EAJ

Ortuzarrek ez du EAJko buru izaten segituko eta bidea libre utzi dio Estebani

  • EAJren barne prozesuan ez du bere burua aurkeztuko, nahiz eta garaile irten den orain arteko bozketetan. Itxura guztien arabera, Aitor Esteban izango da EBBko buruzagi berria.

Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.

2025eko otsailaren 6an - 12:50
Andoni Ortuzar iazko Aberri Egunean. EAJ
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Urtearen hasieran ekin dio EAJk buruzagitza zentrala (EBB) berritzeko prozesuari. Hiru fasetan banatuta dago prozesua, eta bigarrenean sartzear dira aste honetan. Lehenbiziko fasean hautagaiek eurek ez dute haien burua era ofizialean aurkeztu, eta batzoki orotan egin dira hasierako bozketak, izenak proposatze aldera. Sorpresarako, Andoni Ortuzarrek eskuratu bazituen ere boto gehien, Aitor Estebanek ezustea eragin zuen alderdiaren barruan. Bazirudien lehendik ere Ortuzarren ordezko aukera aproposa izan zitekeela, baina ez zen inondik ere espero horrelako babesa jasotzea. Estebanek, sare sozialetan, aditzera eman zuen barne prozesuaren lasterketan sartuko zela: "Hunkiturik eta eskertuta nago konfiantza eta babesagatik. Alderdikideen garaia da. Alderdia. Aberria".

Ez du bestelako adierazpenik egin asteotan, eta ikusmina sortu du horrek. Izan ere, Andoni Ortuzarrek aurrez esana zuen laugarrenez aurkeztuko zela EBBko buru izateko lehiara. Dena dela, azken aste honetan adierazi du "alderdiaren esanetara" egongo zela. Are, terrenoa prestatuta zegoela zirudien Ortuzarrentzat: duela bi aste, Bizkaiko EAJren buru Iñigo Ansolak irratian esan zuen "aldatu, aldatzeagatik, ez dela zertan ona" izan. Alegia, Ortuzarrek jarrai zezakeela lider izaten.

Ziklo aldaketaren atarian

Urtebete baino lehenagotik dator "ziklo aldaketaren" olatua. Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen testuinguruan hasi zen EAJ "aldaketa berria" iragartzen. Lehen mugimendua 2023ko azaroaren hondarrean heldu zen, orduantxe ezagutarazi baitzen, filtrazio bidez, Iñigo Urkulluk ez zuela lehendakari izaten segituko eta Imanol Pradalesek hartuko zuela lehendakarigai postua. "Belaunaldi aldaketa baterako proposamena" izango zela iragarri zuen EBBko presidente Andoni Ortuzarrek. Ikusteko zegoen zer gertatuko zen; jakina zen buruzagitza territorialak berritzea zegokiola alderdiari epe laburrean.

Lurraldekako buruzagitzetan, oro har, aurpegi aldaketak eman dira. Ordura arte bigarren lerroan zeudenek, salbuespenak salbuespen, hartu dituzte ardurak: Arabakoa Jone Berriozabalek hartu du, Bizkaikoa Iñigo Ansolak, Gipuzkoakoa María Eugenia Arrizabalagak, Nafarroakoa Unai Hualdek eta Ipar Euskal Herrikoa Pantxoa Binboirek.

"Aldaketaren" ideia, beraz, ari zen gauzatzen. Baina EBBkoa falta zen, eta Ortuzarrek aurrera segitu ahal izateak ez ditu jeltzale guztiak konbentzitu, dagoeneko hamabi urte baitaramatza EBBko buru izaten, aurrez lau urtez Bizkai Buru Batzarrean egon ondotik. Estebanen aukera errealki gauzagarritzat ikusten hasi denean, nahiz Ortuzarrek irabazi pasa berri diren lehen bozketak, bazirudien Esteban zela aurrera egin ala ez jakinarazi behar zuena, Ortuzarrena egintzat ematen zelako. Bada, azkenean, Ortuzar izan da atzera egitea erabaki duena. Beraz, bidea libre utzi dio Estebani.


Irakurri gehiago: EAJ Politika Alderdi politikoak
EAJ kanalean gehiago
2026ko uztailaren 1
Enplegu Publikoaren Legea | Josu Aztiria, EH Bilduko legebiltzarkidea
“Orain, gutxienez, gure lege proposamena bizirik dago”

2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
LAB: "Ez da hau momentuak eskatzen duen lege aldaketa"

2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
EHE: "Legea ez da euskalgintzak aldarrikatutakora hurbildu ere egiten"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...