Puntu erantzun guztiak

  • Hona Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean goizeko saioan kantatu dituzten puntu-erantzun guztiak.


2022ko abenduaren 18an - 12:37
Azken eguneraketa: 22:39

Aitor Mendiluze izan da lehena puntuak erantzuten. "Aspaldiko musika taldeen itzulera" egokitu zaio gai modura, eta hiru puntu hauek jaso ditu, eta berak erantzun:

Hertzainakek omen du

bere azken bira

Aspaldian halaxe

esaten ari da

baina atzoko argazki

ederrei begira

igual berriro ere

agurtuko dira

 

Aspaldiko taldeak

oholtzara bueltan

Nunbait jendearekin

sentituz zorretan

ez dakit nostalgia

ote den benetan

hala beste interes bat

baduten horretan

 

Zein talde nahi zenuke

berriz itzultzea?

igual nahi nuke Itoiz

oholtzara heltzea

beraien kontzertuan

aurrean jartzea

eta etxera bueltan

behingoz bidaltzea

 

Nerea Ibarzabalek "Zaballako bertso eskola" izan du gai eta horri lotutako hiru puntu hauei erantzun die:

Zaballara iritsi

da bertso eskola

espero zitekeenik

ezin zen inola

pozten naiz badabiltza

kantuz kantu hola

hitzari ezin zaio

ezarri kontrola

 

Presoen hitza aske

izan al daiteke?

Nahiz ta gehienak dauden

gela itxien menpe

ez dugu kartzelarik

gehiago nahi bete

kalean nahi ditugu

horrenbeste jente

 

Txapelketan ganbara

Zaballan kartzela

Hobe izango balute

guk dugun partzela

denak librexeago

leudeke horrela

badakit egun hori

iristear dela

 

Amets Arzallusek "politikariak" gaiari jarritako hiru puntu jaso ditu eta berak arrapostu hauek eman dizkie:

Beti ibiltzen dira

elkarri oihuka

Hitza eman orduko jan

eta gero uka

zirko politikoa

da gauza arrunta

beren artean egin

bezate burruka

 

Herriak jasotzen du

bozkatu duena

Ba nik aspaldi galdu

nuen sinismena

hauteskunde biharamun

ohi da astelehena

ta niretzat orduan

hasi ohi da dena

 

 

Izan nahi al zenuke

noizbait agintari?

Amets hori pentsatzen

ez den hemen ari

lehen ere bai Arzallus

baziren ugari

baina gu ez gara bat,

beharrik gara bi

 

Joanes Illarregiri nazioarteko ahozko inprobisatzaileak egokitu zaizkio gai gisa. Hauek jarri dizkioten puntuak eta bere erantzunak:

Berezia da kantu

inprobisatua

herrialde ezberdinetan

askok asmatua

batzuek egina ta

besteek gozatua

hizkuntzaren bidea

delako kantua

 

Jardun al zara beste

hizkuntza batean?

Ez, bakarrik euskaraz

hortan jo ta kean

agian gazteleraz

noizbait atakean

baina oraingoz hobe

uztea pakean

 

Iruditzen zitzaigun

bakarrak ginela

baina ikusi dugu

gehiago daudela

aberasgarrigoa

da dena horrela

eta beraiek ere

segi dezatela

 

Alaia Martini "pentsioak" gaiari lotuta egokitu zaizkio hiru puntu hauek. Bere erantzunak jarraian:

Gogor lan egin eta

miseria jaso

horrela aiton-amona,

lagun ta guraso

erretiro garaia

bihurtuz arazo

egoera irauli

liteke akaso

 

Hil amaiera ez da

denentzat berdina

batzuentzat aukera

besteentzat ezina

denok daukagu berez

bizitzeko grina

ta pobre bizitzea

ez da atsegina

 

Pentsiorik espero

al duzu gerora?

Egoerak egingo

ote du mejora?

jadanik jarri dute

milatikan gora

gehiago borrokatu

egin beharko da

 

Maialen Lujanbiok "Gabonetako argiak" izan ditu gaitzat. Hauek jarri dizkioten puntuak, eta berak osatutako bertsoak:

Hilabete aurretik

argiak piztuta

Kalean gabiltzanak

ezin sinistuta

ekonomia dago

bastante estu-ta

hobe luke elizak

hoiek pagatuta

 

Batzuk haserre eta

besteak gustura

Bakoitzak defenditzen

sinisten dun hura

kontsumitzeko ere

badugu kultura

fedea kontsumoan

lurrera sartu da

 

Eta zure etxean

piztuta al daude?

Bonbilla bakar bat det

hantxe, parez pare

gabon argiekin ez

mila abildade

argi bakar horrekin

gozo-gozo gaude

 

Sustrai Colinari "Gaztetxeak" gai hartuta hiru puntu hauek jarri dizkiote, eta bere erantzunak:

Hamarkada askotan

egin da borroka

Askatasuna egon

ez zedin koloka

baina ez pentsa aldatu

zaigunik epoka

oraindikan zeregin

handia dago-ta

 

Herriari ematen

diote bizitza

Nahiago nuke nonahi

halaxe balitza

gaztetxetik sortzen da

herriaren hitza

ta gu berriz hitz hori

kantatzen gabiltza

 

Zein da gaztetxeekin

duzun harremana?

Bertan koka liteke

nire iragana

ta esan orain tarteka

kantatzen dudana

han zahartzeko gogoa

da nik daukadana

 

Azkenik, Beñat Gaztelumendiri "Zabortegiak" gaiarekin hiru puntu hauek jarri dizkiote, eta berak erantzun:

Guztiok sortzen dugu

zaborra tonaka

Ta hoiek botatzeko

gaur lekua falta

birziklapena dugu

aukera galanta

natura ere pixkat

zaindu behar da-ta

 

Inork ez du ondoan

zabortegirik nahi

Baina erraustegi bat

egin zuten lasai

ta Gipuzkoan asko

garen horren etsai

hor gaude egunen baten

itxiko duten zai

 

Zuk zer egiten duzu

gauzak hobetzeko?

Ba birziklatu ohi dut

batekoz besteko

baina kontsumo honek

gauzkanez menpeko

ziur egin nezake

askozaz hobeto


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


2022-12-25 | Estitxu Eizagirre
Maialen Lujanbio txapeldun hirugarrenez
Biribil bezain zorrotz

Abenduaren 18an Nafarroa Arena euskararen erresonantzia kutxa bihurtu zuten 13.300 bertsozalek. Finala lehenengoz Nafarroan jokatzeaz gain, historiko bihurtu du finalisten osaerak, lehen aldiz hiru emakume aritu baitira kantuan, eta 55 urteren ondoren, nafar bat (edo... [+]


Iruñeko finala eta borroka ederren ordua

Txapeldunaren azken agurra bularrean kolpeka, bertsozalea bakarrik doa kotxera bidean. Sentsazio arraroak, berriak ditu eztarrian korapilatuta. Atea ixtearekin bat, orain bai, orain lasai askatuko du negarra.


Maialen Lujanbio Zugasti
"Aurten ez nuen baitezpada txapela irabazteko derrigortasun edo anbizioa sentitzen"

Euskal Herriko txapela lortu du hirugarrenez Maialen Lujanbiok abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatu zen bertso finalean. Aldaketaz beteriko finala aipatu du jada txapelketako beterano denak, bai taldearen konposizio, bere sentsazio pertsonal eta lekuarengatik... [+]


Eguneraketa berriak daude