Pablo Gonzálezen espetxealdia hiru hilabetez luzatu du Poloniako Auzitegiak

  • Amnesty Internationalek Poloniako fiskal nagusiari idatzi dio Pablo González kazetari euskaldunaren espetxeratze baldintzei buruzko kezkak azaltzeko eta epaiketa baino lehen aske utzi dezaten eskatzeko. Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak kezka adierazi du ezarritako baldintzak "bereziki gogorrak" direlako.

Argazkia: ARGIA.

2023ko otsailaren 28an - 11:17

Pablo González Polonian atxilotu zuten duela urtebete, Ukrainako mugatik hamahiru kilometrora informazio lana egiten ari zela. Amnesty Internationalek isolamendu erregimeneko atxiloketa baldintzengatik kezka adierazi du berriro ere, eta aske uzteko eskatu du. Baina Poloniako Auzitegiak atxiloaldia 3 hilabetez luzatzea erabaki du. Beraz, gutxienez maiatzaren 24ra arte jarraituko du preso.

Mugarik Gabeko Kazetariak erakundearen arabera, baldintza "bereziki gogorrak" ezarri zaizkio, hala nola, esposak eramatea une oro bere gelaxkatik irtetean edo espetxeetako funtzionarioek egunean behin baino gehiagotan "biluztera eta oso erregistro zorrotzak" egitera behartzea. Astean behin bakarrik dutxatzeko aukera eman zaio.

Kazetaria isolamendu erregimenean dago 2022ko otsailaren 28tik, Poloniako eta Ukrainako mugatik kilometro gutxira antzeman zutenetik. Bertan Ukrainako gerrak eragindako errefuxiatu krisiaren berri ematen ari zen, eta Errusiarako espioitza jarduerak leporatu zizkioten.

Gaur egun, Gonzálezek abokatuarekin harreman erregularra izan dezakeen arren eta Espainiako kontsulak Polonian bisitatu duen arren, ez zuen ofiziozko abokatu-laguntza izan atxilotu eta hamasei egun arte. Aukera libreko abokaturik ere ez zuen izan bi hilabete igaro arte. Hala ere, oraindik ez zaio uzten familiarekin harreman zuzena izaten, ezta telefonoz edo bideo-deiz ere. Emaztearen bisita bakarra izan du, 2022ko azaroan.

Amnesty Internationalek esan du euskal kazetariaren senide eta abokatuekin harremanetan dagoela, eta beren esku jartzen dela akusatuaren giza eskubideak defendatzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Eguneraketa berriak daude