Pertsonaren ongizatean lagungarri izatea bilatzen du IDo photography-k lantzen duen argazkigintza terapeutiko eta pedagogikoak: “Ez da psikologo edo terapeuta batek eman dezakeen laguntza, nik irudia erabiltzen dut pertsonen ongizatea bilatzeko, bai arlo profesionalean edo pertsonalean”. Enpresentzat, emakume taldeentzat eta norbanakoentzat ateratzen ditu argazki berezi hauek. Beti irriz agertzeko eskatzen ez digun argazkigintza ezagutu nahi?
“Enpresa batean produktua edo zerbitzua eskaintzen denean, nire helburua da produktu edo zerbitzu horien atzean dagoen pertsona ere erakustea” dio argazkilariak. Azaldu duenez, herritarrok produktu edo zerbitzu batekin topo egiten dugunean, gustagarriago gertatuko zaigu edo barrurago helduko zaigu produktu edo zerbitzu horren atzean dagoen pertsonarekin topo egiten badugu eta berarekin sintoniarik sentitzen badugu: “Horregatik, oso garrantzitsua da enpresetako pertsona bera ezagutzea, pertsona horren esentzia, nahia eta balioak argazkitan agertzea”.
Sare sozialetan eguneroko bihurtu zaizkigu perfileko argazkiak. Horiek egiteko ere zerbitzua eskaintzen du IDo photographyk. “Horretarako eta enpresentzako, metodologia berezi bat erabiltzen dut”. Azaldu duenez, metodologia honen bidez bezeroak bere beharrekin konektatzen du. Adibidez, perfileko argazki non ateratzea nahi duzun, eguneko zein ordutan, zein girotan, nola nahi zenukeen jantzita agertu, zein kolorerekin inguratu nahi zenukeen zure aurpegia...
Emakumeentzat tailerrak ere ematen ditu IDo photographyk: “Hauetan bilatzen dena da emakume bakoitzak bere izanarekin, gorputzarekin eta irudiarekin konektatzea, gorputzean dauden eta kanporatu ditzakegun emozioei irudia jartzea”. Emozioei irudia jarrita hobeto ulertu dezakegu zer
gertatzen zaigun, nondik gatozen, zer nahi ditugun... “Emakumeok askotan besteren zaintzan asko inplikatzen gara eta ez dugu gure buruarentzako denborarik hartzen. Saio horietan nire helburua da, hasteko, emakume bakoitzak bere buruari tokia egitea, elkar zaintzea”. Horretarako, segurua den marko bat eraikitzen dute elkarrekin, zeinetan ez den inor epaituko, elkarri partekatuko dizkieten beren bizipenak, eta entzunak sentituko diren: “Niretzat oso garrantzitsua da emakume horiek entzutea eta dauden momentuaren eta dituzten beharren arabera erantzutea, irudi ariketak eta tresnak emanez”.
Egiten dituzten ariketen artean, badira bi motatako autoerretratuak: batetik, konektatu dugun inguruko zerbaiti argazkia ateratzea, izan ere, momentuko emozio bati ateratako argazkia izango baita paisaia, kolore edo forma hori. Beste autoerretratu mota, ezagunena, nork bere buruari aterako diona. “Oso terapeutikoa da aztertzea gure burua nola argazkitzen dugun, zein ikuspuntutatik… batzutan besteengan eman nahi dugun irudi horrek oso baldintzatuta izaten gaitu. Besteek ikusi nahi dutena edo guk kanporatu nahi dugun irudi hori argazkitzen dugu?”.
Irudiek eragiten dizkiguten emozioetatik abiatuta eguneroko bat osatzea proposatzen du IDo photographyk: “Gure egunaren eta momentuaren arabera, irudi batek esanahi ezberdina izan dezake guretzat: gaur konektatzen dut irudi honekin, gaur agian apalago nagoelako, laguntza behar
dudalako… agian bihar irudi berari beste irakurketa bat egingo diot, nire emozioak beste era batera daudelako. Hortik abiatuta gure egunerokoa egin dezakegu, nola gauden kontatu dezakegu eta hortik aztertu, ea horrela jarraitu nahi dudan, aldaketa egin nahi dudan… liburu batean bezala,
narratiba bat kontatzeko ariketa ere egin dezakegu eguneroko horrekin”.
Irudien bidez eta oso ariketa errazekin argazkiaren “B aldea” irakurtzen hastea da proposatzen duen jolasa: Zein pertsona dago kanporatzen duten irudi horren atzealdean? Herritarrak proba egitera animatu ditu: “Hitzekin esaten ez duenak, irudiekin kontatu dezake bere historia. Hitz potoloak dirudite, baina ariketa errazak dira eta gorputzera eramandakoan oso erantzun ona izaten dute”.
Pedagogikoa hitza behin baino gehiagotan erabili du bere lana deskribatzerakoan, “izan ere, bidelagun funtzioa betetzen baitut. Ni ez naiz irakaslea, ez terapeuta, ez coucha... ni ondoan egongo naiz, instrumentu batzuk emanaz. Ez dut esango zer dagoen ongi eta zer gaizki, bera joango da bere bidea egiten”.
Agerikoa da era horretako argazkilaritza ez dela presarekin uztartzen: “Argazkilaritza lasaia, pausatua da. Kontzientea, unean unekoa bizitzen duena. Pausa hartu, zure buruaz pixka bat pentsatu, barrura begirako horrekin konektatu eta kanpora begirako irudia argazkitzea da prozesua”.
Patxadak ez du eskatzen beti ariketa luzea izan behar denik: “Ariketak izan daitezke hamar minutuan egin daitezkeenak, edo prozesu batean egin beharrekoak. Ez dugu zergatik argazkigintzaz jakin beharrik, mugikorrarekin ere hartu ditzakegu irudiak. Oso eskuragarri dagoen modua da”.
FITXA
Zer egiten du: Enpresa zein ekintzaileei ikusgarritasuna lortzen laguntzen dien argazki zerbitzua. Tailer-formazioak, kolektibo edo norbanakoaren beharretara pertsonalizatutakoak.
Zenbat langile: 1
Egoitza: Hernanin.
Harremanetarako: info@idophotography.eus / +34 620 900 635
Erabat militantzian bizi ziren garai batean; lan ordaindua eta militantzia denborak bereizi zituzten ondoren beren egunerokoan; eta ama egin zirenean... beren lanbidea sortzeari ekin zioten, ordura arte militantziaz landu izan zuten feminismoa lan ordutan egin ahal izateko. Zer... [+]
Manu Robles-Arangiz Fundazioak sustatu duen Alda proiektuak egoitza ireki berri du Baionan, maiatzaren 30ean. Usaiazko eragile sozialak eta elkarteak ez direla klase herrikoiarengana iristen ikusita, AEBetako Community organizing antolaketa metodoa ezartzea du asmo, jendarte... [+]
Azken lau urte hauetan kooperatibagintzari buruzko hausnarketak landu dituzte Mitxelena tailerreko langileek. Kooperatiba sortu zutenei eta haien etxekoei eskertza egin zieten eta haiengandik “egina jaso” duten lan eredu hau baloratzeko eta kontzientzia hartzeko hiru... [+]
Burlatan duten sukaldean hamabi jaki prestatzen dituzte astero eta bost jasotze puntutan uzten dute. Ondalaneko bazkideek leku horietako giltza badute eta nahi dutenean pasatu daitezke janari ontzien bila. Etxekoak dira bazkideak: ez da kuotarik ez permanentziarik ordaindu... [+]
Irudikatzen al dugu herri bat, saskia hartuta erosketetara ateratzean, eskutan hartutako guztia bertakoa bagenu, etiketari begiratu beharrik izan gabe, edo saltzaileari galdezka ibili gabe? Herri osoa ez, baina plaza bada horrelakoa Azpeitian. Baserritarren azoka erdian... [+]