Oihanaren kudeaketa publikoa arriskuan

  • Langile geroz eta gutxiago, funtzionario kopurua ere apaltzen ari… Langile ordezkariek eta ingurumen zaintzako hainbat elkartek argi ikusten dute oihan publikoen kudeaketa arriskuan dela. ONF erakundeak hartzen dituen bideetan egur salmentak gaina hartzen die, emeki emeki, zerbitzu publikoaren misioiei.


2019ko irailaren 17an - 09:00
(Argazkia: Oliver Herold)

Estatu frantziarraren tradizio luze baten segida da eragile batzuek goraki eta funtzionario anitzek ahapeka salaturik, arriskuan ikusten dutena. Oihan publikoen kudeaketa ONF Oihanen Erakunde Publikoaren gain da 1965 urteaz geroztik, lehenago beste izeneko erakundeek hasia oinordekotzan hartu ondotik. Azken hilabeteetan, kudeaketa pribatizatzeko lanjerra salatzen dute ingurumen defentsako hainbat elkartek eta ONFko langile sindikatuek ere. Sohütako bulegoan hemeretzi funtzionario ziren 2002an, gaur egun hamar dira. Estatu mailako erakundean berriz, langileen %60 funtzionarioak dira eta besteak erregimen pribatukoak; joan den urtetik, ez da gehiago funtzionario berririk hartzen.

Snupfen Solidaires erakundeko sindikatu nagusiaren departamenduko bozeramaileak, Ramuntxo Teletxeak, laburbiltzen du egoera: “ONFk mugimendu neoliberala osoki jasaten du azken hamarkadetan”. Bere erranetan osasungintzan edo irakaskuntzan gertatzen den gauza bera da, “Neoliberalismoa hori baita: Estatu zinez azkar bat, dena azpi-tratatzen duena, funtzionario kopurua txikituz eta jendeak bata bestearekin lehian ezarriz maila guztietan, ofizioaren prekarizazioa eraginez”.

Oihaneko zerbitzu publikoa

ONFen esku da, bereziki, oihan publikoen kudeaketa, izan estatu oihanak, herrienak, edo Zuberoan bezala, herrien arteko erakundeenak -Zuberoako Sindikata kasu-. Frantzia osoko oihanen %27 kudeatzen du erakundeak. Hiru misio nagusi ditu, historikoki, betetzeko: egurraren salmenta, biodibertsitatearen zaintza eta publikoaren informazioa ziurtatzea.

Departamenduan, egur ekoizpen “handia” bada Teletxearen arabera: 110.000 bat metro kubo urte bakoitzeko. Sindikatuko ordezkariak pista bat ematen du, ONFk dituen misioen artean, ziurtatzen duen zerbitzu publikoa ulertarazteko: “Antinomia bat bada ekoizpena eta biodibertsitatearen babesaren artean, baina hor gaude paradoxa hori kudeatzeko”. Oihanaren pribatizazioa aipatu gabe ere, biodibertsitatearen zaintzea zaildu dela ikusten du: “geroz eta langile gutxiago izatean eremu hain zabalean, zaila bilakatzen da lan guztiak behar bezala segitzea”.

Funtzionario bakoitzak oihan desberdinak baditu bere zaintzapean, usu herriekin edo erakunde publikoekin elkarlanean kudeatuak. Oihanaren kudeaketa plan iraunkorren arabera hautatzen dute zein zuhaitz saldu, adibidez; ondotik zuhaitz horiek markatzen dituzte erosleak jakin dezan zer moztu behar duen. Mozketa ondotik kontrola ziurtatzen dute funtzionarioek. “Hemen bada hartza, tetra handia eta fauna eta mikro-fauna guztia kontuan hartuak dira oihana lantzeko eta kudeaketzeko maneran”, Teletxearen erranetan.

Pribatizazio bidea

2002 urteaz geroztik, erreforma desberdinak direla medio, ONFk hartu duen orientazioa “kopuruetan oinarritzen” dela uste du sindikatuko bozeramaileak eta “horrek automatikoki bultzatzen duela ekoizpenera bideratzea eta oihana industrializatzera. Orientazioa emana da”. Orientazio berri horren ondorioak ez dira agerian Teletxearen erranetan, oihanaren epeak luzeak direlako. Gaur egun egiten denak ondorioak ukanen ditu 30 edo 40 urteren buruan. Baina, argi du kalteak izanen direla: “Neoliberalismoa epe laburreko logika da eta ingurumenarentzat arras kaltegarria”.

ONF aspalditik izan da oihan publikoen jabe diren herri eta erakunde publiko desberdinen lankidea: oihana nola kudeatu aholkatzen die, eta aitzinkontuak onartuak direlarik, obra desberdinak bideratzen ditu. “Konfiantza handia bada”, langileen erranetan. Baina kudeaketa mota horrek kostu bat badu, 200 milioi eurokoa Frantzia mailan, egur salmentaren irabaziak baino handiago direlako oihanaren kudeaketa orokorraren gastuak.

Estatuaren parte hartze ekonomikoa, “konpentsazioa”, murriztuz joan da. Orain gainera, oihan publikoak dituen herri batek legar berri bat pagatu behar du ONFen gastuak estaltzeko: hektarea bakoitzeko bi euro urtean. Ramuntxo Teletxea: “Herri batzuk aspertuak dira pagatu beharrez, besteak azkarrago dira eta nahiago dute erakundea eta oihanzainak atxiki beren oihanaren kudeatzaile gisa. Baina Frantzia mailan, herri batzuek beren oihanaren kudeaketa enpresa pribatuei irekitzea galdetu dute”, arranguratzen da Teletxea.

