"Arazoa ez da eukaliptoa soilik, basoen ustiapen eredua erabat eraldatu behar dugu"

  •  Mario Corral, Peru (Gasteiz, 1968) Uhandre Amurrioko Baso Biziak plataformako kidea da, beste hainbat auzokiderekin batera. Kezkaz bizi dute eukaliptoaren hedapen masiboa.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2021eko apirilaren 23an - 15:23
Argazkia: Aiaraldea.eus

Zergatik erabaki zenuten Uhandre Amurrioko Baso Biziak elkartea sortzea?

Eukaliptoaren hedapen masiboa oso kontu ebidentea bilakatu da dagoeneko. Gainera, pandemiaren eraginez, geroz eta jende gehiagok jotzen du mendira, eta horrek eukaliptoak sortzen duen kezka jende gehiagorengana heltzea eragin zuen.

Egoera oso larria zela ulertzen genuen guk, elkartzeko eta hausnartzeko beharra ikusi genuen. Erakundeak interpelatu nahi ditugu eta, batez ere, hemen muturreko arazo bat dagoela erakutsi.

Zer nolako harrera izan duzue herrian?

Oso ona! Hasieran talde txikia ginen, baina natur ingurunean mugitzen ziren norbanako eta elkarteengana jo genuenean (mendizaleak, mikologikako kideak, gazteak...) kezka orokortua zela ikusi genuen. Mundu guztia zegoen gaiari heltzeko prest.

Garaiz heldu zaio eukaliptoaren gaiari edo inguruko mendiak atzera bueltarik gabeko unean daude?

Arazoa ez da eukaliptoarena bakarrik, ustiapen ereduarena baizik. 100 urte baino gehiago daramagu ustiapen eredu berdinarekin. Intsinis pinuaren monolaborantzek “banda marroia” gaixotasuna ekarri zuten eta orain beste hondamendi natural batean ari gara murgiltzen, eredu berdina mantentzen baitugu.

Nola heldu gara egoera honetara?

Natur-inguruneetatik geroz eta urrunago gaude. Pinuaren monolaborantzak sortzen hasi zirenean, hauek baserritarrak laguntzeko modua zirela esan ohi zen, oso txiroa zen sektore bati etekina ematen zion.

Eredua azkar industrializatu zen eta gaur egun baserritar horien oinordekoak dira mendi eta baso sailen jabeak. Lurzoru bat izatea arazo bezala ikusten dute eta miseria baten truk saltzen ari dira mendi zati horiek, eukaliptoak landatuko dituzten enpresei. Geroz eta jabe gutxiagoren eskutan ari dira geratzen eskualdeko eta inguruko mendiak.

Eukaliptoa naturarekiko dugun sentiberatasun falta horren isla da. Ikuspuntu 'urbanita' batetik oso erraza da eukaliptoa ustiatzea: ez du inolako mantentze lanik eskatzen, mendia suntsitu eta handik hamar urtera etekina atera, listo.

Ondorengoei uzten ari garen lurran pentsatu beharko genuke: Nola nahiko du gazteren batek baserri batera bizitzera joan diru goseak natur-ingurua suntsitu eta lurra erabat txikitu duenean?

Badago alternatibarik?

Bai, beti dago alternatiba. Euskal Herrian adibide ugari daude zeintzuetan tokiko basoen aldeko apustuak gizarteari onura ekonomiko zein sozialak ekarri dizkien, Ultzama edo Irati esaterako. Eta zer esanik ez dago horrek aniztasunean eta espezie endemikoen babesean duen onurari buruz! Horretarako, ordea, baliabideak behar dira, laguntzak behar dira. Ezin da orain arteko eredua errepikatu, non monolaborantzarako  erraztasun guztiak jartzen diren erakundeetatik eta trabak baino ez tokiko zuhaitzen aldeko apustuari.

Zeintzuk dira elkartearen hurrengo urratsak?

Herritarrak kontzientziatzen jarraitu nahi dugu. Eztabaida erdigunean dago eta informazioa ezinbestekoa da. Bestalde, eta hasieran esan bezala, erakunde publikoak interpelatzea da gure helburua, euren esku baitago ustiapen eredua aldatzeko urratsak ematea. Lehenik eta behin, kontrol organismoak behar ditugu eukaliptoaren hedapena gelditzeko.Hirigunean kontrol zorrotz bat dagoen modu berean, mendiak ere behar ditu bere mekanismoak. Zentzu horretan, mozio bat aurkeztuko dugu aurki Amurrioko Udalean. Aiaraldeko gainerako herrietan bide berdina hartzea nahiko genuke. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Basoen suntsiketa
2024-04-09 | ARGIA
11.000 zuhaitzen mozketa aldarrikatu dute Azpeitian eta Berangon, “landaketa industrialaren” aurkako ekintzan

Lurraren Altxamenduak mugimenduak eman du “aurreko asteetan” buruturiko ekintzaren berri. Zuhaitz landaketaren eredu industriala krisi ekosozialaren eragile garrantzitsua dela salatu du mugimenduak, naturaren eta langileen esplotazioan oinarritzen delako eta lurra... [+]


2023-01-04 | ARGIA
Islandiaren tamaina adina baso suntsitzen da urtero munduan, NBEren arabera

Ingurumenaren zaintza eta kontserbaziorako Nazio Batuen Elkarteko programak egindako txosten baten arabera, urtero 10 milioi hektarea baso suntsitzen da munduan, Portugal edo Islandiaren tamainakoa. Deforestazioak munduko gas-isurien %25 dakarrela ohartarazi du erakundeak.


Eguneraketa berriak daude