Alda: Kolektiboan irtenbidea emanaz jendarte herrikoiak bakarka dituen eguneroko arazoei

  • Manu Robles-Arangiz Fundazioak sustatu duen Alda proiektuak egoitza ireki berri du Baionan, maiatzaren 30ean. Usaiazko eragile sozialak eta elkarteak ez direla klase herrikoiarengana iristen ikusita, AEBetako Community organizing antolaketa metodoa ezartzea du asmo, jendarte herrikoiaren eguneroko bizitzako arazo zehatzak konpontzetik hasita, auzoetan herritar sareak sortzeko, eta epe ertain-luzera herritar horiek trantsizio ekologikoaren eta justizia sozialaren lanketan inplikatzeko. Alda elkarteak dagoeneko baditu hiruhilero atez ate banatzen duen kazeta, 1.000 jenderengana iritsi nahi duen inkesta, maiatzaren 29an inauguratu berri duten lokala… eta beren arazo zehatzei irtenbidea bilatzeko Aldarengana jo duten gero eta kasu gehiago.

Artikulu hau CC lizentziari esker ekarri dugu.

2021eko ekainaren 02an - 06:13
Maiatzaren 29an egin berri da Alda elkartearen egoitzaren irekiera ekitaldia. Argazkia: Alda elkartea.

Manu Robles-Arangiz Fundazioko Ipar Euskal Herriko hainbat langilek, orain Alda elkarteari eskaintzen dizkiete hainbat lanordu. Azaldu digutenez, duela bi urte hasi zituzten lehen gogoetak: “Ohartu ginen gure usaiako elkarte eta militante mugimenduetan jendarte herrikoia ez genuela ontsa unkitzen. Jendarte herrikoiarekin esan nahi dugu ahal guttirekin, irabazi guttirekin bizi den jendea”. Haien analisia berretsi zien Frantzian piztu zen jaka horien mugimenduak: “Hor jendeak adierazi baitzuen lehen aldikotz joanak zirela manifestazio batera, lehen aldikotz mobilizatu zirela”.

Community organizing metodoa

Beste esperientzia batzuetatik ikasteari ekin zioten eta Amerikako Estatu Batuetan egiten den Community organizing deitzen den lan eta antolaketa metodoa dute eredu: “Auzo herrikoietan erabiltzen den antolaketa metodo bat da eta labur esanda, auzoetako sindikatu lana da. Auzoetan jendea antolatzea, sindikatuek dituzten metodoak erabiliz, baina lan mundutik kanpo diren gaien lantzeko: etxebizitza, garraioa, aisialdia…”.

Egiten duten irakurketa da jendarte herrikoiak ez daudela kolektiboki antolatuta, “jendarte horiek antolatzen zituzten egiturak desagertu dira, eta orain jende horiek gehienetan bakartuak dira, ez dute jenderik edo mugimendurik edo sarerik haien inguruan, arazoak dituztelarik haien laguntzeko. Bakardade handia bizi dute”.

Alda sortu dutenak lehendik dira militante, batez ere trantsizio ekologikoa eta justizia soziala lantzen dute, “baina ohartzen gara ez garela joan behar lan egitera jende horiengana jadanik prest den gure diskurtsoarekin. Jendeen beharretatik abiatu behar dugu, orain arte ez baitugu lortu jende horiekin harremana egitea eta jende horrekin lan egiteko eta harreman bat sortzeko haien arazoetatik eta beharretatik abiatu behar gara. Erakutsi behar diegu elkarrekin antolatuz gauzak aldatzen ahal direla. Gero, emeki-emeki, partekatuko dugun praktikari esker, egingo ditugun gauzei esker eta egiteko manerari esker, beste gaiak gero etorriko dira. Sozial ikuspuntutik hasi behar gara eta gero etorriko dira beste gauzak”.