Orainoz Estatuak ONF erakundea soilik onartzen du oihan publikoen kudeaketarako, baina hori alda daitekeela susmatzen dute ingurumen zaintzako erakunde anitzek. Saint-Bonnet-Tronçais hirian ONFen defentsan egin manifestaldi batean, hogei erakundek sinatu manifestuak hala zion: “ONFk hartu dituen pribatizazio eta industrializazio bideak berriz pentsatu beharko dira gaur egungo gizartearentzat oihanean jokoan dena kontuan hartuz (klima, biodibertsitatea, enplegua eta ekonomia)”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oihanak
2024-04-09 | ARGIA
11.000 zuhaitzen mozketa aldarrikatu dute Azpeitian eta Berangon, “landaketa industrialaren” aurkako ekintzan

Lurraren Altxamenduak mugimenduak eman du “aurreko asteetan” buruturiko ekintzaren berri. Zuhaitz landaketaren eredu industriala krisi ekosozialaren eragile garrantzitsua dela salatu du mugimenduak, naturaren eta langileen esplotazioan oinarritzen delako eta lurra... [+]


2023-03-22 | Reporterre
Ibai hegalariak munduko klimaren protagonista funtsezko horiek

Klimaren hondamendiari ihes egitekotan, ez da aski izango atmosferan murriztea negutegi eragineko gas kontzentrazioak. Beharrezkoa izango da oihanak eta lurzoruak zaintzea ere, ez ditzaten hondatu deforestazioak eta nekazaritza intentsiboak; zeren eta uraren zikloa ere oso... [+]


2023-01-04 | ARGIA
Islandiaren tamaina adina baso suntsitzen da urtero munduan, NBEren arabera

Ingurumenaren zaintza eta kontserbaziorako Nazio Batuen Elkarteko programak egindako txosten baten arabera, urtero 10 milioi hektarea baso suntsitzen da munduan, Portugal edo Islandiaren tamainakoa. Deforestazioak munduko gas-isurien %25 dakarrela ohartarazi du erakundeak.


PODCAST #70 | Etiopian aspaldiko oihanen azken aleek biziari eusten diote ehunka baselizaren inguruko harresien babesean

Azken mendean Etiopiak galdu ditu antzinako oihanik gehienak, nekazaritzaren, artzaintzaren eta herrialdean laborantza industrial neokolonialak eragindako goseteen presiopean. Alabaina, biodibertsitatez betetako azken baso zatiak geratu dira, fosil gisa, zientoka eliza eta... [+]


Biodibertsitatea sustatzeko mundua berriz basati uzteko ideia mito batean oinarrituta dago, diote zientzialari kritikoek

Biodibertsitatearen galera eta klimaren aldaketa konpontzen lagundu behar luke Lurreko eremu zabalak berriro basati garatzen lagatzeak, hala defenditu du luzaz ekologiaren korronte nagusiak. Aldiz, zenbait zientzialarik aldarrikatu dute natura aberatsagoa zeneko mundu hartan... [+]


2021-04-23 | Aiaraldea
Mario Corral, 'Peru':
“Arazoa ez da eukaliptoa soilik, basoen ustiapen eredua erabat eraldatu behar dugu”

 Mario Corral, Peru (Gasteiz, 1968) Uhandre Amurrioko Baso Biziak plataformako kidea da, beste hainbat auzokiderekin batera. Kezkaz bizi dute eukaliptoaren hedapen masiboa.


2020-10-21 | Erran .eus
Uda honetan 736 hektarea erre dira Nafarroan eta suhiltzaileek 501 sute itzaltzen parte hartu dute

Uda hau, azkeneko 5 urteetako datuekin konparatuz gero, bigarrena da esku-hartze kopuruari dagokionez. Hurrenez hurren, 2016an 580 sute itzali baitzituzten Nafarroan, 2017an 439, 2018an 357 eta 2019an 461.


2020-08-31 | Mikel Eizagirre
Amazonian, urtebetean, lursail soiltzea %85 areagotu da

2020an, 2019an jasandako kalteak baino larriagoak izateko arriskuan dago oihana. Duela bi urteko indizearekin alderatuta, %85 areagotu zen iaz deforestazio prozesua. Hainbat erakundek Brasilgo presidente Jair Bolsonaroren administrazioa susmagarri nagusitzat dute.


2020-07-30 | Mikel Eizagirre
3.000 milioi animalia hil eta kaltetu zituzten Australiako suteek

Historia modernoan fauna basatiaren aurka jazo den “hondamendi handienetariko bat” izan dela diote zientzilariek.


Amazoniako deforestazioa %50 hazi da koronabirusak eragindako kontrol faltagatik

Brasil da Hego Amerikan koronabirusaren izurritea gehien pairatu duen herrialdea, 1.328 hildako eta 23.430 kutsaturekin. Biztanleen osasunari soilik ez, naturari ere egin dio kalte birusak; izan ere, iazko garai berarekin alderatuz %50 hazi da Amazoniaren deforestazioa,... [+]


Eguneraketa berriak daude