"Ospitaletik bota ninduten eta oinez joan behar izan nuen aterpe eske"

  • Duela bi aste, Gasteizen larrialdiko ebakuntza egin ostean kalean utzi zuten etxegabea elkarrizketatu du ARGIAk. Astez aste jakinarazten diote ea aterpea izango ote duen: bi asterako ostatua lortu berri du Omarrek, medikuak egindako txostenari esker. Auzoan Bizik salatu du egoera “egiturazkoa” dela, eta kalean dauden pertsonak egoera “larrian” daudela.

Erroldatuta ez daudenez Mohamedek eta Omarrek ez daukate Gizarte Segurantzako txartelik, eta zailtasun handiak dituzte osasun publikoan artatuak izateko.

2023ko martxoaren 03an - 07:05

Osasun publikoan artatuak izateko dituzten trabez eta zailtasunez mintzatu dira Mohamed eta Omar. Kalean bizi dira biak, eta Omarri duela bi aste ebakuntza larri bat egin zioten. Ebakuntza egin ostean sei asteko atsedena hartzeko esan zion medikuak. Atseden hartzeko lekurik ez zuenez, Auzoan Bizi etxebizitza sarearen laguntzaz astero aste baterako aterpea lortzen du. Oraingoan beste bi asterako aterpea lortu du. Omar asmatutako izen bat da, administrazioarekin arazoak izatearen beldur delako.

Kalean bizi direnez, Mohamed eta Omar ez daude erroldatuta, eta Mohamedek nabarmendu du “oinarrizko eskubideak” izateko Gasteizen bizi diren pertsona guztiak erroldatzea erraztea beharrezkoa dela. Bat egin du horrekin Maialen Martinezek, Auzoan Biziko kideak: “Erroldatzea eskubide bat izateaz gain betebehar bat da. Gainerako eskubideak lortzeko sarbidea da”.

Erroldatuta ez daudenez Mohamedek eta Omarrek ez daukate Gizarte Segurantzako txartelik, eta zailtasun handiak dituzte osasun publikoan artatuak izateko. “Ez baduzu NANa edo pasaportea ezin zara osasun etxera sartu, eta lortuz gero ez baduzu txartela 80 euro ordaindu behar dituzu. Egoera larria bada larrialdietan artatzen gaituzte”, azaldu du Omarrek. Horregatik, osasun arazoa izan zuenean larrialdietara jo zuen.

Horrez gain, Gizarte Segurantzarik gabe sendagaiak erostea zaila dela kontatu du: “Artatu ninduen medikuari esan nion ez nuela dirurik sendagaiak ordaintzeko, eta ospitalean bertan eman zizkidan. Horrez gain, medikuak txosten bat egin zion azalduz osatzeko beharrezkoa zela sei asteko atsedena hartzea. “Medikuak ez zion soilik ebakuntzari erreparatu, kale egoeran dagoela ere hartu zuen kontuan”, esan du Martinezek.

Ebakuntza egin ostean, ospitalean dagoen gizarte zerbitzuetara jo zuten, baina ez zietenez aukerarik eman, Gasteizko gizarte larrialdi zerbitzuetara jo zuten. “Ospitaletik bota ninduten eta oinez joan behar izan nuen aterpe eske, jakin gabe emango ote zidaten”, salatu du Omarrek. Osasun publikotik ez zioten garraiorik bermatu.

“Zerotik gorako tenperaturak daudenean kalera bidaltzen gaituzte”

Astez aste jakinarazten diotenez berriz ere aterpea izanen duen, Martinezek nabarmendu du beharrezkoa dela Omarrentzat sendatzeko aterpea bermatzea astero eskatzera joan behar izan gabe. Gaineratu du egoera “egiturazkoa” dela, eta kale egoeran dauden pertsonak egoera “larrian” daudela: “Omar bezala beste asko kalean daude, eta hotzarekin arriskua handitu egiten da”.

Etxebizitzarik ez duten pertsonak artatzeko, Neguan Ostatua emateko Bitartekoa (DAI) zegoen Gasteizen, baina 2019. urtetik ez dago martxan. Auzoan Biziko kideek berriz martxan jartzeko eskatu dute. Mohamedek gertutik kontatu du nolakoa den aterpearen funtzionamendua: “Zerotik gorako tenperaturak daudenean kalera bidaltzen gaituzte”.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxebizitza eskubidea
Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


2024-04-09 | Euskal Irratiak
Iñaki Etxeleku: "Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba"

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.


2024-04-05 | Uriola.eus
Alokairuen laguntzak eskuratzeko baldintzak gogortu direla salatu du Berri-Otxoak plataformak

Lanbideren Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta gizarte-zerbitzuen Larrieldietarako Laguntzak desagerrarazi ditu Etxebizitzaren Lege berria garatu duen Dekretuak.


2024-04-04 | Gedar
La Caixak hiru familia etxegabetu nahi ditu Bilbon

Babes Ofizialeko Etxebizitzetan bizi dira familiak, eta La Caixak ez dizkie alokairu-kontratuak berritu nahi. Bilboko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, bizilagunak kaleratuz, "alokairu sozialetatik aberasten da" banketxea. "Etxegabetzeak berehala eta... [+]


Eguneraketa berriak daude