"Aurten ez nuen baitezpada txapela irabazteko derrigortasun edo anbizioa sentitzen"

  • Euskal Herriko txapela lortu du hirugarrenez Maialen Lujanbiok abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatu zen bertso finalean. Aldaketaz beteriko finala aipatu du jada txapelketako beterano denak, bai taldearen konposizio, bere sentsazio pertsonal eta lekuarengatik. Txapel kopuruaren antzera, hirugarrenez tokatu zaio Amets Arzallus bertsokidearekin kantatzea buruz burukoan, hendaiarrak aipatu bezala, “bertsoaz harago doan egun horretan”. Gai sozial eta politiko ezberdinetan ere kantatzera ausartu da hernaniarra, faxismoaren gorakadari, emakume langileen esplotazioari, homofobiari edo etorkizuneko borroka perspektibei oihartzun eginez. Maialenen sentsazioak eta perspektibak partekatu dizkigu txapeldunak.

Argazkia: Dani Blanco

2022ko abenduaren 19an - 09:59
Azken eguneraketa: 2022-12-20 13:30:11

Ez duzu zure lehen finala, jada ariketarekin ohituta zaude. Baina nola sentitu duzu zure burua aurtengo finalean zehar?

Egia da batzuetan korrontearen kontra bezala ibili behar izan naizela, nire gora eta beherekin, baina uste dut azkenean lortu dudala egoera sintonizatuago batean kantatzen. Labur esanda, poz handia da berriz ere txapela janztea. Barruan gogo bat sentitzen dut, baita zor bat ere taldekideekiko. Saioan zehar eta txapelketan zehar utzi dituzten ale bikainak ere aipatu nahi nituzke. Egia da oraindik saio ostean perspektiba faltarekin hitz egiten dudala gertatu denaz, baina orokorrean esango nuke lantsua izan dela aurtengoa.

Estatistiken arabera, finalera zuzen sailkatzen denak, hau da, pasa den edizioko txapeldun gisa sartzen denak ez du txapela lortzen. Zuk mentalizazio lan berezia egin duzu egun hau iritsi aurretik?

Banekien finala zaila izango zela, batez ere txapelketaren formatu eta kantatzeko formatuak berak inposatzen duen kortseagatik. Egia da kosta egiten dela mentalizatzen, baina nire bizipenekin eta txapelketako ibilbidearekin bestelako irakurketa bat egiten dut, eta uste dut ikasten dela txapelketan ere egoten. Adibidez, lehen finalak eta honek zentzu ezberdina hartzen dute. Aurten ez nuen baitezpada txapela irabazteko derrigortasun edo anbizioa sentitzen nire baitan. Egia da beste garai batzuetan sentitu izan dudala agian gogo eta grina hori. Baina gaur ez nuen baitezpada gose izugarri hori sentitzen.

Hasierako agurrean aipatu duzu, aldaketak beti nahi baino beranduago etorri ohi direla txapelketan. Egia da aurtengo finala historikoa izan dela bai lekuagatik, Barakaldotik Iruñera igaro delako, baina batez ere lehenbiziko aldiko, emakume gehiago sartu direlako finalera.

Bai, noski, aldatu da. Batez ere, nik uste, finalaren esanahia aldatu dela, aipatu berezitasunak barne. Bestela, nirekiko finaleko aldaketak aipatzeko ere, egia da taldearen konposizio honek, gaur egungo garaiak edo nire ibilbide pertsonalak aldatu egin didatela finala bizitzeko testuingurua bera. Uste dut, hau guztiagatik, azken fase hau lasaiago bizitzea permititu didala. Ez diot balioa kendu nahi finalari, batere, baina beste ikuspegi batekin bizi izan dut egun hau, esperientzia eta adinagatik, neurri batean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


2022-12-25 | Estitxu Eizagirre
Maialen Lujanbio txapeldun hirugarrenez
Biribil bezain zorrotz

Abenduaren 18an Nafarroa Arena euskararen erresonantzia kutxa bihurtu zuten 13.300 bertsozalek. Finala lehenengoz Nafarroan jokatzeaz gain, historiko bihurtu du finalisten osaerak, lehen aldiz hiru emakume aritu baitira kantuan, eta 55 urteren ondoren, nafar bat (edo... [+]


Iruñeko finala eta borroka ederren ordua

Txapeldunaren azken agurra bularrean kolpeka, bertsozalea bakarrik doa kotxera bidean. Sentsazio arraroak, berriak ditu eztarrian korapilatuta. Atea ixtearekin bat, orain bai, orain lasai askatuko du negarra.


2022-12-19 | Eli Pagola
Alaia Martin Etxebeste
"Ilusio handia nuen eta leku egin diot emozio horri"

Ezin ekidin Nafarroa Arena BEC-ekin alderatzea. Publikoa otzanago antzeman da, olatuak ez dira berehala altxa eta burrunbatik ere, amaiera arte, gutxi. Behin lehertutakoan, ordea, uhin expantsiboa hedatu da plazan. Egun lantsua izan dela nabarmendu dute eguneko protagonistek... [+]


Eguneraketa berriak daude