 

Manu Robles-Arangiz Fundazioko Hego Euskal Herriko kideak.
1.000 jenderengana heldu nahi duen kale inkesta

2020an hasi ziren buru-belarri Alda proiektua pentsatzen eta 2020ko urrian sortu dute elkartea. “Abiatu genuen lehen lana auzoetan inkesta bat egitea izan da, jendeengana joanez, auzoak eta auzoetako jendea hobeki ezagutzeko”. 10-15 minutu eskatzen duen galdetegiaren bidez ezagutzen dute zein diren herritarren arazoak, laguntza behar dutelarik norengana jotzen duten, auzoa nola ikusten duten... karrikan eta merkatuetan egiten dute topo jendeekin, eta iraila bitartean 1.000 jenderen informazioa jaso nahi dute.

Inkesta eta oro-har lanketa Baionan zentratu dute, hasteko: “Beranduago Ipar Euskal Herrian zabalduko dugu, baina lehenik elkarteak sortu behar du, mugimenduak ere bai, eta handitu, eta gero zabalduko da”.

Alda kazeta

Baionako auzoen kazeta bat ere sortu dute, hiruhilero ateratzen dutena: “Lehen zenbakia urtarrilan atera genuen, bigarrena apiril hondarrean. 20.000 aletan inprimatzen dugu eta banaketa bolondresen bidez egiten dugu etxez etxe, baina ez dugu gutunontzietan uzten, eraikinean sartu eta apartamentu bakoitzaren ate aitzinean baizik”.

Aldizkari honen helburua auzoen berri ematea da, “zeren eta gehienetan ez dira ageri usaiako prentsan, edo ageri direlarik gehienetan da informazio negatiboari lotuta. Gure helburua auzoen berri ematea da, salatu behar diren gaien salatzeko, baita informazio positiboen berri emateko ere: elkarte bat aurkezteko, adibidez”. Artikulu gehienak jendeengandik jasotako informazioetatik edo gaietatik ateratzen dituzte: “Jendearen bozgorailu izan nahi dugu”.

Auzoen analisia eta norbanakoen arazoei erantzuna

Estatistika iturrietan oinarrituta, auzoen analisi teorikoa ere egiten dute. Baina apirila hondarretik, Aldaren eguneroko martxa aldatu da, jendea hasi delako haiekin harremanetan jartzen, laguntza eske eta eguneroko lan bihurtu da jende horien arazoak konpontzea: “Jendea hasi da ohartzen Alda existitzen dela eta bere helburua dela jendearen eguneroko bizian gauzak hobetzea. Gehienetan etxebizitzari lotuak diren arazoengatik jartzen dira gurekin harremanetan”.

Bi adibide eman dituzte, Aldaren lana azaltzeko: “Kasu batean, autoaren asegurantza hilabetean 159 € pagatzen zuen 1,290 €ko lansaria duen pertsona batek. Gure inguruan aditu baten informazioa galdeginez lagundu dugu pertsona hori gutun baten egiten bere asegurantzari, aldaketa baten eskatzeko eta lortu du, eta orain asegurantza hilabetean 70 € gutiago pagatzen du. Honek erakusten du antolaketa kolektiboak eta saretzeak zer egiten duen posible, izan ere, pertsona horrek bakarrik, informazio falta dela-eta edo hizkuntza arazoa dela-eta, ezin aldatuko zuen”. Beste pertsona batek arazo larriak zituen etxebizitzan hezetasunarekin, ura sartzen zitzaion: “Lagundu dugu bere jabearekin hitzordu bat ukaiten eta jabeak onar dezan beregain hartu behar duela horren konponketa”.

Orain arte Aldara jo duten kasuak indibidualak dira, ez dira gai kolektiboak, “baina orain arte bakarrik ziren jende horiek ikusten dute antolatuz eta saretuz ez daudela bakarrik eta gauzak aldatu ahal direla antolaketa kolektiboaren bidez”.

