ARGIA.eus

2020ko ekainaren 04a

Nork ordaintzen du hain merke erosten dugun arropa?

  • Rebecca Gallagher gazte galestarra zur eta lur gelditu zen Primark dendan erosi zuen 12 euroko soinekoa garbitzeko jarraibideak irakurtzen hasi zenean.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz
2016ko otsailaren 02a
Rebecca Gallagherrek "ordu askoz lan egitera behartuta” jartzen zuen mezua aurkitu zuen Primarken erositako soineko batean.

Eskuz idatzitako eta jositako mezua aurkitu zuen bertan: “Ordu askoz lan egitera behartuta”. Langile anonimoak bidalitako larrialdi mezuak bira eman dio munduari.

Rebeccak Primarkera deitu zuen aurkitutako mezuaren inguruko azalpenak eskatzeko, baina 15 minutu itxaron ondoren, deia moztu zioten. Primarkeko bozeramaile batek adierazi du ez dela inoiz horrelako gertakaririk izan, eta bezeroari eskatu diote soinekoa bueltatzeko, “etiketa nola itsatsi zuten aztertzeko, eta aztertu beharreko beste gertakaririk ba ote dagoen jakiteko”.

Albisteak izan duen zabalpen mediatikoa medio, jarrera aldatu behar izan du enpresak. Izan ere, ez da lehenengo aldia enpresa hori salatzen dutena; Gobernuz Kanpoko Erakunde askok salatu dituzte Primark bezalako enpresak, eta ekintzaileek uste dute ehungintza enpresek langileak esplotatzen dituztela Bangladesh bezalako herrialdeetan.

Kolektiboek salatzen dutenez, langileen lan-eta segurtasun baldintzak oso kaskarrak dira, eta horren erakusle dira azken urteetan gertatu diren istripuak. 2013ko urriaren 8an, Bangladesheko Dhaka hiriko arropa fabrika batean izan zen sute batek 9 hildako eragin zituen. 2013ko apirilaren 25ean, Bangladeshko Rana Plaza eraikina erori zen;  El Corte Inglés, Primark edota Mango kateen zerbitzura lan egiten zuten ehungintza fabrikak zeuden bertan, eta 1.127 pertsona hil ziren, eta 2.400 zauritu.

Rebecca gaiaren inguruan hausnartzera bultzatu du gertakari horrek: “Ez dut inoiz pentsatu nola egiten zen erosten dugun arropa, baina gertaera horrek pentsarazi dit nola lortzen dugun erosten dugun arropa hain merkea izatea”.

 

 

 

 

 

 

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Esklabotza  |  Bangladesh  |  Inditex

Esklabotza kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude