Indarkeria matxista bizi duen emakumea kaleratu dute etxetik

  • Azaroaren 25eko data zeraman Arrigorriagako emakume baten, haren alabaren eta biloben etxe kaleratze aginduak. Batu Elkarlaguntza Sareko kide da emakumea, eta sareak etxe kaleratzea gelditzeko deia egina zuen. Goizean goizetik herritar ugari elkartu da etxe-kaleratzea eragozteko eta Ertzaintzak horien aurka egin du. 12:00etan Etxebidek emakumeari mehatxu egin dio etxe kaleratzea geratuz gero, alternatibarik gabe geratuko zela. Egoera horren aurrean, emakumeak erabaki du etxeko giltzak entregatzea eta barruan erresistentzia egiten ari ziren pertsonek etxea utzi dute. Kaleratzea Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean deitzeak zeresana eman du, kaltetuak bizi duen egoeraren atzean indarkeria matxista baitago. Batuk salatu du etxe kaleratzea gauzatu dela Poliziaren, sistema judizialaren eta zerbitzu sozialen konplizitatearekin.


2021eko azaroaren 25ean - 06:52
Argazkia: @amaialekunberri
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Azaroaren 25eko data zeraman Batu Elkarlaguntza Sareko Joaquiren etxe kaleratze aginduak, eta kaleratzea gauzatu ez zedin, ostegunean Arrigorriagako Abusu auzoko Olatxu kaleko 3. zenbakira gerturatzeko deia egina zuen Batuk. Goizak argitu orduko erresistentzia abiatzeko asmoa zuten, eta hargatik, 08:30etarako jarri zuten hitzordua. Baina Ertzaintza ordu eta erdi lehenago joan da etxera, babesa ematekoa zen jende gehiena heltzear zela. Amaia Lekunberri ARGIAko kazetariak egin du jarraipena zuzenean bertatik:

Babesa ematera iritsitako lehen pertsonei oldartu egin zaie Ertzaintza, eta goizean zehar egon da bestelako tentsio unerik ere.

Poliziak hesitu egin du Olatxu kalea, protesta egitera hurbildutakoak Joaquiren atarira hurbiltzea galaraziz. Hala bada, atarian gertatzen zena bertatik bertara jarraitu ezinik, distantziatik aritu dira bertaratutakoak Joaquiri eta haren etxebizitzan erresistentzia egiten ari zirenei adore eta babes mezuak helarazten. Oihukatutako aldarrien artean entzun ahal izan dira klase borrokarekin, borroka feministarekin, elkar babesarekin eta herri boterearekin lotutako hainbat mezu, besteak beste. Azaroaren 25a izanik indarkeria matxista pairatu duen emakume bat kaleratzeko hautatutako eguna, emakumeen aurkako indarkeriari errefusa oso presente egon da; "patriarkatua eta kapitala, aliantza kriminala" edota "Joaqui, nik sinisten dizut" mezuak sarri aireratu dira, eta une batez bertan ziren emakumeei dei egin zaie protestaren lehen lerroa hartzera.

Euria eta hotza tarteko, luze joan da goiza batzorde judizialaren zain, babesa eskaintzera hurbildutakoek umoreari eutsi dioten arren kanta eta lelo artean. Keinu esperantzagarriak ere egon dira tarteko; adibidez, sarrailagilea iritsi denean, planto egin du, adieraziz berak ez duela etxe kaleratzeetan parte hartzen.

Batuko kideen nahia batzordearekin negoziaketari bidea ematea zen, kide batek ARGIAri azaldu dionez. Jakinarazi dute Joaquirentzat alternatiba lortua zutela eta kale gorrian geratzeko arriskua ekidina zutela, baina hala ere negoziatu nahi zutela egungo etxebizitzaren usufruktu eskubidea Joaquiren eskuetara pasatzea. Grabazioan azalpena osorik:
 

Negoziaketarako abagunerik ez da izan ordea. 12:00ak aldera jakinarazi da Etxebidek Joaquiri "mehatxu" egin diola etxe kaleratzea eragotziz gero, alternatibarik gabe geratuko zela esanaz. Egoera horren aurrean, emakumeak giltzak entregatzeko "erabakia hartu" du.

