Bira produkzioak: Lanean ere bada bizitza ederrik

  • Bira produkzioko kideak "bizigarritasunaz" eta "bizitza zentroan jartzeaz" mintzo dira, baina asebetetzea lan barruan bilatzen dute, ez lanetik kanpoko zereginetan. Lana eta hobbya uztartzea da horretarako gakoa: "Gustatzen zaiguna egiten dugu, eta hori jada zortea da", azaldu digute. Soldata bermatzen dieten enkarguzko lanez gain, beraien lan denboraren zati bat eskaintzen diote proiektu propioak egiteari, "kontatu nahi ditugun istorioak kontatzeko ametsak betetzeari". Eta zer arraio, enkarguzko lanekin ere gozatzen dutela diote, haien bezero gehienak eraldaketa soziala bultzatzen dutenak baitira: "Ez dira enkargu hutsak, elkarrekin egiten dugun bidea baizik".

Artikulu hau CC lizentziari esker ekarri dugu.

2021eko otsailaren 24an - 06:27

"Guk enkarguzko lanak egiten ditugu, baina saiatzen gara gure denboraren zati bat eskaintzen gugandik ateratzen diren ikus-entzunezko proiektuei. Denbora proiektu propioei eskaintzeak egiten du bizigarri gure lana. Askotan, bizigarritasuna lanetik kanpo kokatzen du jendeak, baina guretzat bizigarritasuna gustatzen zaigun hori egitea da". Gizartean lana eta bizitza bereizteko dagoen joera, hau da, lanetik irtendakoan bizitza hasten denaren ideia ez dute partekatzen. Izan ere, Birakoek gozatzen dute beren lanean: "Lana eta hobbya batzen ditugu ".

Kontzienteki eskaintzen diote lan denboraren zati bat beraiengandik sortutako proiektuak garatzeari: hileroko lanetan %10a baino gehixeago. Horren fruitu da, adibidez, iaz aurkeztu zuten Sans Nom Sarea dokumentala, II. Mundu Gerrako espioitza sareari buruzkoa: "Guretik sortu genuen, gure denbora inbertituz horretan, baina interes handia genuen gaiarekiko eta lan horretan aritzeko denbora edukitzeak asko asetzen gintuen. Memoria historikoari gure alea jartzeko modua izan zen". Birak egiten dituen proiektu propioek badute lotzen dituen hari bat: euskal iruditegia elikatzea. Haien hitzetan, "hori ere bada herrigintza. Kultura arlotik gure aletxoa jartzeko modua da, etengabe produktu kultural atzerritarrekin bonbardatzen baikaituzte. Eta guk ere sortu behar ditugu gure istorio propioak. Iruditegi horren barruan, memoriari garrantzia ematen diogu, agian inkontzienteki baina behin eta berriz ateratzen zaigun sator bat da, beraz, interesatzen zaiguna, beste hainbat gairekin batera".

Beraien proiektuak egiteko denbora "garaika" ateratzen dute, ez egunero denbora kopuru bera eskainita: "Enkarguzko lanek ematen digute jaten eta garai batzuetan enkarguzko lan asko izaten ditugu eta horiei ematen diegu lehentasuna, eta beste garai batzuetan lasaiago ibiltzen gara eta orduan garatzen ditugu gure proiektuak". Lau kideetako bakoitzak badu egin nahi duen proiekturen bat esku artean, "eta gainera talde modura ere badugu estrategikoa iruditzen zaigun bat, aurten Birak egin beharko lukeen proiektu propioa. Horiek denak eta gainera enkarguzkoak uztartzea, oreka zaila izaten da eta horretan gabiltza, hori nola bermatu aztertzen. Gure istorioak kontatu nahi ditugu, istorioak kontatzeko gure ametsak bete nahi ditugu".

Onartzen dute proiektu propioetan barneratzeak badituela bere kontraesanak: "Gustuko horretan ari zarenean behar baino denbora gehiago eskaintzen zaio lanari eta hor hasten da bizigarritasuna galtzen. Orduan sortzen dira tentsioak eta desorekak. Baina beste jende bat lanetik ateratzean korrika egitera edo bizikletan ibiltzera joango da: bada gure zaletasuna bideoak egitea da. Kontraesan guztien gainetik, zoriontsu gara".

Enkarguak ere izan daitezke gozagarri

"Bideogintza lanak enkarguzkoak dira, baina asko egiten dugu lan eraldaketa klabean ari diren eragile horientzat. Eta horrek ere asetzen gaitu, zeren ikusten da bideoak tresna izan daitezkeela eta gu bidelagun izan gaitezkeela eraldaketa klabean lanean ari diren eragileentzat. Bidea haiekin egiten dugu eta oso asegarria da. Ez da enkargu huts bat, elkarrekin norabide berean joatea da".

Sareak josi eta josi

Ekintzailetza soziala sustatzen duen KoopFabrika programan sortu zen Bira eta hiru urte egin zituzten Iturola Hernaniko elkarlan sorgunean: "Agian horregatik guztiagatik, guretzako garrantzia handia dauka sarea eraikitzeak eta natural egiten dugu, baita gure konpetentzia izango diren ikus-entzunezko beste kooperatiba batzuekin ere. Haiekin bildu izan gara, eta elkarrengandik gauza asko ikasten ditugu eta elkarri laguntzen diogu".

Bira produkzioak

Zer egiten du:  Ikus-entzunezko komunikazioa, bideogintza eta gidoigintza lanak, baita publizitatea, ekitaldien jarraipenak edota bideoklipak ere. Ekonomia Sozial Eraldatzailea oinarritzat hartuz, euskaraz, eta euskal iruditegian gure alea jarriz, eduki propioak ekoiztera eramango gaituen bidea egin asmoz.

Langile eta bazkideak: 4.

Egoitza: Andoain.

Harremanetarako: info@biraprodukzioak.eus

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Esperientzien kutxa
Parean: Lana, zaintza eta militantzia uztartzeko irtenbidea lana berrasmatzea denean

Erabat militantzian bizi ziren garai batean; lan ordaindua eta militantzia denborak bereizi zituzten ondoren beren egunerokoan; eta ama egin zirenean... beren lanbidea sortzeari ekin zioten, ordura arte militantziaz landu izan zuten feminismoa lan ordutan egin ahal izateko. Zer... [+]


Alda: Kolektiboan irtenbidea emanaz jendarte herrikoiak bakarka dituen eguneroko arazoei

Manu Robles-Arangiz Fundazioak sustatu duen Alda proiektuak egoitza ireki berri du Baionan, maiatzaren 30ean. Usaiazko eragile sozialak eta elkarteak ez direla klase herrikoiarengana iristen ikusita, AEBetako Community organizing antolaketa metodoa ezartzea du asmo, jendarte... [+]


Talleres Mitxelena: Hausnarketa egiteko makinak gelditzen dituztenak

Azken lau urte hauetan kooperatibagintzari buruzko hausnarketak landu dituzte Mitxelena tailerreko langileek. Kooperatiba sortu zutenei eta haien etxekoei eskertza egin zieten eta haiengandik “egina jaso” duten lan eredu hau baloratzeko eta kontzientzia hartzeko hiru... [+]


Ondalan: Bazkideak etxeko, sukalderaino

Burlatan duten sukaldean hamabi jaki prestatzen dituzte astero eta bost jasotze puntutan uzten dute. Ondalaneko bazkideek leku horietako giltza badute eta nahi dutenean pasatu daitezke janari ontzien bila. Etxekoak dira bazkideak: ez da kuotarik ez permanentziarik ordaindu... [+]


Elikagunea: Egunerokoa bertakoa jatea denean

Irudikatzen al dugu herri bat, saskia hartuta erosketetara ateratzean, eskutan hartutako guztia bertakoa bagenu, etiketari begiratu beharrik izan gabe, edo saltzaileari galdezka ibili gabe? Herri osoa ez, baina plaza bada horrelakoa Azpeitian. Baserritarren azoka erdian... [+]


Eguneraketa berriak daude