Europar Batasunak abuztuan onartutako araudi baten arabera, 2030erako degradaturiko eremuen %20 lehengo egoerara itzularazi behar da. Hori dela-eta, hainbat eragilek Jaurlaritza, natura leheneratu orain dokumentua sortu dute, eta asteazken honetan aurkeztu dute publikoki Donostian.
Degradatuta dauden Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako guneak identifikatu eta lehengo egoerara berrezartzeko “aparteko neurriak” hartu ditzala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari mugimendu ekologistako eta naturaren aldeko ekintzaileen ordezkaritza zabal batek, asteazken honetan Donostian. Euren esanetan, Europan onartu den araudi berria ezartzeari “lehentasuna” eman beharko lioke Imanol Pradalesen gobernuak.
Hitzordua Cristina Enea parkean jarrita bazuten ere, Gladys del Estalek hain maitea zuen Donostiako biriketako bat den horretan, azkenean eguraldia dela-eta Tabakaleran elkarretaratu dira Baso Biziak plataforma, Denon Berdeguneak koordinadora, Egurra eta Kandela baserritar ekintza, eta Eguzki eta Ekologistak Martxan talde ekologistetako ordezkariak. Jaurlaritza, natura leheneratu orain dokumentua aurkeztu dute agerraldian, testua sortu duten bost talde horiez gain, beste 22 eragileren atxikimendua ere baduena.
Konpromisoak lortzeko bide luzea
Abuztuaren 18an Europar Batasuneko Ingurumen Ministroen Kontseiluak Natura Leheneratzeko Legea indarrean sartu zen. Horren arabera, 2030erako degradaturiko lehorreko zein itsasoko eremuen %20 lehengo egoerara itzuli beharko dute EBko kide diren herrialdeek, eta ekosistema guztiak leheneratuta egon beharko dira 2050erako.
2030erako degradaturiko lehorreko zein itsasoko eremuen %20 lehengo egoerara itzuli beharko dute EBko kide diren herrialdeek, eta ekosistema guztiak leheneratuta egon beharko dira 2050erako
Ekosistemak leheneratzearen inguruan konpromisoak hartzeko nazioarteko negoziazioak luzeak izan dira, Ekologistak Martxanek gogorarazi duenez. 2022an Montrealen egindako Biodibertsitatearen Aldeko COP15 konferentzian lehen aldiz onartu zuten 2030erako biodibertsitatearen galera geldiarazi eta 2050erako “naturarekin harmonian bizitzeko helburua”.
Akordio horrek, baina, mehatxu eta erronka handiei egin behar die aurre, hala nola natur guneak babestea, multinazionalak kontrolatzea, herri indigenak aitortzea, baita natura leheneratzea ere.
Orain, Europar Batasunak helburu hori lortzeko bidean –eta biodibertsitateari buruzko bere estrategiaren barruan– onartu du Natura Leheneratzeko Araudia.
Zirrikitu bat
Hala, araudi horrek irekitako “zirrikitua” baliatu nahi izan dute Jaurlaritza interpelatzeko, eta neurriak hartu ditzala eskatzeko, araudiaren "gutxieneko alderdiak behintzat" bete ditzan. Talde bakoitzak legearen bere irakurketa egin du eta arlo zein ikuspegi anitzetatik egin dizkiote eskariak Lakuari.
Eusko Jaurlaritzak pausoak berehala eman beharko lituzkeela diote, Espainiako Gobernua prestatzen ari den leheneratze planari “itxaron gabe”, horretarako badituelako nahikoa tresna
Ekologistak Martxanen esanetan, Eusko Jaurlaritzak pausoak berehala eman beharko lituzke, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioa bere aldetik prestatzen ari den leheneratze planari “itxaron gabe”, horretarako badituelako nahikoa tresna.
Agroekologiaren esparruan lanean ari den Egurra eta Kandela baserritar kolektiboarentzat, berriz, araudiak eskatzen du ekosistema “osasuntsuak, bioanitzak eta erresilienteak” izatea, eta horretarako ezinbesteko ikusten du produkzio sistema intentsibo batetik ekologikorantz egitea.
Tapia Legea-ren mehatxua
Baina legea “albiste ona” den arren, ñabardurak ere egin dizkiote. Eguzki taldearen ustez, esaterako, orain arte natura leheneratzeko proiektuak ez badira aurrera atera “ez da izan lege edo araudi baten falta zegoelako”, eta adibide bezala jarri ditu Lemoizko zentral nuklearrarekin edo Txingudiko Planarekin gertaturikoa, “30 urte pasa dira eta oraindik bete gabe jarraitzen du”.
Denon Berdeguneak taldeak, bestalde, ohartarazi du “interes publiko handiagoko proiektuak” inposatu daitezkeela –Tapia legea izenez ezagutzen den EAEko arauarekin–, ingurumenaren kontserbazioaren gainetik.
Nolanahi ere, proposamenak ere egin dizkiote Eusko Jaurlaritzari: hirietan eta inguruetan zuhaitzek gutxienez azaleraren %10 estaltzea, herritarren parte hartzea bermatuta; Hiriko Zuhaitz eta Berdeguneen Lege bat sortzea; eta era guztietako “arborizidioak” geldiaraztea, “bereziki, ekosistemak eta bioaniztasuna nabarmen degradatzen dituzten eukaliptoen landaketak”, dio Baso Biziak plataformak.
Asteazkeneko agerraldian, bost talde horietako ordezkariak bat etorri dira hemendik aurrera dokumentu hori herrietan zabaldu beharrarekin. Horretarako udaletara ere joko dute
Udaletan ere, eta larunbatean Gernikara
Asteazkeneko agerraldian, bost taldeetako ordezkariak bat etorri dira hemendik aurrera dokumentu hori herrietan zabaldu beharrarekin. Horretarako udaletara ere joko dute, babes bila ez ezik, euren eskumenekoak diren arloetan neurriak hartu ditzatela eskatzeko.
Bestalde, larunbat honetan Gernika-Lumon Guggenheim Urdaibai Stop lemapean egingo den manifestazioarekin bat egin eta hara joateko deia egin diete herritar guztiei, natur guneak leheneratzeko euren aldarrikapenarekin “bete-betean” baitator mobilizazioa.
Dokumentuaren egileak: Baso Biziak, Denon Berdeguneak, Egurra eta Kandela, Eguzki eta Ekologistak Martxan. Atxikimendua: Greenpeace, Naturkon, Lurgaia, Seo Birdlife Euskadi, Sustraiak Habitat Design, Ehko, Besaia, Butroi Bizirik, Guggenheim Urdaibai Stop, Herri Bideak Kate Barik, Ondarroa 12 Milia, Fridays For Future Bilbao, Etxalde, Erandio Herriko Elkartea, Biolur, Errez, Sukar Horia, AHT Gelditu Nafarroa, Donostialdeko eta Oarsoko AHTrik EZ taldea, Sagarrak Ekologista Taldea, Arabako Mendiak Aske, eta Araba Bizirik
Onintza Enbeitak lurrari emana bizi izan den Feli Madariagaren bizitzako hainbat pasarte kontatzen ditu. Urriaren 10ean 18:30etan Muxikan, bi emakumeon artean aurkeztuko dute ARGIAren Bizi Baratzea sailean argitaratu den liburua.
Udazkenean zentzumen guztiak erne dituztela joaten dira onddo biltzaileak mendira. "Hau jangarria ote da, edo toxikoa?", horra onddoen erreinuko ale bakoitzaren aurrean egiten duten galdera. Asmatu ez dutenek, kasurik larrienetan, ospitalean bukatuko dute eta orduan... [+]
Zuhaitzen hostoak erortzen ari dira, eguzkiak ez du hainbeste berotzen baina azken izpiak aprobetxatuz, bazkalostean mendi bueltatxoa ematera irten gara. Mendiaren soinuetan barneratuta, bat- batean tronpetak diruditen “kru-kru-kru” hotsak entzuten dira. Begirada... [+]
Baigorriko pentzeetan jateko sagarrak ekoizten ditu Elena Aguerre laborariak. Lekorneko Garroa etxaldean barazkigintza ekologikoan luze aritua zen, baina 2022-2023ko neguan Baigorrira lekualdatu eta proiektu berria jarri zuen abian: “Pentze bat xerkatu eta hektarea eta... [+]
Inaurkina. Inaurkingintzan buru-begi hasia dago aberats jendea, abeldun jendea, abeltzaina. Buru-begi eta buru-belarriak erne egin beharreko lana da inaurkinarena. Etxeratu nahi den zaborra da inaurkina. Izan ere, zaborra, gaur egun sortzen duguna ez bezala, begi-bistatik... [+]
Udazken sasoia iritsi zaigu eta ohikoak diren irudiak etorri zaizkigu; hostaje gorrixkak, erortzen ari diren hosto bakan malenkoniatsuak, haizeak astindutako orbela.
URA agentziak obrak “berehala” geldiarazi ditu, eta txostena ireki dio Red Electricari. Ez da lehen aldia bentonita isuriak atzematen dituztena. Obrek Gatika eta Europa konektatzea dute helburu.
Suaren presentzia naturan milioika urtetan izan da (gizakion agerpena baino askoz lehenagotik). Horregatik, ohikoa da landare askok suaren aurrean adaptazio ugari edukitzea. Gure inguruan arruntak diren arteek eta ametzek, adibidez. Baita txilar askok eta otea bezalako sastraka... [+]
2018tik 2023ra kolore berdea izatetik grisa izatera pasa den lur eremua 9.000 kilometro koadro ingurukoa da, Zipreren adinako azalera. The Guardian-ek argitaratu duen ikerketaren arabera, etxebizitzen eta errepideen eraikuntzara ez ezik, luxuzko turismo, kontsumo eta aisialdira... [+]
Altri multinazionalak Europako zelulosa lantegi handienetakoa eraiki nahi du Galizian, Palas del Rei herrian, lyocell deituriko zuntz "jasangarria" ekoizteko. Eukaliptoak, ura, moda-industria indartsua eta oligarkia politiko diruzalea. Dena du alde horretarako. Dena?... [+]
Berotegi gasen emisioak eta atmosferaren kutsadura murriztu egin diren arren, ingurumenaren egoera ez da ona Europan, kontuan harturik naturaren degradazioak, gehiegizko ustiapenak eta biodibertsitatearen galerak dakartzaten ondorioak, Europako Ingurumen Agentziak bost... [+]
Uztailaren erdialdean aurkeztu zuten 2027tik aurrera Europako Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) izango dena, eta proposamena izugarria da: NPBaren egitura desegitea eta azken urteotan lortutako aurrerapen urriak suntsitzea.
Silurikoan sortu omen ziren, kontuak atera! Duela 400 milioi urte edo gehiago. Beraz, planetako lurretan azaldu ziren lehenetako animaliez ari gara, ez da txantxetarako kontua. Eta oraindik txantxa gutxiago, garai hartako espezie batzuek luzeran bi metro ere bazituztela jakinda... [+]
Garuna dirudi, bai, intxaur alearen mamiak. Garun bikoitza. Alearen edo garauaren barrukoari “intxaur-mami”, “intxaur-ister” eta “intxaurki” esaten zaio.