Amazonian, urtebetean, lursail soiltzea %85 areagotu da

  • 2020an, 2019an jasandako kalteak baino larriagoak izateko arriskuan dago oihana. Duela bi urteko indizearekin alderatuta, %85 areagotu zen iaz deforestazio prozesua. Hainbat erakundek Brasilgo presidente Jair Bolsonaroren administrazioa susmagarri nagusitzat dute.


2020ko abuztuaren 31n - 11:59
Sutea oihanean. Argazkia: Wikimedia Commons

Bolsonarok errepublikako presidente kargua hartu zuen lehen urtea hondamendia izan zen Amazoniarentzat, planetako birika berde nagusiarentzat. Brasilgo Espazio Ikerketarako Institutu Nazionalaren Denbora Errealeko Deforestazioa detektatzeko Sistemak (INPE, brasildar siglen arabera) 2020. urtearen hasieran argitaratu zuenez, "baso-soiltzearen ohartarazpenak" zituen eremua 9.166 kilometro koadrora heltzen zen, eta 2018an, berriz, 4.946 kilometro koadrora, hau da, %85eko igoera. Joan den hamarkadan suntsitu dira gehien oihanak. Aurreikuspenen arabera, 2020. urtea okerragoa izan liteke egungo suteek erritmo berari eusten badiote.

El Salto hedabideak dioenez, abuztuko lehen hamar egunetan soilik, 10.136 sute detektatu ziren Brasilgo Amazonia osoan, %17ko igoera sasoi horretan iaz izan zenarekin alderatuta, eta zifrarik altuena, berriz, azken hamarkadako bilakaerari erreparatuta.

Human Rights Watchek (HRW) abuztuaren 26an eman zuen egoeraren berri, eta txosten bat argitaratu zuen, aurtengo suteak okerragoak izan daitezkeela salatzeko. Izan ere, Klima Aldaketari buruzko Politika Nazionalak izaera loteslea duen arren, Brasilgo Gobernuak urteko baso-soiltze orokorraren tasa 3.925 kilometro karratura murrizteko konpromisoa hartu zuen, baina apirilean suntsitutako eremu berriak 4.509 km koadro ziren. Gainera, iazko uztailarekin alderatuta, sute gehiago atzeman zituzten, %28 gehiago, zehazki.

Bolsonaro efektua

Komunitate zientifikoak zein mugimendu ekologistak Bolsonaroren eragina nabarmendu dute hondamendiaren atzean. Amazoniako ustiapen-planetan eskuduntzak eta baliabideak kendu zizkien administrazio publikoei, hala nola Brasilgo Ingurumenaren eta Baliabide Natural Berriztagarrien Institutuari (IBAMA), Ingurumen Ministerioari lotua dagoena eta Ingurumen Politika Nazionala aurrera eramateaz arduratzen dena.

Harraparitza

Global Rural aldizkariak ohartarazi zuenez, 2019ko abuztuaren 7an, “Suaren Eguna” deiturikoa baino hiru egun lehenago, sute masiboak hasi ziren Novo Pogresso eskualdean. Pará estatuan, 70 pertsonako talde bat whatsapp bidez koordinatu zen, BR-163 errepidearen ertzei su emateko. Talde horren barruan lurjabeak, landa-ekoizleak, merkatariak eta sindikalistak zeuden. Ingurumen Ministerioan informazio horren berri eman zen arren, ez zuten neurririk hartu. Antza denez, aurten ere arazo bera izan da. Ikertzaileek eta ingurumenaren alorrekoek salatu dutenez, eskualdean suak debekatzeko eta militarrak zelatan jartzeko 120 eguneko luzamendua izan arren, "eraginkortasun urriko neurria” izan dela dio HRWk. "Amazoniako oihaneko suteak ez dira modu naturalean gertatzen", salatu du gobernuz kanpoko erakundeak. "Baso-soiltzearen ondoren, nahita eragindako suteak gertatzen dira, lurrak garbitzeko eta nekazaritza, abeltzaintza eta higiezinen espekulazioari bide emateko, askotan legez kanpo. Sute gehiago izaten dira abuztuan edo irailean".

Ekoizpen kontua

Uztailean Science aldizkarian argitaratutako Las Manzanas podridas del agronegocio brasildar ikerketak aditzera ematen zuenez, soja esportazioen %20 inguru eta Hego Amerikako behi haragiaren esportazioen %17 Amazonian baso-soiltzearen legez kanpoko jarduera duten eremuetatik datoz. Ikertzaileek "Brasilgo Basoen Kodeari eta sojaren luzamendu akordioari aurre eginez" baso-soiltzea bultzatu izana leporatu zioten Bolsonarori, aleak ekoizteko basoak moztea debekatzen duen araua urratzea, hain zuzen ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Basoen suntsiketa
2024-04-09 | ARGIA
11.000 zuhaitzen mozketa aldarrikatu dute Azpeitian eta Berangon, “landaketa industrialaren” aurkako ekintzan

Lurraren Altxamenduak mugimenduak eman du “aurreko asteetan” buruturiko ekintzaren berri. Zuhaitz landaketaren eredu industriala krisi ekosozialaren eragile garrantzitsua dela salatu du mugimenduak, naturaren eta langileen esplotazioan oinarritzen delako eta lurra... [+]


2023-01-04 | ARGIA
Islandiaren tamaina adina baso suntsitzen da urtero munduan, NBEren arabera

Ingurumenaren zaintza eta kontserbaziorako Nazio Batuen Elkarteko programak egindako txosten baten arabera, urtero 10 milioi hektarea baso suntsitzen da munduan, Portugal edo Islandiaren tamainakoa. Deforestazioak munduko gas-isurien %25 dakarrela ohartarazi du erakundeak.


2021-04-23 | Aiaraldea
Mario Corral, 'Peru':
"Arazoa ez da eukaliptoa soilik, basoen ustiapen eredua erabat eraldatu behar dugu"

 Mario Corral, Peru (Gasteiz, 1968) Uhandre Amurrioko Baso Biziak plataformako kidea da, beste hainbat auzokiderekin batera. Kezkaz bizi dute eukaliptoaren hedapen masiboa.


Eguneraketa berriak daude