Alda Elkartearen administrazio kontseilua.
Aurrera begira

Pandemiaren baldintzak ez dira egokiak izan orain arte Community organizing metodoa plantan ezartzeko, baina urrian hasi nahi dute auzo batean. Eta bestalde, etxebizitzaren gaia lantzen ari dira: “Aurten arrunt pilpilean da etxebizitzaren gaia, besteak beste Euskal Hirigune Elkargoa etxebizitzari buruzko politika definitzen ari baita eta mugimendu anitz gai horren bueltan ari baita lanean. Gai horretan kanpaina bat prestatzen ari gara, jadanik etxebizitza ukaiteko zailtasunak bizi dituzten jendeen boza entzunarazteko”.

Hasi, Manu Robles-Arangiz Fundazioko Ipar Euskal Herriko taldearen zati baten lanorduekin hasi da Alda: “Aurrera begira helburua da Alda bere kideen kotizazioez autofinantzatzea. Momentukoz 50 kide gara”.

FITXA

Manu Robles-Arangiz Fundazioa

Zer egiten du: Langile mugimenduaren balioak garatu eta sustatzeko trebakuntza eta argitalpenak. Memoria zabaldu, zaindu eta gorde, ELAren artxibo historikoan. Ipar Euskal Herrian, mugimendu desberdinentzat egoitza interasoziatiboa dugu, Enbata aldizkaria daramagu eta alternatiben eraikuntza sustatzen dugu (EHLG, Eusko, I-Ener, Enargia…) baita auzo txiroenetan ere (Alda!).

Egoitza: Bilbon eta Baionan.

Kide kopurua: 9. Horietatik 5 Hegoaldean eta 4 Iparraldean.

Harremanetarako: fundazioa@ela.eus / 944 037 799


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Esperientzien kutxa
Parean: Lana, zaintza eta militantzia uztartzeko irtenbidea lana berrasmatzea denean

Erabat militantzian bizi ziren garai batean; lan ordaindua eta militantzia denborak bereizi zituzten ondoren beren egunerokoan; eta ama egin zirenean... beren lanbidea sortzeari ekin zioten, ordura arte militantziaz landu izan zuten feminismoa lan ordutan egin ahal izateko. Zer... [+]


Talleres Mitxelena: Hausnarketa egiteko makinak gelditzen dituztenak

Azken lau urte hauetan kooperatibagintzari buruzko hausnarketak landu dituzte Mitxelena tailerreko langileek. Kooperatiba sortu zutenei eta haien etxekoei eskertza egin zieten eta haiengandik “egina jaso” duten lan eredu hau baloratzeko eta kontzientzia hartzeko hiru... [+]


Ondalan: Bazkideak etxeko, sukalderaino

Burlatan duten sukaldean hamabi jaki prestatzen dituzte astero eta bost jasotze puntutan uzten dute. Ondalaneko bazkideek leku horietako giltza badute eta nahi dutenean pasatu daitezke janari ontzien bila. Etxekoak dira bazkideak: ez da kuotarik ez permanentziarik ordaindu... [+]


Elikagunea: Egunerokoa bertakoa jatea denean

Irudikatzen al dugu herri bat, saskia hartuta erosketetara ateratzean, eskutan hartutako guztia bertakoa bagenu, etiketari begiratu beharrik izan gabe, edo saltzaileari galdezka ibili gabe? Herri osoa ez, baina plaza bada horrelakoa Azpeitian. Baserritarren azoka erdian... [+]


Boga garagardoa: Euskal Herriaren pisua, litrotan eta kilogramotan

Garagardo artisau berexiak dastatzea bogan dago. Etxe bakoitzaren goren mailako kalitatezko hori, hain justu. Eta baten matizak eta bestearen lurrinak komentatzea. Planetaren zein izkinatatik ekarriak dira horiek guztiak, ordea? Bogak horri begiratzen dio, “bertako”... [+]


Eguneraketa berriak daude