Paris-Ivryko erraustegi erraldoi berriari bidea ixteko sinadura eta diru bilketan ari dira

  • Agintarien baimen guztiak eman eta lanak abiatzeko puntuan egon arren, Paris-Ivryko  erraustegi erraldoiari bidea itxi nahi dioten herritarrek ez dituzte itxaropen guztiak galdu eta urgentziazko kanpainan abiatuta dadue: bi helegite sartu dituzten auzitegietan eta horiek sustatzeko sinadura eta diru bilketan ari dira. 10.000 euro kasik batuak dituzte abokatu gastuak ordaintzeko.


2019ko apirilaren 2an - 10:15
Paris-Ivryko erraustegi erraldoia bere bi tximinietatik kea dariola.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Energia nuklearrean eta erraustegietan Europako txapeldunetakoa den Frantzian Paris-Ivryko erraustegi berriaren inguruan ari da gertatzen aspaldiko borrokarik nabarmenena, ARGIAk urteotan kontatua duenez. Honela laburbiltzen da gatazka. Paris hiriburua barne 84 udalerritako ia 6 milioi jende biltzen duen SYTCOM herri elkargoak sortzen dituen 1,8 milioi tona zabor kudeatzeko horietatik gehienak hiru erraustegi erraldoitan kiskaltzen ditu: Issy-les-Moulineaux, Saint-Ouen eta d’Ivry-sur-Seine. 

Elkargoak Ivryn (Paris-XIII) daukan erraustegia -1969an eraiki eta eraldaketa bat baino gehiago eduki dituena- urtean 700.000 tona errez Europako handiena da eta adinagatik ixteko garaia iritsi zaionean, agintariek haren lekuan mega-errauskailu berri handiago bat eraiki nahi dute, berreraikitze planetan sartuz bi TMB eta zabortegi gehiago ere, denetara 2.000 milioi euro kosta behar duena plana.

Errausketaren eraginak aski sufrituak dituzten inguruko herritarrak eta gizarte mugimenduak aspalditik ari dira horren kontrako lanean, erresistentziaren muina Collectif 3R taldea dela eta azken urteotan laguntzera etorririk Zero Waste France koordinadora berria. Denen artean Zero Zabor ildoan antolatutako Plan B’OM alternatiboz erantzun diote erraustegi proiektuari.

Herritarren protesta Paris-Ivryko erraustegiaren atarian. (Argazkia: Collectif 3R)

"Ivry-Paris XIIIko erraustegiaren berreraikitzea –diote beren azken agirian– mahai gainan dago 2000. urteaz geroztik eta zaharkituta dago kontutan hartzen baditugi bai Frantziako eta bai Europako lege berriak, 2015ko Trantsizio Energetikorako legea, 2008an sortu eta 2018an aldatutako Europako araudia, horiek agintariei ezartzen baitizkiete helburuak bai hondakin organikoaren bilketaz, berrerabilpenaz eta hiri hondakinen %65ko birziklatzeaz".

Diru bilketari ekin diote Helloasso plataforman auzitegian aurkeztu dituzten bi helegiteen kudeaketa gastuetarako 10.000 euro lortzeko eta apirilaren 2a artean –kanpaina bukatzeko 29 egunen faltan– horien %73 lortuta zeukaten. Ingurumen gatazketan ari diren hainbat herri mugimenduren ordezkari aritu da Louis Cofflard abokatuak, hiri plangintza gaietan berezitua, ordezkatzen ditu Collectif 3R eta Zero Waste France Parisko auzitegietan.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errausketa
Eguneraketa berriak daude