Zortzi finalistak kantxari zeharka begira

  • Nafarroa Arenan elkartu dira gaur zortzi finalistak, abenduaren 18rako motorrak berotzeko. Lehen aldiz Iruñean egingo den Txapelketa Nagusiko finala handia izango da: 13.000 ikusle elkartuko dira, nazioartetik 30 gonbidatu izango dira eta 350 lagun arituko dira antolaketa lanetan. Zortzi bertsolariak beren bertsokerarik "finena, destilatuena" erakusten saiatuko dira, nahiz eta "egokitzen zaizkien kartekin" jokatu beharko duten, eta beti ez diren gurutzatzen intentzioak eta egoerak.


2022ko abenduaren 13an - 14:26
Azken eguneraketa: 17:11

Frontoiaren ezker paretan egongo da finaleko oholtza jarrita abenduaren 18an. Oholtzara iristeko txapelketan egin behar izan duten bideaz eta finalera daramaten aldarteaz mintzatu dira zortzi bertsolariak, kantxa ondoko aretoko sofatik:

Aitor Mendiluzek adierazi du txapelketara "arduraz" sartu zela eta "eroso edo ondo kokatuta" jardun izanaren gorputzaldia nabaritu duela. Alaia Martinek "gozatu" hitzarekin lotu du orain arteko bidea, bai prestatzerakoan, bai bertsokideak entzuten eta baita kantuan aritu izan denean ere, eta finalera begira "ilusio, esker on eta esateko gogoz" doala adierazi du.

Amets Arzallusek finalerdietan kantatzea "mendikateak zeharkatzea bezala" dela bota du, eta zeharkaldi hori burututa "umorez eta arnasez" iritsi dela finalera. Beñat Gaztelumendi gustura dago orain arteko lanarekin, bertsotan egin nahi zuen horretara "hurbildu" delako, eta finalerako "ilusioz" agertu da, batetik, "ez delako erraza finalera iristea" eta bestetik, aurtengo finala osatzen duten bertsokide horien artean egoteagatik.

Joanes Illarregik aitortu du "gozotik eta gazitik" bizi izan duela txapelketan, eta finalerako aldi berean "ardura eta konfiantza" sentitzen dituela, "talde gisa, etorriko den jendetzari eskatzen duena emateko". Maialen Lujanbiok "poz eta zorte handia" adierazi ditu, "hemen eta talde honekin kantatzeko aukeragatik". Izan ere, azpimarratu du "aurtengo finalak esangura politiko indartsuak" dituela: Iruñean izateak "kulturgintza ikuspegitik" duen esanahia aipatu du, bertsolari taldeak "gazte eta heldu belaunaldien katea irudikatzen" duela, eta lehen aldiz hiru emakume kantuan aritzea esanguratsua dela "ez emakumeentzat bakarrik".

Nerea Ibarzabalek honela bota du: "Asko ikasi dut hiru saio hauetan, oholtzatik bero eta eder sentitu ditut". Sustrai Colinak esan du "patua gutiziatsua" izaten dela batzuetan eta txapelketak bere bizitzako ibilbidean barna eraman duela: izan ere, Irunen egin zuen lehen saioa, "nire aiton-amonen etxetik ederki ikusten den eraikinean", ondoren Baionan kantatu zuen, eta finala "orain bizi naizen hirian bukatuko da". Igandekoa "eztanda emozionala eta artistikoa" izatea espero du.

Zer bide ari da urratzen bakoitza bertsotan?

Txapelketa bertso estiloan saiakerak eta berrikuntzak egiteko plaza ere izaten da eta bertsolariek azaldu dute zertan jarri dituen bakoitzak indarrak, nahiz eta bertsolari denek nabarmendu duten gauza bat dela asmoa eta bestea momentuan eta egoeran ateratzen dena. Amets Arzallusen hitzetan: "Egin nahi duzunaren zirriborro abstraktu bat baduzu, baina hori hitzetara ekartzea ez da erraza. Eta finalean, egokitu zaizkizun kartekin jokatu behar duzu".

Aitor Mendiluzek azaldu duenez, "urteotan guztiotan egin dudan bertsokera islatzen saiatu naiz. Egonarri bat lortu dut. Aurten oholtzan egoterakoan inoiz baino jabeago izan naiz, horrekin gozatu dut. Finalean ere, oholtzan egoteko modu bat erakutsi nahi nuke".

Alaia Martinen hitzetan, "astintzen nauten gaiei leku egin nahi diet, ihes egin beharrean horiei helduz". Gaiei eta pertsonaiei "kolorea" ematen saiatzen dela adierazi du, "giro bat emanez eta zehaztasunaren bidez". "Ahal denetan" bertsoak lehen puntutik azkenekora "kolorea eta bizitza" izan ditzan saiatzen da, indarrak bukaeran soilik metatu beharrean, "bertsoa bide bat izan dadin".

Amets Arzallusek hizkuntzan jarri du indarra: "Bertsoa hizkuntzaren oinarritik abiatzen da. Hizkuntzaren putzu horretan bustitzen eta murgiltzen saiatzen naiz, hizkuntzaren bilaketa etengabean". Hizkuntzatik abiatuta "ahalik pentsamolde birziklatuena" lortzen saiatzen da, "nire sentipenei eta herriak bizi duen momentuari erantzuteko".

Beñat Gaztelumendik azken hari mutur horri jarraitu dio: "Momentu bakoitzean gauden lekutik kantatzen dugu. Baina kokapena ez da norberarena bakarrik, besteen kokapenak ere eragiten du norberarenean. Azken urteak tristeak izan dira ingurukoentzat, eta uste dut momentua dela indarra eta positibotasuna transmititzeko". Hizkera lurtarra eta zehatza erabiltzen saiatzen dela azaldu du eta finalera begira hauxe du helburu: "Nire burua ez mugatzea".

Joanes Illarregik azaldu du bere indargunea dela oso "serioa" eta "profesionala" den txapelketan "ahalik jarrera plazakoena" edukitzea, eta finalean ere hori lortu nahiko lukeela.

Maialen Lujanbiok bidean jarri du balioa: "Final bakoitza gertatzen da garai eta leku zehatz batean eta bertsolariak horri erantzun nahi dio modu artistikoan. Gurutzaketa horrek bakoitza modu batean harrapatzen du. Baina beti da bide baten jarraipena, nahiz eta urratsa egin daitekeen norabide batean edo justu kontrakoan. Ibilbideak ematen dizu gero eta lija finagoa, zure gogoa fintzen joateko. Baina beti da bide baten destilazioa".

Nerea Ibarzabal pertsonaietan sartzeaz mintzatu da: "Saiatzen naiz tokatu zaidan pertsonaiarekin konektatzen, ezagunak zaizkidan sentimendu eta emozio gametan mugitzen, horrela hitzak errazago etortzen zaizkidalako". Azaldu du finalean kantukide izango dituen beteranoak entzunez hazi dela, haiengandik ikasi eta gozatu duela, eta bizipen horietatik "kanon estetiko batzuk ekartzen dizkiola finalak burura", baina aldi berean "ausardia" sentitzen duela, beste belaunaldi baten parte den heinean, beste molde batean ere kantatzeko.

Sustrai Colina "plazatik gustatzen zaidana erreskatatzen" saiatu da, eta aldi berean, "nire burua ezezagunagoak zaizkidan baliabideez janzten. Eta jarreraz, saioetara gogotsuago eta ausartago etortzen".

Eta zuk, entzule? Iganderako dena prest duzu?

Bertsozale Elkarteko kide diren Gontzal Agote eta Oier Iurramendik azaldu dutenez, 9:00etan zabalduko dituzte Nafarroa Arenako ateak eta goizeko saioa 11:00etatik 14:30 aldera arte izango da. Arratsaldean, 16:00etan zabalduko dira bertso aretoko ateak eta 17:00etatik 20:30 aldera arte iraungo du saioaren zati intentsuenak.

Bazkaltzeko garaian ikusle guztiak kanpora aterako dira, eta bi aukera izango dituzte: NUPeko kirol instalazioetan bazkaria zerbitzatuko da aurrez txartela erosi dutenentzat (oraindik bada aukera, hemen) eta Sadar estadioan etxetik eramandakoa jateko aukera egongo da. Nafarroa Arenara ezingo da objektu puntadunik sartu (ezta aterki handirik ere), eta ezta beirarik, latarik, alkoholik ere. Bazkaritarako halakorik daramanak, Sadar estadioan jarriko den kontsignan gorde beharko ditu (8:00etatik 11:30etara egongo da zabalik kontsigna) eta goizeko saioa amaitutakoan jasoko ditu. Arratsaldean ez da kontsigna zerbitzurik egongo. 

Finalera bazoaz, antolakuntzak eman dituen ohar hauek irakurtzea baliagarri izango zaizu.

Etxetik ikustea ere aukera ederra

Etxetik saioa ikusi nahi duenak bertso guztiak ikusentzun ahalko ditu telebistaz (ETB1en) eta Internetez (bertsoa eta eitb atarietan).

Sare sozialetan #BTN22 traola erabiltzen da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


2022-12-25 | Estitxu Eizagirre
Maialen Lujanbio txapeldun hirugarrenez
Biribil bezain zorrotz

Abenduaren 18an Nafarroa Arena euskararen erresonantzia kutxa bihurtu zuten 13.300 bertsozalek. Finala lehenengoz Nafarroan jokatzeaz gain, historiko bihurtu du finalisten osaerak, lehen aldiz hiru emakume aritu baitira kantuan, eta 55 urteren ondoren, nafar bat (edo... [+]


Iruñeko finala eta borroka ederren ordua

Txapeldunaren azken agurra bularrean kolpeka, bertsozalea bakarrik doa kotxera bidean. Sentsazio arraroak, berriak ditu eztarrian korapilatuta. Atea ixtearekin bat, orain bai, orain lasai askatuko du negarra.


Maialen Lujanbio Zugasti
"Aurten ez nuen baitezpada txapela irabazteko derrigortasun edo anbizioa sentitzen"

Euskal Herriko txapela lortu du hirugarrenez Maialen Lujanbiok abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatu zen bertso finalean. Aldaketaz beteriko finala aipatu du jada txapelketako beterano denak, bai taldearen konposizio, bere sentsazio pertsonal eta lekuarengatik... [+]


Eguneraketa berriak daude