"Nondik gatozen badakigulako, baita nora goazen ere"

  • Rikardo Arregi Sariak aurten 30. edizioa ospatu du. "Hamar mugarri" saritu ditu aurtengoan, eta horien artean bat "Zeruko Argiatik ARGIAra" izenekoa izan da. ARGIA egiten duen egungo lantaldeak, bereziki eskaini zion saria 1980an ARGIAri eutsi eta ekin zion lehenbiziko lantaldeari. Langile talde haren ordezkari, oholtzara igo ziren, Joxemi Zumalabe gogoan, Josu Landa, Iñaki Uria, Joxemari Ostolaza eta Pello Zubiria. 51 urtez ARGIAn astero publizitatea jarri duen Zinkunegi Optikako Joxemari Zinkunegik eman zien saria. Hauxe da Estitxu Eizagirrek ARGIAko lantaldearen izenean irakurri zuen mezua:


2018ko urriaren 29an - 09:34
Joxemi Zumalaberi eskainitako irudia eskutan Josu Landa, Iñaki Uria, Joxemari Ostolaza, Joxemari Zinkunegi, Pello Zubiria eta Estitxu Eizagirre. Argazkia: Dani Blanco.

"Bere historia ahazten duen herriak arriskua omen dauka iraganean egindako akatsak errepikatzeko. Hala esaten dute. Ez da hainbeste hitz egiten, ordea, historia ahazten duenak daukan beste arrisku batez: iraganean asmatu zuen lekuan, orain huts egitekoa. Duela ia lau hamarkada, gure aurretik kazetaritza proiektu hau biziarazi zutenek asmatu zutelako gaude gu hemen.

Asmatu zutelako, esan zutenean euskal prentsak euskaraz izan behar zuela, gure hizkuntza burujabea izango bazen eta ez besteren etxeko maizter. Asmatu zutelako, bere buruaren jabe izango zen hizkuntza horrek behar zuela, gutxienez, hedabide burujabe bat; hedabide bat non langileek izango zuten hitza eta erabakia, eta ez beste edozein interes-taldek. Asmatu zutelako, berezko oztopoak eta jarritakoak gaindituz, hedabide hori bideragarri egiten, beste hedabide batzuk sortzen, egunkari oso bat martxan jartzeraino.

Ez ditugu ahazten gure aurrekoek egindako lanak. Ez dugu ahazten lan hori egiteagatik jasan behar izan dutena. Eta ez ditugu ahaztuko bide horretan galdu ditugun lagunak ere.

Ahazten ez dugulako gaude gu hemen. Nondik gatozen badakigulako. Gaur ARGIA egiten dugunok ere asmatu nahi dugulako, duela 40 urte ARGIA egiten zutenek bezala, gure garaikoak izaten eta, era berean, garai guztietarako balio duten printzipio batzuen arabera lan egiten: euskara, burujabetza eta independentzia.

Ahazten ez dugulako gaude gu hemen. Nondik gatozen badakigulako. Baita nora goazen ere".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Rikardo Arregi sariak
Podcastak nabarmendu dira Rikardo Arregi sarietan

Bideak podcastak Kazetaritza saria irabazi du, eta Lore hostoak podcastak Komunikazio saria. Menane Oxandabaratz omendu dute Ohorezko Mugarriarekin.


2022-11-08 | ARGIA
Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren zortzi finalistak iragarri dituzte, tartean, ARGIAko Amaia Lekunberri

Aurtengo finalisten berri eman du Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiak. Azaroaren 30ean izango da sari banaketa ekitaldia Andoainen. Zortzi finalisten artean Kazetaritza eta Komunikazio sari bana emateaz gain Elixabete Garmendia eta Patxi Baztarrika omenduko dituzte... [+]


Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 33. edizioa aurkeztu dute Donostian

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren deialdia aurkeztu dute Donostian. Azaroaren 25ean egingo dute sari banaketa ekitaldia eta Martin Ugalde idazle andoaindarra omenduko dute. 


Ttap aldizkariak eta Kanaldudeko "Hurbiletik" saioak irabazi dituzte Rikardo Arregi Sariak

Aldizkari digitalak Komunikazio saria jaso du, eta Hurbiletik saioak, berriz, Kazetaritza saria.


Eguneraketa berriak daude