Osakidetzako 3.000 langile “ikusezinak”: LABek EAEko osasungintza publikoko kontratuetan aurkitu duena

  • LAB sindikatuak Osakidetzako kontratazio irregularrei buruzko txostena aurkeztu du asteartean Gasteizen. Euskal Autonomia Erkidegoko osasun zerbitzu osoa aztertu ondoren, sindikatuak adierazi du “hil ala biziko” momentuan dagoela Osakidetza.


2019ko maiatzaren 22an - 10:36
LAB sindikatuak asteartean eman du Osakidetzako kontratazioen berri (argazkia: LAB).
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

“3.000 lanpostu ezkutatzen ditu Osakidetzak aldi-baterako kontratazioaren atzean, lanpostuok prekarizatuz. Kontratazio eredu honek lanpostuok ezkutuan mantentzeko baino ez du balio”, nabarmendu dute sindikatuko ordezkariek, txosteneko datu deigarrienetako bati buruz hitz egitean.

Izan ere, 3.000 lagun kontratu prekarioekin ari dira lanean beharrizan iraunkorrei erantzuten, LABek adierazi duenez. Urte osoko lanak dira, premia estrukturalak betetzen dituztenak, baina plaza finkorik gabe. “3.000 postu hauek desagerraraziko balira Osakidetzak ez duela estrukturan murrizketarik egin esan ahalko luke, plantilla estrukturala ez delako ukitu”.

Kopuru horri gehitu behar zaizkio plaza bakanteak eta erretiroa hartzen duten langileenak –urtean 1.000 pertsona, LABen arabera–. Eta batuketa hori eginda, sindikatuak ondorioztatu du 7.000 plazako Enplegu Eskaintza Publikoa beharrezkoa dela Osakidetzan, zerbitzuak funtzionatu ahal izateko. Urtero beste 1.000 plaza ateratzea ere premiazkotzat jo dute, aipatutako erretiro datuak aintzat hartuta.

“Kontratazio ereduak porrot egin du eta premiazkoa da eredu berri bat negoziatzea” LABen ustez. “Eredu horrek 3.000 plaza hauek aintzat hartu beharko ditu derrigorrez”.

Kezkatzeko moduko datuak

Egiturazkotzat jotzen ez diren 3.000 plaza horiez gain, LABen txostenak beste zenbait datu ere argitara atera ditu. Besteak beste, %35eko aldibaterakotasuna jasaten duela Osakidetzak.

Zenbakietara eramanda: 34.000-36.000 langile ari dira EAEko osasun zerbitzu publikoan, baina horietatik 21.500 bakarrik dira finkoak. 12.000 eta 14.000 artean, aldi baterako kontratuarekin ari dira, neurketa egiten den sasoiaren arabera. “Aldi baterako 12.000 langile hauetatik, 5.000 interinoak dira eta 5.000 eta 6.000 artean ordezkoak”.

Datu horiek kontuan izanda, LABek uste du osasun zerbitzu publikoak “itzaletik atera” behar dituela milaka postu, estrukturalizatuak izan daitezen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osakidetza
Eguneraketa berriak daude