Andoni Aldekoa EITBko zuzendariak agindu zuen Maddalen Arzallusen bertsoak zentsuratzeko

  • Astelehenean egin dute administrazio kontseilua, eta Aldekoak defendatu du bertsoak sareetatik ezabatu izana, argudiatuta EITBk “elkarbizitzarekin duen konpromisoa irudikatzen ez duen eduki bat, defendatzen dituen balioetatik aldentzen dena” zela.


2022ko urriaren 25ean - 10:36
Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusia da 2020tik. / Argazkia: EITB.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Euskal hedabide publikoaren administrazio kontseilua izan da astelehenean, eta eztabaidagai izan dute EITBk egindako zentsura, alegia, Faktoria saioan Ion Paroten 32 urteko kartzela zigorraren harira Maddalen Arzallusek kantatutako bertsoak ezabatu izana. Andoni Aldekoa zuzendari nagusiak aitortu du bera izan zela edukiak saretik kentzeko agindu zuena, Berria egunkariak jakinarazi duenez. Ordea, Aldekoaren esanetan hori ez da zentsura, Arzallusek “askatasun osoz” aritzeko aukera izan baitzuen. EITB Mediako enpresa batzordeek elkarretaratzea egin dute, ordea, hedabidean zentsura dagoela berresteko.

Bertsoak ezabatzeko agindua justifikatzeko zera esan du, Berriak jaso duenez: “Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko Legearen printzipioen eta artikuluen aurka doa, baita EITBk Euskadiren bizikidetzan lagundu dezakeen eragile izateko hartu duen konpromisoaren aurka ere”. Aldekoaren esanetan, “euskal gizartearen zati bat” bideoa zabaltzearen aurka egongo zen. Hedabide publiko bat izanik, euren “lana” da “memoria eta bizikidetza esparruarekiko errespetuari eustea”, zuzendari nagusiaren arabera.

Etorkizunean ere bide bera hartuko duela iragarri du kontseiluan: “Gustatuko litzaidake aurrerantzean ere EITBren konpromisoa iritzien eta ikuspuntuen aniztasuna eta dibertsitatea izatea, baina betiere EITBren konpromiso etikoaren barruan eta euskaditarrok gure legeen bidez geure buruari eman diogun elkarbizitza esparruaren barruan”.

Aurrekontuak onartu gabe

Administrazio kontseiluan datorren urteko EITBren aurrekontuak bozkatu dituzte, eta ez du behar duen babesa lortu –ordezkarien bi herenen baiezkoa–. EH Bilduk, ELA sindikatuak eta PPk ezezko botoa eman dute, eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin da. Halere, Eusko Legebiltzarraren onespena nahikoa izango da 2023ko aurrekontuek aurrera egin dezaten.

EH Bildu koalizioak ohar batean argitu du aurrekontuen gaineko boto aldaketa, izan ere, azken urteetan abstentziora jo izan dute, baina Andoni Aldekoa zuzendari izendatu zutenetik kontrako bozka eman dute. Unai Urruzuno administrazio kontseiluko EH Bilduren ordezkariak kritikatu du hedabide publikoa interesen arabera erabiltzea: “Aldekoa EITBko zuzendaritzara iritsi zen despolitizazio bat aginduta. Baina justu kontrakoa egin du. Politizatu egin du, batzuen interesak bultzatu eta babesteko, kargu horretan jarri dutenen interesak, hain zuzen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EITB
2025eko otsailaren 26
EITB

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!