ARGIA.eus

2022ko abenduaren 07a
Maddalen Arzallus:

“Nire azken hitza jarri nahi izan diot bertsoaren indarrari”

Maddalen Arzallus Irungo saioaren ostean. Argazkia: XDZ.
2022ko azaroaren 07a - 07:48Azken eguneraketa:10:58

Saio bat etxe ondoan zuretzat. Nola sentitu zinen oholtza gainean?

Hendaian bizi naiz muga ondoan. Niretzat polita zen. Hurbil sentitu nuen saioa. Hala ere, barne gora beherak izan nituen, fisikoki ez nintzen arras ongi. Horrek eraman ninduen psikologikoki presioa sentitzera. Nire maila onena ez erakustearen beldur nintzen. Ez zen pertsonalki ene saiorik atseginena izan oholtzan. Ganbarako lanean arnasa hartuta hobeto sentitu nintzen.

Mugari kantatu zenioten. Garrantzitsua da gaia jorratzea mugako herrietan?

Mugan bertan izan zen saioa, garrantzitsua zen sinbolikoki. Ezinbestekoa zen gaia azaleratzea. Bertsozaleei gaia gertu sentiarazi nahi nien. Miren Artetxerekin gaia tokatu zitzaigun. Bizi izan dudan errealitatea da jendea pasa beharra eta pasatzeko nahia. Sustrai Colinaren agurra entzutean, pentsatu nuen nik ere ezagutu nituela mugako etxolak. Bai ala bai geldituak ginen eta isilik egon behar genuen. Oso barnean ditudan momentuak dira, ia normal bizitzera arte.

Bost emakume, hiru lapurtar… Saio berezia izan da?

Banekien bost emakumerekin saioa berezia izango zela. Egia erran, hiru lapurtar ginela egunean berean ohartu nintzen. Gainera, denak Hendaiako bertso eskolakoak. Nahi nuen niretzat ere saio berezia izatea, pertsonalki begiratuta nire saioarekin gustura egoteko. Bertsoan kolektiboki badira gauza garrantzitsuak, baina pertsonalki pentsatuta ere badira beste helburu batzuk. Nik bereziki hori nuen buruan.

Ganbarako pertsonala egin zenuen, zendutako amari. Nola bizi izan zenuen momentua?

Argi nuen hasi aitzin burura etorriko zitzaidan lehen gaia hartzea, Donostian denbora galdu nuelako bat aukeratzen. Amarena bururatu zitzaidan. Dudatu nuen, ez delako bereziki nire gustukoa bizitza pertsonala aipatzea edo sentsazionalismoan erortzea. Ez da sinple horrelako gai bati heltzea. Nik barnean nuenari kantatu nion. Askotan saiatzen gara ustez nehork pentsatuko ez dituzten ideiak botatzen. Ordea, gauzarik sinpleenetan dira egiazko altxorrak, barnean ditugunetan. Saiatu nintzen hotzean kantatzen barnean nuen gai bero bati.

“Isilarazi nahi dutenean kantatzen du libre”. Berriki jasan duzun zentsura ere salatu duzu.

Esango nuke zerbaiten salaketa egitea baino bertsoaren goraipamen bat egitea zela nire lehen premisa. Bertsoen ondotik izandako egunak ez ziren goxoak izan. Erabaki kontzientez nahiago izan dut ez nahastu, isilik egon eta olatua pasatzen utzi. Banekien noizbait zerbait esan beharko nuela. Nire azken hitza jarri nahi izan diot bertsoaren indarrari eta askatasunari.

GANBARAKO GALDERA:

Zure saioarekiko, zer zaporerekin gelditu zara?

Aho zapore onarekin. Helburua saioari eustea izan da. Uste dut lortu dudala. Jendeari zerbait gogoangarria utzi nahi nion. Hori da bertsoaren helburua txapelketan zein plazan. Hori lortu badut pozik naiz. Beste bertso saio bat kantatuko dut txapelketan. Orain ez dut ezer jokoan izanen. Presiorik gabe gozatzera noa.

Kanal hauetan artxibatua: Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022  |  Irun

Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022 kanaletik interesatuko zaizu...
2022-12-06 | ARGIA
Noren eskutik zer sari jasoko dituzte bertsolariek?

Euskara, kultura eta bertsolaritzarekin zuzenean lotutako pertsonek emango dituzte abenduaren 18an Iruñean bertsolari Txapelketa Nagusiko sariak. Itziar Alduntzinek brodatutako txapela eta Mikel Lertxundiren eskultura jasoko ditu irabazleak.


2022-12-05 | Estitxu Eizagirre
Aurtengo finalaren berezitasunak: hiru emakume eta 55 urteren ondoren nafar bat

Bilbon abenduaren 3an jokatu zen azken finalaurrekoa. Bertan Amets Arzallus izan zen puntu gehien batu zituena, eta soilik puntu bat gutxiago jaso zituen Aitor Mendiluzek. Finala erabakita geratu da bertan: Joanes Illarregi izan da aurtengo "sorpresa", eta Alaia... [+]


2022-12-05 | Eli Pagola
Amets Arzallus:
“Dramaren erabilerarekin zalantza etiko pertsonala dut”

Abenduaren 3an, Bilboko azken finalaurrekoan, Anttoniri eskean hasi eta honek “ea barrura zatozen” erantzun. Nori eta Amets Arzallusi, jokorako horrelako deirik alperrik galtzen ez duen azeriari.


2022-12-01 | Bertsoa.eus
Ikusi Bilboko finalaurrekoa zuzenean

Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioak zuzenean ikusi ahalko dituzue hemendik aurrera ARGIAn. Bertsoa.eus-ek eta EITBk jarraituko dituzte saioak bertatik eta heurei esker izango dugu streaming bidez eskaintzeko aukera.

gaur jokatuko da azken finalaurrekoa Bilbon, Bizkaia... [+]



Irakurrienak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude