“Normaltasunak humanitatearen porrot honetaraino ekarri bagaitu, normalitateak baztertu duen horretara joko dugu”

  • Azaroaren 1etik 5era Susy Shock eta La Bandada de Colibríes musika talde argentinarra Euskal Herrian izango ditugu lehen aldiz.  Susyk bere burua artista, trans, sudaka izendatzen du; izan ere, posizio horretatik abiatuta transitatzen du bere egunerokoa eta posizio horretatik nahi du jendeak berarengana zuzentzea. Gaur egun Argentinako borroka transfeministan artista erreferentea da, baina ez du bakarrik transexualen eskubideen alde borrokatzen, disidentzien eskubideen zein haurtzaro libreagoen alde ere aritzen da.

Argazkiaren iturria: http://susyshock.blogspot.com
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Susy Shockek bere kanta eta poesiaren bidez borroka horiek besarkatzen ditu. Revuelo Sur (2007), Relatos en canecalón (2011), Poemario Transpirado (2011), Crianzas (2016) eta Hojarascas (2017) liburuak eta Buena Vida y Poca Vergüenza (2014) eta Traviarca (2019) diskoak argitaratu ditu. Azaroaren 2an Durangon egingo diren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan bere bigarren diskoa entzuteko aukera izango dugu eta azaroaren 4an Bilbiko Kultur Etxean (Urazurritua 7, Bilbo) bere kantak, poemak eta istorioak hurbilagotik ezagutuko ditugu.

Marlene Wayar eta beste kide batzuekin batera “trava” hitza aldarrikatzen duzue eta, beste esanahi bat emanez, zeure egin duzue. Zelan bizi izan duzue prozesu hori? Zelan besarkatzen zaitu zu hitz horrek?

Argentinan, Rio de la Platan, Brasilen “trava” hitzaren gutxiespen-esanahiari buelta ematen hasi zitzaion, lehenik talde baten parte izateko, politikoki antolatzeko, geure burua komunitate baten barruan kokatuz. Ez dago bakarrik pertsona munduaren aurka, badago elkartzen gaituen zerbait, zeharkatzen gaituen zerbait. Klasetik abiatuta, munduan habitatzen dugun tokitik abiatuta. Orduan, hitz hori landua izaten hasi zen, eskukatua, besarkatua, pertsonak komunitate baten parte sentiarazteko eta erreferentzia politikoak izateko. Hau gara, honengatik maita gaitzazue, hemendik hitz egingo dugu, hemendik harremanduko gara; izan ere, hemendik ere desiratzen gaituzte, “trava” garelako desiratzen gaituzte, “trava” garelako hiltzen gaituzte. Ez gaituzte beste modu batean irakurtzen. Eta autopertzepzio guztiak babesten eta horiengatik borrokatzen dugunez, “trava” izateko gure eskubidea aldarrikatzen dugu, geure burua era horretan izendatzeko, irakurtzeko. Guk ez dugu binario baten barruan ezkutatu nahi, guk mundua “trava” gorputzetik zeharkatu nahi dugu, “trava” sentitzetik.

 

 

Argazkiaren iturria: http://susyshock.blogspot.com

 

 

Que otros sean lo normal” (“besteak izan daitezela normalak”) eta “mucha vida y poca vergüenza” (“bizitza asko eta lotsa gutxi”) bezalako esaldiek eraman dituzte asko zu ezagutzera. Manifestazio askotako lema izan dira eta sare sozialetan, marrazkietan eta bestelakoetan ere sarri ikusten ditugu. Zure “Reivindico mi derecho a ser un monstruo” (“munstro izateko daukadan eskubidea aldarrikatzen dut”) manifestua ere asko zabaldu da gazte militanteen artean. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori? Zelan defendatzen da munstro izateko eskubidea?

Munstro izateko eskubidea autopertzepzio “trava” defendatzen den bezala egiten da. Eskubide hori geure eginez eta eskubide hori transitatuz. Horrela konturatzen gara horrek identifikatzen gaituela eta horrela harreman edo lotura hori ere posible egiten da. Hortik desira ere, adibidez, posible egiten da. Besteak maite gaitu eta desiratzen gaitu, guk maitatzen eta desiratzen dugu gorputz horretatik, normalitatearentzako nazkagarria den gorputz horretatik, gorputz hori aldarrikatuz beste modu batzuk, beste logika batzuk pentsatzeko lurralde edo espazio bezala. Izan ere, normaltasunak honaino ekarri bagaitu, humanitatearen porrot honetaraino, orduan normalitateak alde batera utzi duen horretara joko dugu eta ziur aski bertan oihu eta amets posibleak egongo dira, beste zerbait sortu eta zeharkatu ahal izateko.

Crianzas (2016) liburuan txikienei zuzentzen zara: “Hitz hauek travatxoentzat dira, ume transentzat.... ea behingoz euren hegoek hegaz egin ahal izateko postreak, besarkadak eta sehaska-kantak sortzen dizkiegun...”. Eta ekintza politiko bezala,  desberdintasunak besarkatzeari buruz hitz egiten duzu. Zelan lagundu ahal ditugu umeak, askeago bizi ahal izateko? 

Pentsaezina iruditzen zait helduok zentroan jartzen gaituen politika, uste dut horrek ere porrot egin duela. Uste dut haurtzaro guztiak laguntzeko modu bakarra eta egiazkoena dela norbera izan zen haurretik abiatuta egitea, minduta dagoen haurretik, errebantxa behar duen haurretik, bere burua aldarrikatzeko zutitu behar den haurretik. Hortik abiatuta eta gaur egun dugun helduon politikaren porrota erakutsiz. Hori da hegotxo horiek besarkatzeko modu bakarra, geure hegoetatik abiatuta egitea, hego horiek konpontzen ari diren arren, oraindik minduta egon arren, besarkatuak izatea behar duten arren. Pentsatuz orain naizen heldua mindua izan zen haurra ere izan zela, zapaldua izan zen haurra, diziplinatua. Horiek dira aldarrikatu behar diren haurrak.

Argentinako estatistikek esaten dute trabestion batez besteko bizi-itxaropena 35 urtekoa dela. Eta sarri “izenik gabekoak”, ikusezin bilakatuak, ahaztuak, izaten zarete.  Horren aurrean, “gure mendekua zahar izatera heltzea izango da” esaten entzun dizugu. Zelan irudikatzen duzu “travek” espazioak, denborak, kasu honetan zahartzaroa, konkistatzen joango diren etorkizun hori?

Ezinezkoa da zahartzaroan geure buruak bakarrik irudikatzea. Uste dut aita/ama familia hegemoniko horren abandonua daramagula arrastaka, amatasun eta aitatasun horren porrota daramagula gorputzetan. Orduan, asko bakarrik sortu gara, beste batzuekin egin gara eta uste dut etorkizuna kolektiboki sortzen jarraitu behar dugula. Nik uste dut ez dagoela modurik zahartzaro atsegina izateko eta bakarrik ez sentitzeko, ez bakardade pertsonala, baizik eta bakardade politikoa, bakardade soziala, ez bagaude komunitatean, ez badugu gure burua tribu bezala pentsatzen. Nik horrela irudikatzen dut neure burua eta horretarako borrokatzen dut.

 

 

Argazkiaren iturria: http://susyshock.blogspot.com

 

 

 

Aurten, La Bandada de Colibries (Solana Biderman, Caro Bonillo, Sole Penelas eta Horacio Vazquez) taldearekin eta Carla Morales Ríos dantzariarekin batera zuen disko berria, Traviarca, aurkeztu duzue Lohana Berkinsen eta aipatutako “izenik gabeko” horien omenez.  Nor da zuretzat Lohana Berkins? Zer uste duzu utzi duela bere tximeleta-hegaldiak?

Printzipioz, Lohanak utzi duena haur guztientzako mundu hobea da, eta hori asko da. Hau da, Lohanak ez zuen haur transen alde bakarrik borrokatzen, Lohanak haur guztiak besarkatzen jakingo zuen mundu baten alde borrokatzen zuen. Eta, era berean, mundu hobea utzi diogu gaur egun haurren heziketarako tresna hobeak dituen hegemonia horri ere. Eta hegemoniaren barruan hazten diren haur horiek tresna hobeak dituzte errebelatzeko eta desberdintasunen alde duintasunez altxatzeko. Lohanak mundu hori utzi du eta botereen eta instituzioen aurrean eskubide guztiak aldarrikatzeko zutiarazi duen harrotasun eta kemen trabesti hori.

Gaur egun hainbat talde argentinarrek, adibidez, Sudor Marika eta Cumbia Queer (eurekin kolaboratu izan duzula ikusi dugu) musikaren bidez euren borroka zein plazerak adierazten dituzte. Talde hauek euren genero edo fusioetatik abiatuta eraldaketarako bideak sortu dituzte. Zuk folklorearen bidez egiten duzu. Estilo honek rap, cumbia, rock... musika estiloek erakartzen dituztenak baino nagusiagoak erakarri ohi ditu. Hala ere, zure publikoaren zati handi bat gazteak dira. Zelan bizi duzu zure kantautore roletik, nerabe eta gazteen hurbilketa hori? Zer uste duzu ematen diotela zure abestiek argentinar folkloreari?

Niri gustatzen zait neure burua garai honetako kantautore bezala ikustea. Eta garai hau asko gustatzen zait. Garai hau esaten dudanean, Argentinan, demokraziaren itzuleratik, 80ko hamarkadatik, gaur egunera arte esan nahi dut. Garai hartan, diktadura militarra bezalako aro gogorra eta gero, esaten ez zena esaten hasi ginen, joan zirenak itzultzen hasi ziren, zauri erraldoi eta sakonak orbaintzen hasi ginen, oraindik ere sendatzen dihardugun zauri erraldoi eta sakonak. Ni garai hartan nerabea nintzen, “¡Nunca más!” horren belaunaldikoa sentitzen naiz eta hortik abiatuta bizi ditut nire beste bilaketak, nire beste definizioak bertan kokatuta egon ziren, giza eskubideetatik abiatuta, eskubide horien besarkadak bildurik.

Trabestiok hortik aldarrikatzen dugu geure burua, hortik zutitzen gara. Orduan, oso boteretsua da pentsatzea egiten duguna, kasu honetan, artea, musika, abestiak, liburuak, poemak... hor kokatzen direla, ezinezkoa da garai hori kontuan izan gabe geure burua pentsatzea. Nik sentitzen dut oraindik ere garai horrek jarraitzen duela, aldatuz doala eta inauguratu den garai oso antzeko batekin batu dela. Munduko zati interesgarrienean ematen ari den garai batekin, deseraikitzen ari den garai batekin. Beraz, diskurtso nahastea dugu gure musiketan eta geure buruak ahots propioz izendatzen hasi gara. Hori ere Lohanak utzi zigun ondarea da. Besteek gu izendatzearekin moztu eta hitz egiten hasi gara; lehenik totelka, eta pixkanaka, estrategiak ikasiz, haziz, formatuz, geu izateko, geure teoriak izateko, abestiak, liburuak, postura poetikoak. Estrategiak. Eta geure musika ere hori da. Nik chacarera abesten dut Argentinako edozein probintziatan abesten den bezala, baina ni trabestia naiz, trabesti batek abesten du eta, gainera, desberdintasunik handiena da nik ez dudala errepikatuko musika herrikoi honek eta orokorrean edozein musikak jarraitu ohi duen eskema patriarkal eta matxista. Hori da desberdintasuna eta uste dut arrazoi horregatik gazte asko hurbiltzen direla eta ukituak sentitzen direla, hunkituak, besarkatuak; izan ere, dantzatzeko orduan ere, gorputza jartzen dugu, baina ez inozoki, ez gaude anestesiatuta, badakigu dantzatzean gure ideiak ere dantzatzen ditugula.

 

 

Argazkiaren iturria: http://susyshock.blogspot.com

 

 

 

Egun hauetan zuen lehen bira egingo duzue Europan zehar. Bartzelonan, Madrilen, Euskal Herrian, Lyonen eta Belfasten egongo zarete. Zer bizitzea gustatuko litzaizuke egun hauetan?

Tribu guzti horrekin elkartu nahi dut. Nahiz eta historia, biografia eta egoera sozioekonomiko desberdinek zeharkatzen gaituzten, ikuspegi horretan, eztabaida horietan murgilduta gabiltzan tribu horrekin elkartu nahi dut. Pozik jartzen nau horrek eta hasi naiz jada jasotzen tribukide horien gogoak gu jasotzeko, topatzeko, elkarrekin zerikusia izateko, elkar ospatzeko, elkarbanatzeko, trukatzeko. Ziur nago plazera izango dela guzti hori bizitzea.

Durangon ospatuko diren Euskal Heriko V. Jardunaldi Feministetan joko duzue azaroaren 2an. Salda badago lema dute aurtengo jardunaldiek. Zer uste duzu eskaini ahalko diozuela bor-bor dagoen salda horri?

Gure indar trabestia. Eta zikloi honen parte garela oihukatzen duen sentimendua. Urakana, zikloia... bakoitzak nahi duen bezala deituko dio, baina indar handia du. Harreman berri ugari ehundu nahi ditugu, zirkulatzen ari den transfeminismoaren parte garela abestu.

Ondoren, azaroaren 4an, Bilbiko Kultur Etxean (Urazurrutia, 7) izango zara zure poema eta kantak konpartitzen. Poeta eta aktibista feminista den Jule Goikoetxeak  Tratactus bere poema liburuan dio “Debekatua daukagun / garen guztia / sartzen dugun lekua da poesia...”, zer da poesia zuretzat?

Niretzat poesia beste hainbat modutan, beste hainbat erritmotan, energiatan, geure buruak adierazteko aukera erraldoia da. Islatzeko, gutxienez, amesten dugunaren zati handi bat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2025-10-13 | Iker Barandiaran
Besarkatu nazazu gehiago

Siempre me siento regular

Chuleria joder!

Autoekoizpena, 2025

--------------------------------------------------

Aspaldian entzun diot bati baino gehiagori Bizkaiko Ezkerraldeko Chuleria, Joder! taldea ez dela hain punkia, abeslariak aurretik izan zuen Desorden... [+]


Ea zer gertatzen den, edo zer gertatu da hemen?

Lohi Ensemble

Non: Montehermoso Kulturunean

Noiz: Irailaren 28an

-------------------------------

Igande arrats goibel eta hotz batez izan nuen, lehen aldiz, Lohi Ensembleren berri. Arabako musika eszena autogestionatuaz hitz egiteko Larraitzek jende jator pila bat... [+]


Euskal Herriko hainbat musika taldek bat egin dute Spotify-ri boikot kanpainarekin

Naxker, Fermin Muguruza eta Bloñ musika taldeek, besteak beste, bat egin dute Musikariak Palestinarekin plataformak abiatutako Spotify-ren aurkako ekimenarekin. Hain justu, musika erreproduzitzeko aplikazio erraldoiaren jabe nagusiari, Daniel Ek-eik, egozten zaio Israelek... [+]


2025-10-03 | Xalba Ramirez
Haizeari entzunaz

Ixo eta bizi!

Gailu

Bidehuts, 2025

------------------------------------------------------------------------------------------------------

Aresti hilda dago. Eta bere oinordekotza baita ere. Gailuk argi du: “Harrizko herri zena / negar herri bihurtu da eta, / hala, iduri... [+]


Hiri bat eta estimuluen karrusela

Rodeo eta Dena

Non: Bilboko Kafe Antzokian

Noiz: irailaren 18an

--------------------------------------------

Bilbo, sargoria, udako azken ostegunez. Bihotz Sakratuaren plaza bete dute Palestinaren aldeko oihuek, enegarrenez. Kilometro pare bat harago, Mariaren... [+]


Koldo Otamendi. Musika Zuzenean-ek 15 urte
"Zuzeneko musikaz gozatzeko edozein egun da ona"

Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barna, hamabost egunez segidan hamabost kontzertu antolatu ditu Musika Zuzenean proiektuak, 15 urte betetzen dituztelako. Areto txiki, taberna eta espazio autogestionatuetan izango dira. Anari, Niña Coyote eta Chico Tornado, Ezpalak eta... [+]


Hitzordu berriak Kursaal Eszenan

Kursaal Eszena

Non: Donostiako Kursaal Jauregian

Noiz: 2025eko urri eta abendu artean

----------------------------------------------------------------------------------

Uda azkar pasatu zaigu, oraindik buruan ditugu Musika Hamabostaldian gozatu ditugun kontzertu zoragarrien... [+]


2025-09-27 | Leire Ikaran
Makineria pisutsu baten oihartzunak

EMPTY FILES + MOXAL & MIREN NARBAIZA

Non: Bilboko Kafe Antzokian
Noiz: irailaren 12an.

-------------------------------------------------------

Aitortu behar dut nahi baino gutxiagotan joaten naizela Bilbora. Beti sortzen dit horrelako tristura moduko bat, orduko... [+]


2025-09-18 | Irutxuloko Hitza
Lourdes Iriondori emango dio aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina

Aldundiak aurtengo Gipuzkoako Urrezko Domina emango dio abenduan Lourdes Iriondo Mujikari (Donostia, 1937-Urnieta, 2005) bere heriotzaren 20. urteurrenean. Aintzatespen horrekin, euskaren biziberritzean eta euskal kulturaren suspertzean Iriondok egindako “lan mamitsu eta... [+]


2025-09-17 | Xalba Ramirez
Nhil, etxe bat 'soulari'

Etxea
Nhil
Autoekoizpena, 2025

------------------------------------------------------------

Etxea du izena Nhil taldearen hirugarren diskoak. Taldekideek azaldu dutenez, “etxea” baita taldea haientzat, eta entzulearentzat ere hala izatea nahi dute. Zazpi... [+]


Zergatik?

'GUREA KULTURA' JAIALDIA 
Taldea: Sal del Coche
Non: Zestoan
Noiz: Irailaren 7an

--------------------------------------------------------

Kronika hau egitera Donostiara joan behar nuen, baina sarrerak garestiegiak iruditu zitzaizkidan behinola zezenketak... [+]


Eguneraketa berriak daude