11.000 zuhaitzen mozketa aldarrikatu dute Azpeitian eta Berangon, “landaketa industrialaren” aurkako ekintzan

  • Lurraren Altxamenduak mugimenduak eman du “aurreko asteetan” buruturiko ekintzaren berri. Zuhaitz landaketaren eredu industriala krisi ekosozialaren eragile garrantzitsua dela salatu du mugimenduak, naturaren eta langileen esplotazioan oinarritzen delako eta lurra kaltetzen duelako. “Bailaraz bailara” antolatu eta “landaketa industrialak desegitera” dei egin du.

2021eko abuztuan antzeko ekintza bat burutu zuten hogei ekintzaile inguruk Arratian, Iraultza Txikien Akanpadaren testuinguruan. Ehunka eukalipto moztu eta haritzak landatu zituzten.

2024ko apirilaren 09an - 15:41
Azken eguneraketa: 17:06

Ohar bidez eman du mozketa masiboaren berri Lurraren Altxamenduak. Zehaztu dute Azpeitian eta Berangon “11.000 zuhaitz inguru” moztu dituztela, orotara bederatzi hektareako zabaleran. Sabotajea “krisi ekosozialaren” testuinguruan kokatu dute, eta, zehazkiago, lurraren “emankortasunaren eta bioaniztasunaren” galeran.

Basoa vs monolaborantza industriala

“Baso-industriaren etengabeko propagandak kontrakoa badio ere, argiki esan beharra dago zuhaitz landaketa hauek ez direla basoak. Basoak bizidun aniztasuna duten ekosistema konplexuak dira, adin, tamaina, forma eta kolore ezberdinetako landare, onddo eta animaliek osatuak”, azaldu du mugimenduak. Salatu du eredu industriala pinuaren edo eukaliptoaren moduko hazkunde azkarreko zuhaitzen monolaborantzan oinarritzen dela: “Espezie bakarra erabiltzeak, hau urte gutxiren buruan arraseko mozketa bidez moztu eta ateratzeak, erabilitako makineria astunak eta hau mugitzeko egiten diren pistek mendietako lurzoruak izugarri kaltetzen dituzte”. Beren esanetan, mendetan ondutako aberastasuna eta aniztasuna “belaunaldi gutxi batzuetan” jarri da galbidean.

“Zuriketa berdea” egitea leporatu die mugimenduak egur produkzio industrialaren sektoreari, Smurfit Kappa, Iberpapel eta Kutxabank jarrita adibide gisara: “Beraien burua ingurugiroaren babeslez mozorrotzen dute, natur guneen txikizioaren arduradun nagusiak diren bitartean”. Zuriketa ariketa hori enpresek “administrazio publikoaren konplizitatearekin” egiten dutela salatu dute, “Basotik bezalako txiringito publiko-pribatuak adibide”. Baita lur horiek pertsona “prekarizatu eta migranteak” esplotatuta kudeatzen dituztela ere. “Bereziki lan arriskutsua, istripu indize oso altua duen sektorea baita”.

Proiektu “txikitzaileak” gelditzera deia

Zuhaitzen landaketa industriala “gelditu beharreko beste hainbat proiektu txikitzaileren pareko” dela iritzi dio Lurraren Altxamenduak mugimenduak. Horien artean zerrendatu ditu AHTa, autobideak eta autobide elektrikoak, edo energia berriztagarrien makroproiektuak.

Bestelako elikadura eta basogintza ereduak sustatzeko beharra aldarrikatu du mugimenduak, eta eredu industriala oztopatzekoa: “Diru goseak mugitutako jendilaje honen makineria eta praktika erasokorrak geldiaraztea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu. Horregatik, bailaraz bailara taldeak sortu eta eraso hau gelditzeko ekimenak martxan jarriaz, landaketa industrialak desegitera gonbidatu nahi zaituztegu”.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#3
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Basoen suntsiketa
2023-01-04 | ARGIA
Islandiaren tamaina adina baso suntsitzen da urtero munduan, NBEren arabera

Ingurumenaren zaintza eta kontserbaziorako Nazio Batuen Elkarteko programak egindako txosten baten arabera, urtero 10 milioi hektarea baso suntsitzen da munduan, Portugal edo Islandiaren tamainakoa. Deforestazioak munduko gas-isurien %25 dakarrela ohartarazi du erakundeak.


2021-04-23 | Aiaraldea
Mario Corral, 'Peru':
"Arazoa ez da eukaliptoa soilik, basoen ustiapen eredua erabat eraldatu behar dugu"

 Mario Corral, Peru (Gasteiz, 1968) Uhandre Amurrioko Baso Biziak plataformako kidea da, beste hainbat auzokiderekin batera. Kezkaz bizi dute eukaliptoaren hedapen masiboa.


Eguneraketa berriak daude