Bartzelonako erraustegiari fiskaltzak salaketa sartu dio, ingurumen araudia urratzeagatik

  • 2018an Airenet plataformako herritarrek auzitegian jakinarazi zituzten Bartzelona eta inguruko metropoliko hondakinak erretzen dituen Sant Adriá de Besòseko erraustegiak legea urratzen duela behin eta berriro. Horren ikerketaren haritik tiraka, orain fiskaltzak salatu ditu Tirsa enpresa publikoaren buruak, ingurumen arauak ez betetzeagatik.


2022ko apirilaren 20an - 12:42
Bartzelona metropoliko errauste planta, Sant Adrià de Besòs udalerrian.

Badalonako auzitegian aurkeztu duen idatzian, fiskaltzak salatu du Bartzelona metropoliko erraustegiak erabiltzen dituela “ingurumen arauak urratzen dituzten jokabideak”, hauekin “arrisku larrian jarri dutela erraustegi inguruetan bizi diren herritarren osasuna” eta horien erantzule egiten ditu Tersa enpresa publikoko lehendakaria den Eloi Badia, Bartzelonako Udalean Larrialdi Klimatikoen zinegotzia ere badena eta enpresaren kudeaketa arduraduna, La Vanguardia egunkariak FRG siglekin identifikatu duena.

Lege urraketa nagusia legoke hondakinak erretzeko tenperaturan. Europako zuzentarauak derrigortzen du labeetan sartutako zabor guztiek gutxienez bi segundotan jasatea 850 ºC-ko tenperatura, hori jotzen delako dioxinak desegiteko beharrezko neurria, eta errauste planten arduradunek hori egiaztatu behar dutela labe barruan ipinitako neurgailuen bidez. Hori ez dute betetzen, fiskalaren arabera, eta horren ordainez Generalitatearen Ingurumen Kalitate zuzendaritzari tenperatura egiaztatzen diote algoritmo bidezko kalkulu eta formulen bidez.

La Vanguardia-k fiskaltzaren dokumentazioan ikusi ahal izan duenez, ikerketak arakatu ditu 2015etik 2019ra arte erraustegiko arduradunek aurkeztutako dokumentazioak eta horietatik ondorioztatu du “sarritan labeetako tenperatura ez dela iristen 850 ºC horietara, ez dutela bermatu araudiak eskatzen duen tenperatura maila eta honek arrisku larria eragin duela”. Antza denez, erraustegiko arduradunei aurkitutako 2011ko barne komunikazio batek iradokitzen du 850 ºC-etaraino ez zirela iristen horretarako erre beharreko gas naturalaren kostua aurrezteko.

Generalitateak, beti fiskalaren arabera, 2018an enpresari eskatu zion laguntzazko erretzaile batzuk erabiltzeko labeetan tenperatura 850 ºC-en azpitik geratzen zen aldi orotan eta Generalitateari bidali beharreko dokumentazioa hobeto osatzeko, baina Tersako arduradunek ez dute egin.

Lege urraketa gehiago aipatzen ditu fiskaltzak bere txostenean. Legeak 2007tik erraustegia derrigortzen du zenbait kutsagarri berezi (NO2 oxido nitrosoa, CO karbonoa, SO2 sufre dioxidoa…) jarraian monitorizatzera, baina horien emaitzarik ez da aurkitu ikerketan.

Airenet elkarteak urteak daramatza salatzen Kataluniako errauste planta handiena den Sant Adrià de Besòsekoan gertatzen ari dena eta azkenean badirudi fiskaltzak urratsak eman dituela auzitegietatik gaia ikertzeko. Aipatu irregulartasunez gain, Airenet elkarteak salatua du Tersa erraustegiko arduradunek sistematikoki iruzur egiten ziotela ingurumen arautegiari. Adibidetzat aipatu dute 2018an gertatutakoa: urte hartan erraustegiaren isurien kontrola egiten ari zirela eta, labeetako tenperatura benetan 850 ºC-etara iristeko gas natural asko erre behar izan zuten –geroago urteko kontsumoen estatistiketan azaldu zen bezala– baina behaketa zorrotzagoa pasatu zenean, ohiko moduan funtzionatzera itzuli ziren.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errausketa
2023-09-08 | ARGIA
Errausketaren aurkako giza katea antolatu dute Kontxako estropaden egunean

Gipuzkoako hondakinen kudeaketak okerrera egiten jarraitzen duela salatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Donostiako erraustegiak kutsadura areagotu eta gaikako bilketa beheragotu duela azaldu dute, eta herrialdean aurreikusten diren proiektu berriek bide hori sakonduko... [+]


2023-08-04 | Ilargi Manzanares
GHK-k onartu du aurrez tratatu gabeko hondakinak errausten aritu dela 42 egunez

“Behin-behinean” egin dutela adierazi dute, “mantentze-lanen" ondorioz. “Ingurumen eskaera guztiak” bete dituztela ere esan dute, eta araurik ez dutela apurtu.


2023-05-28 | Zero Zabor
Agur, Iñaki Usabiaga

Gipuzkoan Zubietako erraustegiaren kontrako mobilizazioetan parte hartu duten askok horietan ezagutuko zuten Iñaki, bere 80 urte paseekin aktibista beteranoena. Argazkian ageri da militante gazte batekin solasean erraustegiraino mendiz egindako martxan, 2018an.


2023-04-24 | Zero Zabor
Paris hiriburuko oilategietako arrautzak ez jatea gomendatu dute agintariek, dioxina, furano eta PCBz kutsatuta daudelako

Ile-de-France (Paris hiriburua eta inguruko metropoli osoa) eskualdeko Osasun Agintaritzak herritarrei gomendatu die beren etxeetako oilategi txikietako arrautzarik ez jatea: aginte publikoak enkargatutako azterketa batek berretsi du aurretik ToxicoWatch fundazioak beste ikerlan... [+]


2023-02-27 | Zero Zabor
PFAS toxikoak kontrolik gabe hedatzen ari direla eta, Europako Batzordeak horien arautzeari ekin dio

Europako zenbait hedabide handik sustatutako ikerlan batek argitu du PFAS kutsagarriak milaka puntu beltzetan hedatuta daudela kontinente osoan. Oinezko herritarrak aipatzen entzun ez dituen PFAS-ak (konposatu per- eta polifluoratuak, ingelesez ‘Per- and polyfluoroalkyl... [+]


Eguneraketa berriak daude