Olaf Scholz kantzilerra: “Gerra nuklearra saihestu behar da”

  • Ez da ezaguna oraindik zenbat arma bidali dituzten Mendebaldeko estatuek Ukrainara, baina ezaguna da horiekin eusten diola Ukrainako armadak Errusiaren erasoari eta bestela egoera askoz larriagoan legokeela.


2022ko apirilaren 22an - 15:31
Olaf Scholz Alemaniako Kantzilerra. (Argazkia: Inga Kjer. CC by-sa. 2.0)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ukrainara armak bidaltzea ez da orain arte zalantzan jarri izan Mendebaldeko herrialdeetan, baina osotasunean arrakala batzuk agertzen ari dira apurka. Gaitza da jakitea gerrari buruzko analisietan zer den egi eta zer propaganda, baina badirudi nahiko zabaldua dagoela Errusiak bere inbasio taktika aldatu duela, eta orain Ukrainaren ekialdea eta hegoaldea hartzean jarriko duela bere indarra.

Errusiako armadak indar gehiegi xahutu omen ditu Kiev hartzeko saiakeran, eta baja asko izan ditu, besteak beste inbasioaren hasiera ohiko errepide nagusietatik bideratu zuelako, Ukrainako armadari tankeen aurkako Mendebaldeko armak arrakastaz erabiltzeko aukera emanez.

Hainbat analistak dio orain, Errusiak geldoago baina seguruago egingo duela aurrera ekialdeko erasoetan. Horregatik, esaten da orain artilleria gerra egiten ari direla, alde bakoitzeko lehen lerroak gogor kolpatuz. Gerretan oso ohikoa da hori, baina orain egiten ari den arma astunen erabilera horrek Lehenengo Mundu Gerrako gerra moldea aipatzea ekarri du.

Defentsa edo erasorako arma bidalketak

Edozein kasutan, Ukrainarentzat ezinbestekoak diren armak bidaltzen jarraitzen du Mendebaldeak. Ostegun honetan bertan, Joe Biden AEBetako lehendakariak iragarri du 800 milioi dolar gehiago bidaliko dituela armetan, gehiena artilleria: 155 milimetroko 72 kanoi Howitzer eta 144.000 artilleria pieza, Kanoi horiek eramateko 72 ibilgailu, 121 dron Phoenix eta gerrarako bestelako ekipamendua, Pentagonoaren esanetan.

Espainiako Gobernuko lehendakari Pedro Sánchez ere aste honetan bertan izan da bisitan Ukrainan eta bertatik iragarri zuen 200 tona bidaliko zituela aurki arma eta muniziotan, eta 30 kamioi eta 10 ibilgailu arin.

Adi gerra nuklearrarekin

Baina testuinguru horretan, bada arreta bestelako esparru garrantzitsuetan jartzen ari den mandataririk Europan. Alemaniak, adibidez, defentsarako armak bidaltzen dizkio nagusiki Ukrainari, baina ez erasorako arma astunak, besteak beste Olaf Scholz kantzillerrak Der Spiegel egunkarian azaldu duenez, horrek gerra atomikorako arriskua handitzen duelako eta aukera hori bai ala bai saihestu behar delako. Horretarako, halaber, bere ustez giltzarri da NATO ez sartzea gerran.


Ukrainako gerra kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 29
Errusiak eraso handiak iragarri ditu Kieven eta Europari mehatxu egin dio
Madrilgo drone enpresak ere oreshnik errusiar misil supersonikoen jo puntuan daude

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...