Behin erabaki hori hartuta, etxe barruan erresistentzia egiten ari zirenak kalera irten dira, eta gertatutakoaz irakurketa egin dute. Etxe kaleratzea Poliziaren, sistema judizialaren eta zerbitzu sozialen konplizitatearekin gauzatu dela salatu dute, eta borrokan jarraitzeko deia luzatu diete bertara hurbildutako guztiei.

Batuk konplizetzat seinalatutako horiek seinalatu ditu hainbat herritarrek ere etxe kaleratzearen aurrean egindako adierazpenetan. Azpimarratu da puntu moreekin berdintasunaren alde agertu ohi diren berberak direla azaroaren 25 batez indarkeria matxista pairatzen duen emakume bat etxe kaleratu dutenak.

Sustraiak indarkeria matxistan dituen etxe-kaleratzea

Abusuko Auzo Elkartearekin batera, elkarlaguntza sareak denbora darama Joaquiren egoera sozializatzen eta salatzen. Berriki sare sozialen bidez zabaldu dute kaltetuaren testigantza jasotzen duen bideoa, eta bertan azaltzen da Joaquiren egungo egoera, baita puntu horretara zerk eraman duen ere.

 

Joaquik 63 urte ditu, eta 78an ezkondu zen. Hasierako urteen ondotik gauzak okertzen hasita, senar ohiak zituen "kontsumo eta delituzko jarreren" aurrean etxebizitza segurtatu asmoz, akordio notarial bat sinatu zuen bikoteak 97an. Joaquik azaldu duenez, bikotekide zuenak konbentzitu zuen horretarako. Akordioaren bidez eta gizonari "dirutza" ordainduta, Joaqui etxebizitzaren jabe bilakatu zen eta senar oiha etxearen usufruktu eskubidearekin geratu zen.

Batutik azpimarratu dutenez, "akordio hori guztiz bidegabea da, botere-harreman baten baitan eta ezjakintasun baldintzetan sinatutako akordioa baita". Izan ere, ezkon-bizitzak aurrera egin ahala, gizona tratu txarrak ematen hasi zitzaion, harik eta 2008an egoeraren aurrean planto egin eta etxetik ihes egin zuen arte, orduko hartan oraindik adin txikikoa zen alabarekin. "Ihes egin nuen arratsalde hartan, senarra nire bila ibili zen auzotik, laban handi bat gainean zeramala. Hortxe ulertu nuen egoera hura salatu behar nuela", azaldu du. Genero indarkeria leporatu zioten gizonari, eta bizkartzainekin bizi izan zen bi urtez Joaqui. Alabaina, behin genero indarkeria delitua preskribatuta, gizonak etxebizitzaren usufruktu eskubidea erabili du emakumearen aurka, Joaqui etxe kaleratu asmoz salaketa jarri baitu. Epaileak gizonaren alde egin du, eta etxe kaleratzea agindu azaroaren 25erako.

Etxe kaleratzea, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean

Etxe kaleratzearen datak Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egin izanak sinbolismoz janzten du egoera, emakumeen aurkako indarkeriaren hainbat ertz eta horien arteko elkargurutzaketa ageriko egiten baititu. Izan ere, bikote-harremanean pairatutako indarkeria matxistatik bizirik ateratzea lortu duen emakumea da Joaqui, baina gaur gaurkoz, segitzen du indarkeria matxista pairatzen: senar-ohiak bera etxe kaleratzeko temati dihardu, eta epaia ematerakoan justiziak ez ditu kontutan hartu gizonak emakumeari emandako tratu txarrak.

