Osakidetzak ohartarazi duenez, Ordiziako hainbat lagunek emaitza positiboa eman dute PCR frogetan. Sorburua Etxezarreta kaleko ostalaritza-gunean aurki daitekeela susmatzen dute, eta joan den larunbatetik inguru horretan egon diren pertsona guztiei udalerriko osasun zentrora hurbiltzeko deia luzatu diete, bertan hitzordua har dezaten.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, litekeena da Ordizian “lotura epidemiologiko bat egotea”. Izan ere, azken egunotan euren artean bestelako harremanik aitortu ez duten pertsonek “PCR frogetan positiboa eman dute”. Etxezarreta kaleko ostalaritza-gune batean kokatu dute lotura, hain zuzen ere.
Hori dela eta, ekainaren 27az geroztik gune horretan izan diren diren pertsonei herriko osasun-zentroarekin harremanetan jartzeko deia luzatu diete, 943 007 635 telefonoan. Astelehenetik aurrera PCR froga egiteko hitzordua emango zaie bertan.
Prentsa-oharraren arabera, "beste herri batekoak izan arren, ekainaren 27tik aurrera inguru horretan egon diren pertsonek Osasun Kontseiluaren 900 20 30 50 telefonora deitu behar dute". Osakidetzak gogorarazi duenez, beharrezkoa da "COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero, euren etxeetan isolatu eta osasun-zentrora deitzea”.
Era berean, lasaitasun mezua zabaldu du Osasun Sailak, eta horrelako neurriak “prebentziozkoak baino ez direla” aitortu du. Horren helburua komunitate-transmisio posiblea “ahalik eta lasterren hautematea” eta “kutsatze gehiago saihestea” litzateke.