman bideokameretako irudiak argitaratu dituzte, eta horietan ikusten da nola jipoitu zuten Brooks. Eskuak bizkarrera lotuta zituela, ostikadak eta ukabilkadak eman zizkioten hiru kartzelarik, gelan zeuden gainerakoek pasibotasun osoz begiratzen zuten bitartean. Presoak kordea galdu zuenean eta odola galtzen hasi zenean ere bera jipoitzen segitu zuten, eta funtzionarioetako batek, gainera, arropa kendu zion modu basatian jo ostean.

Brooks hurrengo egunean hil zen jipoiaren ondorioz, Uticako Wynn ospitalean. Medikuaren txostenak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa, eta lepoan jasan zuela konpresioa. New Yorkeko fiskaltza nagusia gertakariak ikertzen ari omen da, eta, momentuz, ez dute argitu zer aitzakiarekin jipoitu zuten presoa kartzelariek. Espetxeetako estatu-komisario Daniel Martuscelloren arabera, Brooks erail zuten funtzionarioak kanporatu dituzte eta enplegua eta soldata eten dizkiete beste hamahiruri.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrazakeria
2025eko irailaren 29
Bilboko Solokoetxeko heriotzari Vocento taldeak emandako trataera
'El Correo', beldurra, arrazakeria eta polizia filtrazio bidezko informazio faltsua

Eguneraketa berriak daude