Osakidetzak paperik gabekoak artatzearen kontrako helegitea aurkeztu du Espainiako Estatuaren abokatuak

  • EAEn paperik gabeko etorkinak osasun zerbitzuan hartzearen aurkako helegitea egin du Espainiako Estatuaren abokatuak. 2012ko irailean, Espainiako Gobernuak osasun arreta kendu zien. Eusko Jaurlaritzak, baina, dekretua aurkeztu, eta artatzen jarraitu du.


2013ko urriaren 29an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Mediku bat, etorkinak artatzen. (Arg: Munduko Medikuak) Mediku bat, etorkinak artatzen. (Arg: Munduko Medikuak)
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Neurri jakin batzuk betetzen dituzten paperik gabeko etorkinei ematen die EAEk osasun zerbitzua: batetik, Espainiako Exekutiboaren osasun erreformaren aurretik osasun txartela bazuten, ez die kendu; bestetik, osasun txartelik ez bazuten, EAEn urtebetez erroldatuta egotea exijitzen die, baita errenta jakin bat ere.

Baldintza horiek bete gabe ere, larrialdi zerbitzuetara jo dezakete. Horrez gain, badira ezaugarri horiek bete behar ez dituztenak: haurdun daudenak eta 18 urte azpikoak.

Espainiako Konstituzio Auzitegiak Estatuaren abokatuaren helegitea onartzen badu, Espainiako legearen arabera jokatuko du EAEko osasungintzak, eta ez ditu paperik gabekoak artatuko.

EAEko dekretua ere, polemika iturri

Eusko Jaurlaritzak garatutako dekretuak etorkinei osasun arreta hein batean eskaintzen badie ere, S.O.S Arrazakeria eta Munduko Medikuak taldeek salatu dute urtebeteko erroldatzea eskatzea. Diotenez, etorkin askok arazoak izaten dituzte etxea lortu eta erroldatu ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Batzordean, etorkinak artatzearen inguruko eztabaida egin berri dute. EH Bildu, PSE eta UPyD alderdiek doako osasun zerbitzuak defendatu, eta urtebeteko nahitaezko erroldatzea kentzeko eskatu dute.

Osasun Segurtatze eta Kontratazio zuzendari Iñaki Berraondok “ezinezkotzat” jo du baldintza kentzea. Dena den, paperik gabe dauden pertsona “gehienen” osasun arreta arautzen ari direla esan du. Haren hitzetan, EAEn etorkinen “gehiengoak” urtebeteko erroldatzea dauka, eta “700 bat lagun” geratzen dira osasun zerbitzurik gabe.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasunaren pribatizazioa
Eguneraketa berriak daude