ARGIA.eus

2022ko urtarrilaren 26a

Ondalan: Bazkideak etxeko, sukalderaino

  • Burlatan duten sukaldean hamabi jaki prestatzen dituzte astero eta bost jasotze puntutan uzten dute. Ondalaneko bazkideek leku horietako giltza badute eta nahi dutenean pasatu daitezke janari ontzien bila. Etxekoak dira bazkideak: ez da kuotarik ez permanentziarik ordaindu behar. Mikrokooperatiba honetako langileekin aurrez aurre biltzea da bazkide egiteko lehen baldintza: elkarri izena eta aurpegia jartzea, lan egiteko modua ezagutzea eta batzarretan denen artean erabakitzea aurrera begira zer egingo duten.

ARGIA @argia  |  OlatuKoop sarea @olatukoop
2021eko maiatzaren 20a
Albiste hau OlatuKoop sareak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.

2020ko urrian sortu zen Ondalan mikrokooperatiba, nahiz eta luze aritu ziren lehenagotik proiektua lantzen. Burujabetzaren alde lan egiten duen eragile moduan izendatzen dute beren burua. Sorrera honetan praktikan egiten dutena, janari prestatua eskaintzea da. “Aurrera begira ikusiko da zer forma hartzen joango den, bazkideak dira erabakitzen dutenak, asanbladatan” azaldu digute langileek. Horren adibide modura, elkarrizketa bukatu ostean baratzea lantzera joango dira, bazkideek hala erabaki baitzuten azken asanbladan: “Unx herrian kezka handiena despopulazioa da eta baratzea sortu dugu; bertan bi lanpostu sortzea da asmoa, herriko gazteei soldata duin batekin bertan lan egin eta bizitzeko aukera emateko”. Oraintxe lantzen hasi diren baratzeak aurrera begira emango ditu bere fruituak eta bitartean, Nafarroako Ekoalde elkartearekin egiten dute lan, honek eskuratzen baitizkie bertako ekoizle txikien sasoiko produktu ekologikoak.

Ondalanek Burlatan du sukaldea eta astero prestatzen dituzten 12 plater ezberdinak jasotzeko bost puntu ditute: Burlatan, Zizurren, Tafallan, Unxen eta Uxuen. Dagoeneko 70 bazkide dira etxean otordu horiek gozatzen dituztenak eta Ondalaneko langileentzat bazkideak etxeko dira. Jakin nahi nola zabaltzen dieten bazkide berriei atea?

Bazkideak etxeko

Ondalanekoek azaldu dute nola egiten duten herritarrek haiekin harremana: “Gure berri izateko modu asko daude: sare sozialen bidez, Internetez, komunikabideen bidez…”. Ondalan-kide izan nahi duenak izena ematen du internetez, “baina bazkidetza indarrean jartzeko zuzenean gurekin elkartu behar dira: garrantzia handia ematen diogu elkar ezagutzeari, proiektua ongi azaltzeari, lekua ikusteari…”.

Tresna digitalen eta teknologia baliatzearen alde daude, baina “humanitateari” eutsita. Su txikian lantzen dituzte bazkideen arteko harremanak eta horrela doaz proiektua aberasten: “Garrantzia handia ematen diogu harreman pertsonalak lantzeari eta gure arteko sinergiak sortzeari; ez soilik langile-kooperatibisten artean, baita bazkideen artean ere. Adibidez, argindarra Goienerrekin daukagu eta mugikorrak Izarkomekin eta proiektu horiek ere ezagutarazten dizkiegu gure bazkideei.

Guztia egiten da tratu pertsonalaren bidez eta konfiantzaren bidez”. Konfiantzaren adierazle,  bazkide guztiek dute jasotzen puntuen eta sukaldearen giltza.

Bazkide bakoitza ezagutzen dute banaka. Nolakoa da Ondalaneko bazkidea? “Bitxia da, ireki aurretik espero genuen kooperatiba denborarik gabeko jende gaztearentzat izango zela, baina bazkideak adina errealitate ezberdin daukagu. Bada jende gaztea, badira familiak, badira agureak, badira bakarrik bizi diren pertsonak... Bakoitzak ditu bere ezaugarriak eta bere beharrak”.

