“Oso gogorra da bizitzaren zain egon eta heriotzarekin topo egitea”

  • Aintzane Oiarzabalek (Laudio, 1983) Unax semea galdu zuen haurdunaldian. Isilean eraman zuen dolua hasieran. Izan ere gai tabua da oraindik dolu perinatala. Esku Hutsik elkartetik ari da egoera berdina jasan duten emakumeak laguntzen.

Argazkia: Aiaraldea

2021eko abenduaren 24an - 08:54
Azken eguneraketa: 09:58
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zer da dolu perinatala?

Haurdunaldian zehar edo jaio eta gutxira hil diren seme-alaben doluari deritzo dolu perinatala.

Zuk zure larrutan bizi duzu hau.

Bai, hala da. 2016ko urtarrilean haurdun geratu nintzen lehendabiziko aldiz. Oso haurdunaldi ona izan zen, kontrol guztiak ondo pasa nituen, baina haurdunaldia bukatzeko egun gutxi falta zirenean nire semea sentitzeari utzi nion. Zerbaitek klak egin zuen nire buruan, eta Basurtoko ospitaleko larrialdietara jo nuen. Bertan dena ondo zegoela esan zidaten, baina ni tematu nintzaien; zerbait ez zegoen ondo. Ez larritzeko esan zidaten, nire lehenengo aldia zenez gehiegi ari nintzela larritzen. Infantilizatu egin ninduten erabat, eta etxera bueltatzeko esan zidaten. Tratua ez zen batere ona izan.

Gau hura negarrez pasa nuen, nik ez nuen nire semea sentitzen, eta argi neukan hori ez zela normala. Ospitalera bueltatu nintzen. Nire semearen bihotz-taupada bilatzen hasi ziren baina ez zuten aurkitu. Ekografia bat egin zidaten, Unax hilda zegoen.

Oso prozesu gogorra hasi nuen orduan. Oihuka eta negarrez hasi nintzen, eta gela batera sartu ninduten. Bertan itxaron behar izan nuen amatasun-plantara joan aurretik. Izugarria izan zen, ez dut une hori inoiz ahaztuko. Gau hartan jaio ziren haur guztien negarrak entzuten nituen.

“Epiduralik gabe erditzea eskatu nien; hainbestekoa zen neukan min emozionala... Min fisikoak samin hori estaltzea nahi nuen”

Emagin bat etorri zen. Ni ikaratuta nengoen, ez nekien zer zen egin behar nuena. Semea erditu behar nuela esan zidaten, erditzea eragingo zidatela. Esan zidaten erditze baginala zela nire osasunerako egokiena. Epiduralik gabe erditzea eskatu nien; hainbestekoa zen neukan min emozionala... Min fisikoak samin hori estaltzea nahi nuen. Esan zidaten hori ergelkeria bat zela, ez nuela zertan alferrik sufritu. Akonpainamendua hutsaren hurrengoa izan zen.

Unax erditu nuen. Hasieran ez nuen semea ikusi nahi, baina ikusi egin nuen, eta asko pozten naiz erabakiaz, Unax agurtzeko aukera izan genuelako.

“Nire alabak badaki hil egin zen neba nagusiago bat duela,  barneratuta dauka arreba ertaina dela. Naturaltasun osoz hartu ulertu du egoera. Haurrek egunero ematen dizkigute lezioak”

Akonpainamendua txarra izan zela diozu. Ez dago horrelako egoeretan aplikatzeko protokolorik?

Ez dago, ez. Ez Osakidetzan, ezta ospitale pribatuetan ere ez. Ez dago protokolorik. Basurton, Gurutzetan, Txagorritxun zein IMQ ospitalean erditu duten amekin hitz egin dut, eta bakoitzak arreta zeharo desberdina jaso du.

Gasteizen Leire Ordax dago emagin lanetan. Berak ere semea galdu zuen, eta 'La huella de Mikel' liburua idatzi zuen. Bertan gauzak beste modu batean egiten dira, tratu gizatiarragoa da. Baina, hala eta guztiz ere, ez dago egoerari erantzuteko modu bateraturik.

Formazioa falta da ospitaletean. Nik egoerari erantzuteko prest zegoen eta uneoro akonpainamendua egingo zukeen emagin bat behar nuen nire ondoan, epiduralik gabe erditu nahiko banu horretan lagunduko ninduena. Arreta psikologikoa ere ez da eskaintzen. Nire kasuan  neska gaixo bat bertaratu zen nigana -nik uste praktiketan zegoela gizajoa-, zer esan ere ez zekiela, eta berdin berdin alde egin zuen.

Osasun sisteman ez ezik, gizartean ere isilarazita dago gaia?

Jendeak une oro zure mina minimizatu egiten du. Egoera honetatik pasa garen eta pasatzen ari garen emakumeok, hori da hain zuzen gehien mintzen gaituena: gure samina infantilizatzea. Unax erditu berritan oso komentario mingarriak jasan behar izan nituen: “Lasai egon gaztea zara izango dituzu seme-alaba gehiago”; “Hobe horrela semea gaizki atera izana baino”;  “Auzokideak minbizia dauka eta hor dago ere”... Ukatu egiten da mina, existituko ez balitz bezala.

Tabua da, eta ez bakarrik erditzerakoan edo jaio eta hilabetera hil diren haurren kasuan. Haurdunaldiaren lehenengo hiruhileoan gertatutako abortuak ere isilarazi egiten dira. Nire etxean beti entzun dut; “hamabigarren astea igaro arte ez ezazu kontatu”. Zergatik ez? Seme-alaba galtzen badut bakarrik egin behar diot negar gero? Kontatu beharra dago: “Haurdun nengoen, zoriontsua nintzen eta ez da ondo atera”, listo. Isildutako errealitatea da, ordea.

“Esku Hutsik elkartean aurkitu dut bilatzen nuena: aurreiritzirik gabe nire egoeraz hitz egiteko toki seguru bat”

Familien barruan nola lantzen da gaia?

Nire etxean, esaterako, apenas aipatzen da Unax. Nire familiak uste du mindu egingo nautela semea aipatzen badidate. Kontrara, nik behar dut Unaxen inguruan hitz egitea; zoriontsu egiten nau, nire semea da eta existitu egin zen. Hil egin zen, bai, baina niretzat inportantea da, eta gure etxean leku bat izatea nahi dut. Gehienetan, ordea, iragandako kontutzat jotzen da. Nire alabak badaki hil egin zen neba nagusiago bat duela,  eta familian leku bat duela. Berak barneratuta dauka arreba ertaina dela. Berak naturaltasun osoz hartu du egoera, haurrek egunero ematen dizkigute lezioak.  

Zuk nola egin zenion aurre Unaxen heriotzari?

Oso bakarrik eta isolatuta nengoen hasieran. Unax galdu eta gutxira nire bigarren alaba izan nuen. Haurdunaldi zaila izan zen bigarren hori. Beldur asko pasatu nuen. Ez nuen inolako akonpainamendurik jaso. Hori oso gauza inportantea da, baina ez da kontutan hartzen. Ez da existitzen. Nire alaba jaio ostean hirugarren haurdunaldi bat izan nuen eta abortu bat pairatu nuen. Une horretan guztiak egin zuen eztanda. Nik ordura arte Unaxen doluari ateak itxi nizkion, ez nuen igaro nahi izan. Nire bizitzarekin aurrera egin nuen, ikasi eta lan batera egiten nituen, burua ahalik eta okupatuen izan Unaxen heriotzak eragindako minari ez erreparatzeko. Abortu horrek barruan gordetako min guzti hori azaleratu zuen. Arespalditzako nire medikuak asko lagundu ninduen, eta laguntza talde bat aurkeztu zidan. Nik, ordea, ez nuen behar nuen hori aurkitzen. Psikiatra eta psikologo asko ezagutu nituen, medikamentuak errezetatu zizkidaten, baina nik ez nuen hori bilatzen.

Duela hiru hilabete eskas 'Esku Hutsik' elkartearekin egin nuen topo, eta bizitza aldatu egin dit. Bertan egoera berdinetik pasatu garen emakumeek eta familiak biltzen gara, elkarri akonpainamendua egiten diogu. Egoera antzekotik pasa diren pertsonak biltzeak asko laguntzen du. Nik 'Esku Hutsik' elkartean aurkitu dut bilatzen nuena: aurreiritzirik gabe nire egoeraz hitz egiteko toki seguru bat. Izan ere, sentitu izan ditudan gauza asko orain arte ez dizkiot nire bikoteari kontatu ere egin, oso sentimendu gogorrak direlako. Elkartean biltzen garen emakumeok elkar ulertzen dugu. Nire salbazioa izan dira.

 

Dolu perinatalaren gaia lantzen duen 'Esku Hutsik' elkarteko kidea da Aintzane Oiarzabal.  Argazkia: Aiaraldea.eus

Zer nolako ekintzak egiten dituzue 'Esku Hutsik' elkartean?

Elkartu eta hitz egin nagusiki. Hilabetean behin kafe tertulia bat egiten dugu, Eider Otxoa terapeutak gidatuta. Internet bidez egiten ditugu. Abenduaren 24an egingo dugu hurrengoa eta nahi duen orok parte hartu dezake. Espazio seguru bat sortzen dugu, eta nola sentitzen garen kontatzen diogu elkarri. Dolua ez da gauza lineal bat, egun batzuetan ondo zaude beste batzuetan lur jota. Orain Gabon-sasoian, esaterako, normala da tristeago sentitzea. Hori dela eta ekitaldi bat egingo dugu Derioko hilerrian jaio-berritan hildako haurren omenez jarritako eskulturan.

Sare sozialetan lan aktiboa egiten dugu. Gaiari ikusgarritasuna ematen diogu, eta horrek asko lagundu du elkartea ezagutzera ematerako orduan.

Dolu perinatala zer den aditzera emateko, bestelako ekintzak ere egiten ditugu. Osasun zentroekin egiten dugu lan elkartearen berri izan dezaten. Emagin askok gugana jotzen dute, horrelako egoeran dauden pertsonak nola lagundu jakin nahian.

Aiaraldean ekintzarik egitea aurreikusten duzue?

Nik gaia mugitzen hasi nahi dut. Alde batetik, egoera berdinean dauden eskualdeko emakumeak bildu nahi ditut, gure artean elkartu eta elkar babesteko.

Bestalde, 'oroimenaren zuhaitz' bat egitea planteatu nahi diot udalari, haurdunaldian seme-alabak galdu ditugun pertsonak bertara jo ahal izateko.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Heriotza
2025-06-11 | Nicolas Goñi
Duintasunez hiltzeko eskubidea baino lehen, duintasunez bizitzeko baldintzak zer?

Maiatzaren 27an Frantziako Estatuko Legebiltzarrak onartu zuen heriotzarako laguntza baimentzen duen legea. Askok aurrerapen humanistatzat jo arren, lege berri honek kezkak piztu ditu pertsona ezinduen eskubideen aldeko mugimenduetan. Gaur egungo gizarteak ez badizkie pertsona... [+]


2025-05-28 | ARGIA
Hiltzeko laguntza jasotzea baimentzen duen legea onartu du Frantziako Asanbleak

Eutanasia edo suizidio lagundua gisako hitzak nahita saihestuta, “hiltzeko laguntza aktiboa” baimentzen duen legea onartu du Frantziako Asanblea Nazionalak. Senatuaren oniritzia jasoz gero, 2027an sartuko litzateke indarrean legea, kasurik azkarrenean.


2025-05-14 | ARGIA
Pepe Mujica hil da

José Alberto Mujica, gerrillari tupamaro eta Uruguaiko presidente izandakoa, astearte honetan hil da, minbizi baten ondorioz. 89 urte zituen eta txakurrarekin batera bere etxebizitzan lurperatzeko argibideak utzi zituen. “Nire zikloa amaitu da”.


Bai, filosofatu dezagun heriotzaz

Zer nolako harremana dugu heriotzarekin? Zer nolakoa helduek, zer nolakoa haurrek? Adinean gora egin ahala nola aldatzen da heriotzarekiko dugun begirada? Eta nola hitz egin heriotzaz haurrekin?

Bai, gai tabua bada ere, hitz egin dezagun heriotzaz. Hirugarren saio honetan... [+]


Bizi testamentua: aurretiazko borondateen agiriaren gakoak

Soco Lizarraga mediku eta Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kidearen ustez bizi testamentuak heriotza duin bat eskaini eta familiari gauzak errazten dizkio.


Diskoteka bateko atezaina atxilotu dute Gasteizen, “zuhurtziagabekeriazko giza hilketa” egotzita

Gertakariak igande egunsentian suertatu dira 5:00ak aldera Gasteizeko Mitika diskotekan. Hildako pertsona 31 urteko gizon bat da, eta lurraren kontra buruarekin hartutako kolpe baten ondorioz hil da, antza atezainak kolpe bat eman ostean.


2025-01-19 | Urtzi Ugalde
Agur, amatxu

Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.

Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]


Erru sentimendua heriotza perinatalean

Haurdunaldiaren zazpigarren hilabetean hil zen Aduna, Amets Etxeberriaren alaba. Halakoetan, erru sentimendua da bizkar gainean emakume askok hartzen duen zama, dolua ere oztopatzen duena. Profesionalengandik jasotzen duzun tratua funtsezkoa dela dio Etxeberriak, horri aurre... [+]


2024-11-28 | Jon Torner Zabala
Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan, hil diren haurrak “bizipozetik” gogoratzeko

Hil Argi elkarteak antolatuta, Bizipoza egitasmoaren laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak, eskolako kideak eta, oro har, hil diren umeak "bizipozetik" gogoratu nahi dituzten herritar guztiak... [+]


2024-10-31 | Jon Torner Zabala
“Eskolak ezin dio heriotzaren gaiari bizkarra eman”

Iragan astean kontatu genizuen etorkizuneko hilerriaz gogoeta prozesua egin dutela Antzuolan, eta protagonista nagusietakoak umeak izan direla, Herri Eskolan heriotzaren bueltan 1980ko hamarkadaz geroztik egiten ari diren lanketaren ildotik. Hain justu, “hainbat urtetan... [+]


2024-10-23 | Jon Torner Zabala
Antzuola
Nolakoa eta norentzat izan behar du 30 urte barruko hilerriak?

Galdera potolo horren bueltako gogoeta parte-hartzailea egin dute Antzuolan (Gipuzkoa), eta oraintsu aurkeztu dituzte saio irekietan parte hartu duten herritarren ekarpenak. Helburuak izan dira, batetik, heriotzaren inguruko beldurrak eta ezezagutza gainditu eta gaiaz ahalik eta... [+]


163 suizidio kode aktibatu dituzte Nafarroan, urteko lehen seihilekoan

204 lagunek beren buruaz beste egin zuten iaz Hego Euskal Herrian, datu ofizialen arabera. Suizidatzeko arriskua izan dezakeen jendearen jarraipenean jartzen dute indarra administrazioen protokoloek. Suizidioaz egoki informatzearen garrantzia ere azpimarratu dute, Suizidioa... [+]


Eguneraketa berriak daude