Astearte goizean egin zioten eraso Anduezari. Kiroldegira jaitsi eta futbol baloia falta zela ikusita funtzionarioei zuzendu zitzaien. Eztabaidan hasi eta presoak identifikazio-plaka eskatu zion haietako bati. Funtzionarioak plaka erakutsi ez eta, gainera, biluzteko eskatu zion Anduezari.
Preso durangarrak mantala eskatu baina funtzionarioak uko egin zion. Eztabaida are gehiago piztu eta bat-batean lau funtzionariok Anduezari eraso egin zioten. Eskuburdinak jarri eta isolamendura eraman zuten ondoren.
Rufino Arriaga bisitarik gabe
Bestalde, Etxeratek salatu du Rufino Arriaga bisitarik gabe utzi zutela maiatzaren 31n. Lagunen bisitaren zain zegoen Arriaga, baina Sevilla II espetxeko arduradunek ez zieten sartzen utzi. 13:00etan zuten bisita Sevillan; 12:35etan iritsi arren, berandu zela esan zieten funtzionarioek.
Euskal preso eta senideen eskubideak "berriz ere urratu direla" salatu du Etxeratek: "Sevillan eta Murtzian gertatutakoak argi uzten du preso zein senideen aurkako ezinikusia mugagabea dela. Presoei eraso egin eta senideei bisitak –are gehiago– zailtzen dizkiete".