Osasuna eta askatasuna


2020ko abenduaren 09an - 08:32

Urrun dira koronabirusa aipatu eta irri egiten genuen garaiak. Gauza anitz aldatu dira urte hastapenetik, pandemiaren zabalpenak jadanik egonkortua zen krisi kapitalista azkartu duenetik. Gure osasuna estakuru gisa hartuz, neurri politiko autoritarioak aplikatu dituzte burgesiaren tresna diren estatuek, gure egunerokoa beharrezkoa zaien erritmora egokituz. Bigarren konfinamendu honen erabakia ikustea besterik ez da ulertzeko langileen osasuna bermatu beharrean, kapital handiaren jabeek nahiago izan dutela beren irabazien akumulazioa segurtatu, produkzioa segituz. Horretarako, esplotatzen duten langile klasea lanera joatea obligatzen dute, proletarioaren osasunari gaina hartzen baitio irabazi-tasaren egarriak.

Krisi garaiek gizartearen berregituratze sakonak ekartzen dituzte. Burgesiak lehen zuen akumulazio gaitasuna atxiki nahi du, eta hori gauzatzeko, beharrezkoa zaio lanaren gaineko esplotazioa azkartzea. Etxeratze agindua, konfinamenduak eta orokorrean, kontrol sozialerako beste neurri murrizgarriak ezin ditugu testuinguru honetatik kanpo ulertu eta borrokatu. Ofentsiba kapitalista honek nagusiki bi fenomeno ekarri ditu: pobretze orokorraren hedapena, eta askatasun zibil zein politikoen urraketa.

"Ofentsiba kapitalista honek nagusiki bi fenomeno ekarri ditu: pobretze orokorraren hedapena, eta askatasun zibil zein politikoen urraketa"

Pobretzeari dagokionez, klase ertainaren desartikulazioa krisi sanitarioa baino lehenago hasia zen, kapitalismoaren krisi orokorraren baitan. Bigarren gerla mundialaren ondotik ongizate estatuaren baitan lortu ziren eskubide eta erosotasun batzuk pixkanaka desegiten doaz —esaterako, erretreten erreformaren bidez, lorpen sozial hauetako batzuk ezabatu nahi lituzkete agintariek, langileen esplotazioa emendatuz eta haien bizi baldintza ezegonkortuz—. Horrela, masa zabal bat gehiago proletarizatzen da, ezin baitu lehen zuen bizi maila atxiki; eta bestea, aldiz, lehen zuen bizimodua mantendu nahian, ofentsiba burgesaren konplize egiten da. Adibidez, politika instituzionalari eskua luzatu diote klase ertaineko kide anitzek, langileon ongizatea bermatuko lukeen antolakuntza sustatu beharrean. Hots, krisi kapitalistak eta bere COVID-19aren testuinguruko aldaketek bi klase antagonikoen arteko arrakala sakontzea dakarte. Alde batetik, badira politikari profesionalak, kapital finantzarioak eta enpresari handiak, hots, mundua dominatzen duen ekoizpen eredu kapitalistaren gidariak. Bestetik, gehiengoa izanik ere, gutxi batzuen erabakiei men egin behar dien langile klasea. Dena den, pobretzearen fenomeno orokortu hau ez da esparru ekonomikora hedatzen bakarrik. Izan ere, pobretzeak baliabideen galera suposatzen duenez, langilea bizi hautu konkretu batzuen hartzera darama, askatasunetatik urrunduz eta subjektu mugatu bilakatuz. Finean, pobrezia eta askatasun eza txanpon bereko bi aurpegi dira.

Gainera, langileari bere gaitasun iraultzaile eta antolatzaile guziak kentzen dizkio burgesiak, bulta honetan hartu medioek askatasun politikoak urratzen baitituzte. Etxeratze aginduarekin edo konfinamenduen bidez, biltzeko askatasuna arrunt mugatu dute, eta horrek lan politikoa aitzinera eramateko aukera ezabatu du, antolakuntza proletarioaren gauzatzea oztopatuz. Politika egitea bera ekintza kriminal gisa saltzen digute erakunde publiko kapitalistetatik at antolatu nahi dugunoi, adierazpen zein biltzeko eskubideak noiznahi zapalduz. Honen adibide lirateke indar-polizialaren irudi eta bideoen hedatzea debekatzeko bidean den legea Frantziako Estatuaren mailan, kazetariei egin mehatxuak, eta mobilizazioetan gauzatu identifikazio edo kartzela kondenak.

Gure askatasun zibilak ere baztertuak dira momentu honetan: mugitzeko eskubidea murriztua da eta kontrol soziala handitua, ziurtagirien derrigortzea eta indar polizialaren etengabeko presentziarekin, izan bideetan zein mugan. Ostatuak eta “beharrezkoak ez” diren komertzioak hetsi dituzte, eta sozializatzeko genituen esparruak kendu, gure arteko distantzia soziala elikatuz. Argi da pandemiaren kontra egin behar dela, baina hartu dituzten neurriek osasuna babestu beharrean, langile klasea zapaltzen dute, gabezia fisiko eta psikologikoak sortuz. Adibidez, —Ipar Euskal Herriko datutik ukan ezean— Frantziako Estatuko depresioen kopurua doblatu da irailetik hona.

Egoera larri honetan ere, zilegi da denontzako osasuna eta oinarrizko askatasun zein eskubideen bermea aldarrikatzea. Osasuna jende guztiari zabaltzeak oinarrizko eskubide batzuen bermea suposatzen du, eta gure askatasunen defentsa irmoki aldarrikatzen segitu beharra dugu, inposatzen dizkiguten neurri eta legeetatik at, askatasun erreala proletalgoaren emantzipazioa delako. Bizi dugun burgesiaren diktadura gelditzea ezinbestekoa dugu, kapital akumulazioak ez dezan gure bizia kontrolatu, gure osasunaren, askatasunaren eta oinarrizko beharren gainetik. Horregatik, langile klasearen batzea utopia izatetik urrun, ekoizpen eredu kapitalista honek zapaldutako ororen eginkizun izan behar luke, proletalgoa subjektu politiko eta iraultzaile bezala gara dadin, klase antolakuntzari bidea irekiz.

 

*Elixabet Etxandi Goienetxe

Ipar Euskal Herriko GKSko kidea da

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude