ARGIA.eus

2021eko apirilaren 23a

Pedro Sanchezek deskonfinamenduaren nondik norakoak jakinarazi ditu

  • Espainiako Estatuko, eta beraz, Hego Euskal Herriko deskonfinamendu neurriak jakinarazi ditu Pedro Sanchez Espainiako Estatuko presidenteak astearte arratsaldean. Prozesuak sei aste iraungo ditu eta lau fasetan banatuta egongo da. Bakoitzak bi asteko iraupena izango du. "Ekain amaieran normaltasun berria" izan nahi du Espainiako Estatu osoan. Fase bakoitzaren neurri orokorrak jakinarazi ditu Sanchezek. Alarma egoera beste bi astez luzatzeko eskatu du.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz
2020ko apirilaren 28a
Pedro Sanchezek deskonfinamenduaren nondik norakoak azaldu ditu.

Nola izango da deseskalada? "Graduala, asimetrikoa eta koordinatua", esanez hasi da. Jarduera eta mugikortasun soziala fase ezberdinetan banatu dituzte. "Probintziak izango dira unitateak, eta probintzien artean ezingo da mugitu". Hau da, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, lurralde bakoitzaren barruan mugitzeko baimena egongo da, baina ezingo da batetik bestera ibili.

Lurralde bakoitza "normaltasun berrira heltzen denean" emango dute batetik bestera mugitzeko aukera.

Lau fase banatu ditu Espainiako Gobernuak:

Zero fasea, maiatzaren 4tik aurrera: Trantsizioaren prestaketa, gaur egungo egoera. Haurrak atera ahal izatea erabaki berri zuten eta maiatzaren 2an herritarrak atera ahal izango dira jarduera fisikoa egiteko, eta zenbait jarduera ekonomiko ere baimenduko dituzte: jatetxe edo tabernak lan egin ahal izango dute jendeari jana emanez etxera eramateko. Horren ostean hiru fase bereizi ditu Espainiako Gobernuak eta hasiera batean fase bakoitza bi astekoa izango da gutxienez, lurralde bakoitzean:

Lehen fasea, hasiera batean maiatzaren 11tik aurrera: zenbait jarduera abiatzea baimenduko dute, adibidez, komertzio txikiak. Zentro komertzialak ezingo dira ireki. Terrazak edo ostalaritzan, hotel edo alojamentu turistikoak irekitzeko baimena emango dute, espazio komunak salbuespen hartuta. Lokalak irekitzean ordutegien mugak egongo dira. Otoitzerako guneak ireki ahal izango dira aforoa neurtuta. Garraio publikoan maskarila "bereziki gomendua" izango da.

Bigarren fasea, hasiera batean bi astera: lortuz gero jarritako helburuak, ostalaritzako lokal barruetan irekitzeko baimena emango zaie, %30eko aforoarekin. Ikasturtea irailean hasiko da. Ehiza eta arrantza baimenduko dituzte, zinema eta antzokiak ere irekiko dira %30eko aforoarekin, eserlekuak aurrez finkatuta; 50 pertsonatik beherako ekitaldi kulturalak eta aire librekoak baimenduko dituzte 400etik behera, beti ere eserita bada.

Hirugarren fasea, hasiera batean bi astera: Hau izango da fase aurreratua. Lokal komertzialak aforoaren erdiarekin eta pertsonen arteko bi metroko espazioa errespetatu beharko da. Mugikortasun neurriak malgutuko dituzte. Hondartzak fase honetan irekiko dituzte.

Bi astean behin azterketa

Espainiako Osasun Ministerioak zehaztuko ditu baldintzak eta egunotan jakinaraziko dituzte. Bi astean behin neurtuko dute lurralde bakoitzaren ebaluazioa eta erabakiko dute ea probintzia bakoitza hurrengo fasera pasako den. Bi aste luzatuko da fase bakoitza eta ekain amaierarako "normaltasun berria" izan nahi du Sanchezek.

Hurrengo maiatzaren 4an lehen fasean sartuko dira lurralde guztiak. Kanariar Uharteetako eta Balear Uharteetako irla batzuk aurretik joango dira. Irteerak ordenatzeko zenbait ordutegi banatzea ikertzen ari direla adierazi du, Nacio Digitaleko kazetari baten galderari erantzunez. 

Krisi hau ez dutela betikoek ordainduko adierazi izan duela gogorarazi dio kazetari batek eta ea hori zertan zehaztuko den galdetu dio. Sanchezek esan du lehendik ere zenbait zerga berri prestatzen ari zirela, baina galderari iskin egin dio.

Hildakoak izan ditu gogoan bere lehen hitzetan. "Gizarte bezala zor bikoitza dugu beraiekin", adierazi du. Neurri hauek zehazteko orduan, beste zenbait herrialdetako esperientziak kontutan hartu dituztela esan du.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Covid-19 shockean adi kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude