Noam Chomskyk eta beste pentsalari eta artista ugarik babesa eman diote Nafarroako Torturatuen Sareari

  • Ekainaren 25ean Nafarroako Torturatuen Sareak Iruñean antolaturiko manifestazioari babesan eman diote Nafarroako 200 artista baino gehiagok. Horrez gain, nazioarteko 40 intelektual, pentsalari eta sortzaileren babesa ere jaso du testuak, tartean Noam Chomsky, Lluis Llach, Itziar Ituño edo Slavoj Zizekena.


2022ko ekainaren 22an - 15:35
Azken eguneraketa: 16:36

Munduan erreferentzia den pentsalari nagusienetako batek, Noam Chomskyk sinatu du Tortura, demagun epea amaitu dela manifestua, Nafarroako Torturatuen Sareak sustaturikoa, aitortza, erreparazioa eta "berriro ez gertatzeko bermea" eskatuz ekainaren 25ean Iruñean egingo duten manifestaziora deitzeko.

Nafarroan torturatuak izan diren 1.000 pertsona baino gehiagorentzako erreparazioa eskatuko dute manifestazioan, Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Egunaren bezpera hain justu, eta jadanik makina bat eragileren atxikimendua jaso du mobilizazioak: Geroa Bai, EH Bildu, Izquierda-Ezkerra, Podemos, CCOO, ELA, LAB...

Orain, Nafarroako 200 artista batu zaio manifestuari. Nafarroako Torturatuen Sarearen esanetan "Nafarroako kultura zer den erakusten duen lagin ikusgarria da", heldu zein gazte, hasi berri zein esperientziadunak. Besteak beste, hor dira Juan Gorriti eskultore eta margolari beteranoa eta Sarai Robles bertsolari gaztea; Montxo Armendariz eta Aitor eta Amaia Merino zinemagileak; Jose Mari Esparza edo Ane Eslava editoreak; Dora Salazar artista; edo Aurora Beltran nahiz Tonino Caratone musikariak, batzuk aipatzearren.

Horrez gain, Nafarroatik kanpoko Euskal Herriko eta munduko hainbat pertsona ezagunen sinadura ere badarama testuak. Esaterako, Noam Chomskyrekin batera aurkitzen ditugu Lluis Llach, Fermin Muguruza, Sorkun Rubio edo Ines Osinaga musikariak, Itziar Ituño eta Willy Toledo aktoreak; Belen Gopegui, Harkaitz Cano, Ramon Saizarbitoria eta Kirmen Uribe idazleak; Mario Garces edo Edurne Portela historialariak... Zerrenda luzea eta anitza da, eta nazioarteko hainbat sari biltzen dituzte pertsona horiek, tartean Pulitzer edo World Press Photo saria, Benjamin Franklin domina eta antzekoak.

Antolatzaileen ustez "orain arte Nafarroan inoiz ez du mobilizazio batek garrantzi horretako babesa jaso" eta eskerrak eman dizkie euren disziplina artistikotik eta "kultur arloan duten posiziotik" torturaren kontra zabaldu nahi dute aldarrikapenarekin bat egiteagatik.

Manifestazioa larunbatarekin abiatuko da Iruñeko autobus geltokitik arratsaldeko 18:00etan.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Joxe Arregi oroitu dute heriotzaren 43. urteurrenean, Zizurkilen

Torturapean hil zuten zizurkildarra gogoratzeko ekitaldia egin dute igandean. Tortura aitortu eta erreparatzeko bitarteko gehiago eskatu dituzte.


Euskal Herriko torturatu guztiak saretzeko ekimena aurkeztu dute Torturaren Aurkako Egunean

Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak aurkezpen agerraldia egin du Bilbon. Torturatu guztiak batuko dituen sare bat osatzeko lan egingo dute, eta topaketa bat iragarri dute urtebete barrurako. Torturaren aitortzan torturatuak agente aktibo izate aldarrikatu... [+]


2024-02-11 | Nekane Txapartegi
Ubelduak moretuz, tortura itzaletik argitara

1999ko martxoan Aiztondo bailaran jazotako gertaera latzak ez ziren eraso isolatuak izan, Espainiako Estatuak Euskal Herriaren aurka emandako beste urrats errepresiboaren zati baizik. “Todo es ETA” (Dena da ETA) doktrinaren menpean, atxilotu eta inkomunikaziopean gu... [+]


Eguneraketa berriak daude