Zentzu horretan, Batuk ondoko irakurketa egin zuen: "Hainbeste urte igaro direnez, legeari begira, genero-indarkeriaren delitua preskribatu egin da. Alegia, Joaquiren senar ohia ez da tratu txar emaletzat hartzen, eta biktima, itxuraz, salbu dago. Legeak gertaera hori horren ausart eta injustuki alde batera uzten duen arren, Joaquik mehatxuak jasotzen jarraitzen du eta bere bizitza arriskuan dago".

Hori guztia kontutan izanik, Bilboko AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak publiko egindako oharrean hala adierazi zuen: "Joaquiren etxea Euskal Herriko emakume langileon lubakia izango da datorren azaroaren 25ean" . Hala izan da.

Egoera ezagutzera ematearren, berriz erasotua

Are, pairatzen ari den indarkeria areagotu egin da kasua jendartera zabaldu ahala. Azaroaren 19an asanblada deitu zuten Abusun, auzokideei kasua ezagutzera eman eta egoera zein den azaldu asmoz, eta Batuk asteartean salatu zuenez, biharamunean bere aurkako pintaketan aurkitu zituen Joaquik. Postontzian bere izena ezabatu zuen norbaitek, eta alboan ondokoa idatzi: “Gaiztoa, gezurtia eta txibatoa izateagatik”. Erasoaren aurrean Poliziak agertutako jarrera gaitzetsi du elkarlaguntza sareak, gertakaria salatzeko biderik ez dela erantzun baitiete. “Eztabaidagarria eta paradoxikoa da oso, bi urtez bizkartzain gisa jardun zuten horiexek une hauetan bizkarra ematea, gure kidea babesgabe utziz”.

"Norbaitek bere egoera publikoki salatu eta ahotsa altxatzen duenean, eta arazoa auzokideekin zein elkarlaguntza sareekin elkarbanatzen duenean, isilarazi nahi dituzten indarrak altxatu egiten dira”, egin du irakurketa Batuk. Argi utzi nahi izan dute borroka horretan Joaqui ez dagoela bakarrik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxegabetzeak
Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


Desokupacyl enpresa Donostian dagoela ohartarazi dute

Desokupacyl desokupazio taldeak bideo bat argitaratu zuen atzo sare sozialetan, Luis Nuñez Mané burua eta beste hiru kide Donostian zeudela esanez. Bideoa, Kontxan grabatuta dago, eta “okupatutako” etxeak erostera bultzatzen du bertan Manék:... [+]


2025-06-11 | ARGIA
Pasa den astean geldiarazi zen etxegabetzea gauzatu du Poliziak Iruñean

Iruñeko Alde Zaharrean, San Lorenzo kalean, pasa den astean bertan behera utzi zuen etxegabetzea Espainiako Poliziak, hura galaraztera bertaratu baitziren ehun bat herritar. Asteazken honetan, lehen orduan, Polizia eta Iruñeko Udaleko gizarte zerbitzuak heldu dira... [+]


Bi eta hiru urteko haurrak dituen familia bat etxegabetu dute Bilbon, indarrez

Poliziak kalea moztu du goizean, eta lagun ugari gerturatu dira Bilboko Zurbaranbarri auzora etxea defendatzera. Indarrez sartu da Ertzaintza, eta azkenean gauzatu dute etxegabetzea. Mobilizazioa deitu dute 19:00etarako.


Iruñeko Alde Zaharreko etxegabetzea geldiaraztea lortu dute

San Lorenzo kalean 57 urteko emakume bat –Ana Belen– etxegabetzeko agindua zegoen asteazken goizerako. Hori eragozteko, etxearen atarian 07:30etik aurrera bilkura deituta zuen Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Azkenean ez da etxegabetzea gauzatu.


Foruzaingoak familia bat etxegabetu du Antsoainen, eta hori galaraztera joan direnen aurka oldartu da

10:00etan etxegabetzea gauzatzeko agindua zuen Poliziak, baina lehenago bertaratu dira sei patruila emakumearen etxera eta inguruko kale guztiak moztu dituzte. Haritu Elkarlaguntzako Sareak eginiko deiari erantzunez, dozenaka lagun elkartu dira etxearen aurrean etxegabetzea... [+]


Euskal herritar bat epaituko dute bete hogei pertsonarekin batera 2021ean Bartzelonan etxegabetze bat geldiarazten saiatzeagatik

Maiatzak 8an abiatu eta ekainaren 3ra arte luzatuko da epaiketa. Guztira 35 espetxe urteko eta 200.000 euroko zigorra eskatu ditu fiskalak auzipetuentzako.


Etxegabetzeetara ohitu zaitezke, baina egon, badaude

Ez da gauza berria politikari profesionalak gizarteko arazoak estaltzeko ahaleginetan ibiltzea. Azkenaldian Denis Itxaso -EAEko Etxebizitza sailburua- entzun dugu etxegabetzeei garrantzia kenduz eta aditzera emanez gurean bazterreko fenomenoa direla; eta Begoña Alfaro... [+]


Azora putre funtsak familia bat kaleratuko du Donostian

Azora putre funts alokairua igo eta mantentze lanak alde batera utzi ditu, Isaac Lagos eta bere familia etxebizitza uztera behartuz. Kaleratzearen aldeko epai bat jaso berri du maizterrak.


Desokupazio-enpresa baten presioak eta mehatxuak salatu dituzte, Astrabuduko familia bat etxetik botatzeko

Etxera itzuli ahal izan diren arren, joan den azaroan kaleratu zuten Astrabuduko familia berriz ere arriskuan dago. Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuak salatu du mailegu-enpresa berriz ere saiatzen ari dela kanporatzea gauzatzen, oraingoan, desokupazio-enpresa bat... [+]


2025-02-12 | Jesús Rodríguez
Etxegabetzeen aurrean, irabazteko antolatu

Azken egunak garrantzi handikoak izan dira Bartzelonan, etxebizitzaren aldeko mugimenduarentzat eta espekulatzaileen aurkako borrokarentzat. Urtarrilaren 28an, polizia-armada batek Raval auzoko Massana Zaharrari [zentro sozial okupatua] eraso egin zion goizaldean, aurrez abisatu... [+]


2025-02-04 | Gedar
Hilaren 21ean epaituko dituzte hiru lagun Gasteizen, etxegabetze bati aurre egiteagatik

Lau urte eta erdira arteko kartzela-zigorrak eta 25.000 eurorainoko isunak eskatzen dituzte auzipetuentzat. Duela lau urte, etxe-kaleratze bat gelditzen saiatu ziren Herrandarren kalean.


2025-02-03 | Gedar
Azaroan Astrabuduan desalojatutako etxea, berreskuratua

70 urteko emakume bat eta bere biloba bota zituzten euren etxetik, baina hura bereganatu dute berriz. Etxea defendatzeko konpromisoa azaldu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.


2025-01-30 | Julene Flamarique
“Irabazi egin dugu”: Burlatako etxegabetzea gelditu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Genero-indarkeriaren biktima den emakume bat eta haren bost seme-alabak, horietatik hiru hemezortzi urte beherakoak, etxetik bota nahi izan dituzte ostegunean. Erabakia aurrera eramateko baldintzarik ez zegoela argudiatuta ez dute kaleratzea burutu, baina beste data bat... [+]


2025-01-24 | Julene Flamarique
Genero indarkeriaren biktima den emakume baten eta haren bost alaba-semeen etxegabetzea salatu dute Burlatan

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, gizarte-zerbitzuek ez dute bestelako aukerarik eskaini, kaltetuak eskaera bat baino gehiago egin badu ere. “Legearen, erasotzailearen eta erakundeen aurrean” emakume horrek pairatzen duen erabateko babesgabetasuna... [+]


Eguneraketa berriak daude