Harago aholkularitza: Topa dagigun lanean ere

  • Haragok aholkularitza eta bidelaguntzak egiten ditu pertsona, elkarte eta enpresentzat. "Guretzat ez da aukera bat gugan praktikan lantzen ez dugun zerbait besteekin lantzea" azaldu dute. Beren bizipenetatik ondorioztatu dute, lanean ospatzeari lekua emateak garrantzia handia duela eraginkortasunerako. Baina askotan eguneroko zereginek tira egiten dute eta espazio informalak harrizko hormaz formalizatu ezean, "desagertu egiten dira".  Zentzu horretan, proiektu oro "harremanen eta lanen arteko dantza" dela diote. Dantza edo mugimendu horretarako, lan prozesuen fase jakin batzuetarako naturara jotzea oso lagungarri dela azaldu dute, esperientziatik: "Gorputzean somatzen dugun horretatik ateratzen ditugu ikasketak".

Artikulu hau CC lizentziari esker ekarri dugu.

2021eko otsailaren 10an - 07:33
Argazkia: Ido Photography.

Ospatzea modu bat da gelditzeko; eta arreta jartzeko zertan ari garen. Hala azaldu digute Haragoko kideek: "Ospatzeak balio du ikasteko, izan ere, ongi egin duguna ospatzen dugunean, elkarrekin ari gara ikusten zerk balio digun. Eta hori egin ahala, ikusten dugu baita ere zerk ez digun balio. Edozein proiektu eta lan prozesutan hori oso garrantzitsua da garapenerako". Gelditzea eta egiten ari garenaz kontzientzia hartzea ezinbestekoa dela diote: "Bestela ez dakigu zertan ari garen, eta egon gaitezke indarrak xahutzen, edo egon gaitezke egin nahi dugunetik desbideratuta".

Ospatzeko erritualen baitan, errekonozimendu ariketak egiten dituzte eta hori taldearen barruan bakoitzari leku bat egiteko eta denontzako lekua elikatzeko modu bat dela azaldu dute: "Errekonozimendua oso garrantzitsua da gatazka gutxiago egoteko eta dauden gatazkak beste era batekoak izateko. Errekonozimendu gutxi egotea, normalean gatazka elikatzea da". Bi errekonozimendu motak dira beharrezko: taldeari aitortzen zaiona, hau da, denen artean lortu dena agerian jartzea, batetik. Eta bestetik, bakoitzaren balioak aitortzea: "Guk asko erabiltzen dugu feedbacka, hau da, nola ikusten dugun bakoitzak bestearen lana, bakoitzak zer ekartzen dion taldeari... 'Lan honetan zuretik hau jarri duzu' moduko esaldiak ohikoak dira". Horrek guztiak taldeko autoestima elikatzen duela argi dute.

Horrez guztiaz gain, ospatzen denean "hurrengo prozesuetarako haziak sortzen dira". Horregatik, urte amaieran ospakizun bat egiten dute, baita proiektu eta prozesu bakoitzaren amaieran ere. Erritualizatuta dutena maiztasuna da, baina ospakizun bakoitza da desberdina eta esperimentatzea maite dute. "Ospatze ariketek badute bere alde serioa: begiratu, aztertu, hausnartu. Eta bestalde, ardoarekin topa egiten dugu eta hor askatzen da zerbait". Plazerrari eta eremu informalei tarte egitearen garrantzia esplizitatuta dute: "Bigundu egiten gaitu, eta arintze horretan pisuak askatzen ditugu eta harremana elikatzen dugu etengabe". Horregatik, hilero "arintasunerako lekua" kontzeptuarekin deskribatu duten espazio informal bat dute.

Lan eremu informalak

"Izan daiteke noriara igotzea, edo bazkari bat, edo mendira joatea... ireki eta askatu, eta barre egin. Horretarako da hilean behingo tarte hori. Plazerraren ikuspegia ere badugu: bazkari eder batekin ospatzea, bada plazerretik ospatzea". Hileroko horrek oso formato ezberdinak hartu ditu, batzuetan ordu batzuk, goiz bat, edo arratsaldea... baina irmoki mantendu beharra dute: "Espazio informal hori babestu behar da, harrizko pareta jarri behar zaio, bestela desagertu egiten da berehala". Izan ere ekintzek, laneko zeregin horiek, bultza egiten dute. "Horregatik, informalari formaltasun bat eman behar diogu, blindatzeko". Baina zergatik heldu hain sendo eremu informalari? "Harremana elikatzeak ematen digulako aukera lana askoz hobeto egiteko, talentu pertsonalak talde erronken zerbitzura jartzeko. Espazio horiek desagertzen badira orekak galdu egiten dira, ikuspegia galtzen da nondik eta zertan ari garen".

Txandakatu egiten dute hileroko ospakizuna antolatzeko lana: "Garrantzitsua da norbaitek prestatzeko ardura hartzea, horrela aukera ematen du gehiago lantzeko, gehiago esperimentatzeko".

"Naturan konektatu egiten gara"

"Asko lantzen dugun zerbait da gorputzetik egotea eta gure hausnarketa asko gorputz ariketetatik datoz, mugimenduak esaten digun horri hitza jartzetik. Horregatik egiten ditugu gauza asko naturan: naturan errazago da gorputzari leku eginez entzutea, arreta barrura ekartzea, mugimendua, konpartitzea eta hortik elkarri entzutea... arreta asko fintzen da gorputzari kasu egiten diogunean. Gorputzak gauza asko esaten dizkigu".

Bizitza mugimendua denez, lanerako ere mugimendua asko erabiltzen dute: "Mugimenduan gaudenean elkarrizketak ezberdinak dira. Ez dugu berdin hitz egiten mahai baten bi aldetara jarrita, edo bide berean goazela hizketan ari garenean. Gorputzak eta buruak konexioak dituzte, eta saiatzen gara horretarako baldintzak jartzen. Horregatik, mugitu egiten gara normalean".

Natur eremura jotzeko ohitura dute: "Gure bizipenetan sumatu dugu naturan konektatuta gaudela gure barruarekin eta besteekin. Aipatu daitezkeen teoria asko daude, baina guk gure bizipenetik hitz egiten dugu. Naturan ajustatu egiten gara, zerbait gertatzen da emozionalki". Lan prozesua zein fasetan dagoen aztertzen dute, eta fase bakoitzean dauden beharren arabera, naturara irtetea eraginkorrago dela probatua dute: "Hasieran, proiektu bat sortzeko, behar da sormenetik, irekitzetik, aukerak ikustetik, konektatzetik... fase irekia dela esan dezakegu. Ondoren beste fase bat egongo da barruragokoa, gauzatzekoa, eskatuko duena zehaztasun asko, ordenagailuz ordu asko sartzea, edo koordinazioa... eta bukaerako faseak eskatuko du arreta on bat, aztertzeko zer gertatu den, eta hori ere kanpoan egitea eraginkorrago izan daiteke".

Testuingurua komunikazioaren parte dela oroitarazi dute: "Bilerak kanpoan egiten ditugunean testuinguru bat jartzen diogu elkarrizketari: komunikazioa desberdina da inguruaren arabera, geroni ezberdin gaudelako kotxez inguratutako kale batean edo belarra zapaltzen ari garenean. Naturan konektatuta gaude gorputz-buru-gogo". Izan ere, etengabe gaude emozio ezberdinetan eta adibide bat jarri dute: "Pentsa elkarrizketa bati estutasunetik heltzen diogula. Estutasun emoziotik zerbait berria sortzea zailagoa da. Baretasun bat behar dugu eta hori lagundu dezakegu testuingurua jarrita, gauzak natur inguruan eginda".

Naturak lanerako ere egokiak diren eraginak dituela azaldu dute: "Antzematen da konexio indartsuagoa, arreta hobea, prozesuaren beharretara egokitzea, lan egiteko modu organikoago bat... eta guztiok dugun barruko jakinduriarekin konektatzen laguntzen digu. Eta taldean dakigunarekin konektatuta bagaude, eraginkorrago gara".

Haragoko kideak aurkituko dituzu Leitzarango erreka ertzetan, eta beren lantokitik (Egia auzoko Teila fabrika) gertu duten Gladys Enea parkean: "Pandemia testuinguruan arnasgune handia dira guretzat. Osasun ikuspegitik ere bai, leku irekiak baitira, modu irekian lan egitera garamatzatenak".

FITXA

Harago aholkularitza

Zer egiten du: Aholkularitza, bidelaguntza eta erraztailetza zerbitzuak, enpresa, elkarte eta pertsonentzat.

Langile eta bazkideak: 2.

Egoitza: Donostiako Egia auzoan.

Harremanetarako: info@harago.eus.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Esperientzien kutxa
Parean: Lana, zaintza eta militantzia uztartzeko irtenbidea lana berrasmatzea denean

Erabat militantzian bizi ziren garai batean; lan ordaindua eta militantzia denborak bereizi zituzten ondoren beren egunerokoan; eta ama egin zirenean... beren lanbidea sortzeari ekin zioten, ordura arte militantziaz landu izan zuten feminismoa lan ordutan egin ahal izateko. Zer... [+]


Alda: Kolektiboan irtenbidea emanaz jendarte herrikoiak bakarka dituen eguneroko arazoei

Manu Robles-Arangiz Fundazioak sustatu duen Alda proiektuak egoitza ireki berri du Baionan, maiatzaren 30ean. Usaiazko eragile sozialak eta elkarteak ez direla klase herrikoiarengana iristen ikusita, AEBetako Community organizing antolaketa metodoa ezartzea du asmo, jendarte... [+]


Talleres Mitxelena: Hausnarketa egiteko makinak gelditzen dituztenak

Azken lau urte hauetan kooperatibagintzari buruzko hausnarketak landu dituzte Mitxelena tailerreko langileek. Kooperatiba sortu zutenei eta haien etxekoei eskertza egin zieten eta haiengandik “egina jaso” duten lan eredu hau baloratzeko eta kontzientzia hartzeko hiru... [+]


Ondalan: Bazkideak etxeko, sukalderaino

Burlatan duten sukaldean hamabi jaki prestatzen dituzte astero eta bost jasotze puntutan uzten dute. Ondalaneko bazkideek leku horietako giltza badute eta nahi dutenean pasatu daitezke janari ontzien bila. Etxekoak dira bazkideak: ez da kuotarik ez permanentziarik ordaindu... [+]


Elikagunea: Egunerokoa bertakoa jatea denean

Irudikatzen al dugu herri bat, saskia hartuta erosketetara ateratzean, eskutan hartutako guztia bertakoa bagenu, etiketari begiratu beharrik izan gabe, edo saltzaileari galdezka ibili gabe? Herri osoa ez, baina plaza bada horrelakoa Azpeitian. Baserritarren azoka erdian... [+]


Eguneraketa berriak daude