 

 

Jateak elkartzen gaitu

Ostegunero 10:00ak baino lehen egiten dute eskaera bazkideek, ea Ondalanek prestatuko dituen 12 jaki horietatik zein eta zenbat hartu nahi dituzten. Astero aldatzen dira 12 plater hauek eta etxe bakoitzak bere ohitura eta gustuen arabera aukeratzen du, baita trebezien arabera ere: “Lekaleak goxo prestatzen dituenak agian barazkiak eta zerealak eskatzen ditu, beste batzuek alderantziz...”. Eskaera egiteko unean bertan ordaintzen dute internetez, txartelarekin. Eta hurrengo ostegunetik aurrera jaso dezake bakoitzak bere eskaera, ondoen datorkion egun eta orduan, bere giltzarekin banatze puntura joanda.

Bazkide izateko ez da kuota edo permanentziarik jarri behar. Baina egiten den eskaera gutxienez 24 eurokoa izan behar da: “Bada astero eskatzen duen jendea, edo bi astez behin eskatzen duena, baina eskaera egiten duenak gutxieneko hori egin behar du”.

Eskaera egiteko bide nagusia interneta den arren, teknologia berriekin moldatzen ez den jendearekin beste era batera moldatzen dira: batzuk egoitzara joaten zaizkie eta bertan egiten dute eskaera eta beste batzuek telefonoz deituta: “Horretarako elkartzen gara bazkideekin, bakoitzaren beharrak ezagutzeko eta haien moduetara moldatzeko”.

Urtaro bakoitzean batzar bat egiten dute, urtean lau guztira: “Bazkideen eskura daude balantze eta kontu ekonomiko guztiak. Batzar horietan aurkezten ditugu eta hitz egiten dugu ea asanblada zer moduz dagoen, ea bazkideek ideia berririk duten... kooperatibari buruz hitz egiten da eta guztion artean erabakitzen da aurrera begirako lan-ildoa”.

FITXA

Ondalan kooperatiba

Zer egiten du: Burujabetzaren alde ari den eragilea. Janari prestatuak.

Noiz sortua: 2020ko urrian.

Egoitza: Burlatan.

Bazkideak: Bi langile-bazkide, bi langile egun erdiz eta 70 bazkide.

Harremanetarako: 722 856 471 / 722 856 432 ondalankoop@gmail.com / info@ondalankoop.eus

Albiste hau OlatuKoop sareak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.

Esperientzien kutxa kanaletik interesatuko zaizu...
Parean: Lana, zaintza eta militantzia uztartzeko irtenbidea lana berrasmatzea denean

Erabat militantzian bizi ziren garai batean; lan ordaindua eta militantzia denborak bereizi zituzten ondoren beren egunerokoan; eta ama egin zirenean... beren lanbidea sortzeari ekin zioten, ordura arte militantziaz landu izan zuten feminismoa lan ordutan egin ahal izateko. Zer... [+]


Alda: Kolektiboan irtenbidea emanaz jendarte herrikoiak bakarka dituen eguneroko arazoei

Manu Robles-Arangiz Fundazioak sustatu duen Alda proiektuak egoitza ireki berri du Baionan, maiatzaren 30ean. Usaiazko eragile sozialak eta elkarteak ez direla klase herrikoiarengana iristen ikusita, AEBetako Community organizing antolaketa metodoa ezartzea du asmo, jendarte... [+]


Talleres Mitxelena: Hausnarketa egiteko makinak gelditzen dituztenak

Azken lau urte hauetan kooperatibagintzari buruzko hausnarketak landu dituzte Mitxelena tailerreko langileek. Kooperatiba sortu zutenei eta haien etxekoei eskertza egin zieten eta haiengandik “egina jaso” duten lan eredu hau baloratzeko eta kontzientzia hartzeko hiru... [+]


Elikagunea: Egunerokoa bertakoa jatea denean

Irudikatzen al dugu herri bat, saskia hartuta erosketetara ateratzean, eskutan hartutako guztia bertakoa bagenu, etiketari begiratu beharrik izan gabe, edo saltzaileari galdezka ibili gabe? Herri osoa ez, baina plaza bada horrelakoa Azpeitian. Baserritarren azoka erdian... [+]


Boga garagardoa: Euskal Herriaren pisua, litrotan eta kilogramotan

Garagardo artisau berexiak dastatzea bogan dago. Etxe bakoitzaren goren mailako kalitatezko hori, hain justu. Eta baten matizak eta bestearen lurrinak komentatzea. Planetaren zein izkinatatik ekarriak dira horiek guztiak, ordea? Bogak horri begiratzen dio, “bertako”... [+]


Irakurrienak
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude