Ni ere indarkeria obstetrikoaren biktima izan naiz

  • Erditu nuenetik hilabete eskasera irakurri nuen Clara Blanchar-en artikulu hura. Erditu eta ondorengo hilabetearen tabuez egiten zuen kontakizunarekin erabat identifikatuta sentitu nintzen. Pentsarazi zidan. Eta erabaki nuen, bizkortutakoan, nire esperientziari buruz idatziko nuela.


2020ko apirilaren 01ean - 10:20
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Egia errateko behin baino gehiagotan saiatu naiz, baina bederatzi hilabete pasa behar izan dira barrura begiratu eta orri zuria hausteko behar adina indar izan arte. Ama, kazetaria eta feminista naizen heinean, amatasunaren ikusezintasunaren kontra borrokatzeko modu bakarra geure esperientziak azaltzea dela uste dut.

Aitortzen dut: haurdunaldiaren bederatzi hilabeteetan, erditzea eta erditu ondorengo hilabeteak modu errespetuzkoan bizitzeko prest nintzela uste nuen arren, ez nituen ezagutzen emakumeok ama izan ondotik jasaten ditugun etsaitasunak. Zergatik ezkutatzen dira amatasunaren itzalak? Nola liteke osasun-sistema publikoak haurdunaldian emakumearen osasunaren jarraipen zorrotza egitea eta, aldiz, umea izan ondoren abandonatzea? Zergatik estigmatizatzen gaituzte indarkeria obstetrikoa salatzen dugunean?

Esther Vivas lagunak erraten duen bezala, benetako amatasuna armairutik ateratzeko asmoz gisa honetako galderak egiten ditugun emakumeontzat, oztopo dira bai gizartearen presioa bai amatasunaren zein erditze ondorengo hilabeteen idealizazio iraunkorra ere. Azken finean, emakumearen erabilera utilitarista egiten duen sistema patriarkalean bizi gara: neurriz kanpo babesten gaituzte haurdunaldian, eta gure funtzioa bete ondoren –haurtxo berri bat mundura ekarriz–, bakarrik uzten gaituzte.

Bien bitartean, eta errazagoa egiteko, lagunek, familiak, bizilagunek, eta baita ezagutzen ez zaituen jendeak ere, askatasuna hartzen du intimitatearen lerro gorria gurutzatu eta dena epaitzeko. Zalantzan jarri didate erditze errespetatuaren nahia, nire semearekin pasa nahi dudan denbora, amagandiko edoskitzea, estigmarik eta generorik gabeko jostailuak aukeratzea, eta baita nire semearen txupetearen kolore arrosa ere. Bai, dena. Badirudi jende guztiak hobeki ezagutzen dituela gure seme-alabak guk geuk baino. Nekagarria da dena justifikatu behar izatea eta etengabe aztertua sentitzea, eta, atsegin egite jarrera hori ukatzen dugunean, gaizki begiratzen gaituzte. Horregatik, testu honen bitartez bat egin nahi dut ikusezin sentitzen direla eta erditzean tratu txarrak jaso dituztela salatzen duten emakume ausart guztiekin. Bai, indarkeria obstetrikoa existitzen da eta ni ere biktima izan naiz.

Testu honen bitartez bat egin nahi dut ikusezin sentitzen direla eta erditzean tratu txarrak jaso dituztela salatzen duten emakume ausart guztiekin

Eta bi baieztapen nagusirekin hasiko naiz: Ekiren bizitza, hein batean, Sant Pau ospitaleko profesionalen lanari zor diogula egia den bezala –betiko gure esker ona osasun publikoari– , gurea erditze errespetatua ez zela izan ere egia da. Eta azalduko dut. Eki pasa den maiatzean jaio zen Bartzelonan, haurdunaldi goxo baten ondoren. Larrialdietan ingresatu ninduten umetoki-haustura goiztiarra deritzonaren ondorioz. Errespetatutako erditze natural baten alde borrokatu ondoren, fetuaren sufrimenduagatik eta plazentaren infekzioagatik —seguruenik esku hartze mediko gehiegizkoak eraginda— semea sabeletik atera zidaten 40 ordu geroago, igande gauean. Eta sabeletik atera zidatela diot, medikuek zesarea egitea erabaki baitzuten nire nahiaren gainetik, eta erditze naturalaren aldeko prestakuntzaz harago, hondatze fisiko eta psikologikoagatik ez nintzen gai izan nire eskubideak aldarrikatzeko.

Erditzearen 40 orduetan hamabost ukimen baino gehiago egin zizkidaten, bide batez, historia klinikoan ageri ez direnak. Gainera, baginatik lau froga gehiago atera zizkidaten, gure semearen pH-aren lagina hartzeko, eta azkenik, bere ongizate fetala galtzen ari zela ikusi genuen. Gehiegizko esku hartze horrek eragin dit bederatzi hilabete geroago zoru pelbikoan ondorioak izatea. Baina ez hori bakarrik, emakume anitzi gertatzen zaion moduan, nire sexualitatea errefusatzea ere eragin zidan. Berriki kexa jarri diot, bi aldiz eta nire onespenik gabe, bere behatzak nire baginatik sartu eta Hamilton maniobra egin zidan emaginari: behatzak bagina barruan biratu eta mintzak poltsa amniotikotik banatu zituen. Erditze prozesua azkartzeko sarri erabiltzen da maniobra hori. Min jasangaitza eragin zidan. Pairatutakoa salatzen dut, ezetz ezetz delako. Eta bai, kolpatu egin ninduten nire bizitzako unerik garrantzitsuenetako batean.

Pairatutakoa salatzen dut, ezetz ezetz delako. Eta bai, kolpatu egin ninduten nire bizitzako unerik garrantzitsuenetako batean

Kontua da Osasun eta Bikaintasunaren Institutu Nazionalaren arabera (OBIN), poltsaren haustura goiztiarra erditze kasuen %8 eta %10 bitartean gertatzen dela, eta testuinguru horretan bi aukera daudela: erditzea bere kabuz hasi arte zain egotea edo, aldiz, zuzenean induzitzea –iturri berak, kasuen %60-95ean erditzea hurrengo 24 orduetan abiatzen dela aurreikusten du, eta horregatik ez du gomendatzen epe hori baino lehen induzitzea–. Gure nahia esku hartzea ekiditea zen arren, Sant Pau ospitaleko mediku taldeak azaldu zigun euren protokoloak poltsa hautsi eta hamabi orduetara induzitzea eskatzen zuela. Lau ordu gehiago luzatzea lortu genuen baina ez zen nahikoa izan. Eta susmatu bezala, erabaki horren ondorioz zesarea egin zidaten eta infekzioa erantsi zitzaion haurrari, infekzio neonatala eraginez. Bide batez oroitarazi nahiko nuke, Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, 2018an Espainiako Estatuan eta Katalunian, erditzeen %26,23 eta %28,6 artean zesareak izan zirela, hurrenez hurren. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, aldiz, zesarea tasak ez luke gainditu behar %10-15. Bertze behin, ospitaleetako protokoloek euren interesak lehenesten dituzte, nazioarteko osasun eragileen gomendioen gainetik, emakumeen eskubideen zapalketari atea irekiz.

Tira, gure semearen lehen astea –kablez eta zundaz inguratuta– Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) pasa genuen. Bat-batean, egunak eta gauak desberdintzeko gai ez ginen burbuila batean bizi ginen. Bizipen hartarako, harrigarriro, inork ez gintuen prestatu. Katalunian behintzat, erditzearen aurreko ikastaroetan ez diote sesio bat ere eskaintzen neonatoen unitateari, ezta erditze bukaezinean ere. Eta neonatoen unitatean bukatzeko probabilitatea handia da. Gemma Ginovart, Sant Pau ospitaleko Neonatologia Unitateko zuzendariaren arabera, jaioberrien %15ak bukatzen du neonatoetan.

Oroitzen dut, gure semea gainean nuela, bihotza eta gorputza xehetuta, galdera batek jazartzen ninduela: zenbateraino zegoen gure esku bukaera hori saihestea?

Oroitzen dut, gure semea gainean nuela, bihotza eta gorputza xehetuta, galdera batek jazartzen ninduela: zenbateraino zegoen gure esku bukaera hori saihestea? Baina ez nuen torturatu nahi, hainbertze ordu eta gero eta oxitozinak eragiten zizkidan kontrakzioen minarekin, ez ginen gai izan induzitu zidaten medikalizazioa gelditzeko. Eta pluralean solasten naiz, bereziki harro bainago erditzean nire bikotekidearekin izan nuen lotura eta babesarekin. Ezagutzen nautenek badakite indartsua eta ekina naizela. Baina egun horietan erori nintzen. Eta Sant Pauko profesionalek gure semearen bizitza zesarearen menpe zegoela erran zigutenean, borroka galdu nuen. Hain da horrela, ez dut ulertzen nola ez zidaten utzi bikotekidea zesarean nirekin egoten, bizi nuen ahultasunaren aurrean. Laguntza ezin da erditze motaren menpe egon, batik bat beharrezkoagoa baita hau konplikatzen denean eta urgentziazko zesarea egin behar denean. Hitzak falta zaizkit oroitzapen horiek eragiten didaten mina azaltzeko.

Beti pentsatu izan dut nire semearen jaiotzarekin batera hil zela nire zati bat, eta bertze bat jaio. Eta bederatzi hilabete beranduago lanean ari naiz nire buruarekin adiskidetzeko. Nire kabuz egiten dut, osasun publikoaren murrizketak direla eta, gaur egun, erditu ondorengo depresioa determinatzen duen protokoloak, laguntza psikologikorako zerbitzua eskaintzen baitu bizitza kentzea planteatu duzula iradokitzen duzunean bakarrik. Erditze orduetako eta erditu ondorengo bizipenak gogorrak dira edonorentzat, ezinbestekoa da osasun publikoak babesa ematea etapa garrantzitsu horretan. Pertsonalki saiatzen naiz, oraindik arrakastarik gabe, neonatoetako psikiatra batek erran zizkidan hitzak bihotzean giltzatzen: orbainak dominak dira emakumeontzat. Baina, hitz horien erromantizismoaz haratago, oraindik ere ez naiz gai atsekabe gordina sentitu gabe nire orbaina begiratzeko.

Eta emakume gehiagok beren eskubideak urratuta ez izateko, bi dei eginez bukatzen dut. Lehendabizikoa, amei. Azaldu gaitezen. Ez dezagun utzi geure bizipenak isilarazi daitezen. Publiko egiteak indartsuago bilakatzen gaitu. Eta bigarrena, feminismoari. Heldu diezaiogun, baita ere, afera honi. Orain, sekula baino gehiago, ezinbestekoa da feminismoek garaitzea erditze errespetatuen aldeko kontakizunen eta ospitaleetan nagusi den gehiegizko esku hartzearen arteko desoreka.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
Elkarretaratzea egingo dute Muxikan, jaietan gizon batek hainbat adin txikiko neskari eginiko sexu erasoak salatzeko

San Roman auzoko jaietan bost neska adingaberi ukituak egiteagatik 18 urteko mutil bat atxilotu zuen Ertzaintzak Muxikan (Bizkaia). Udalak eta herriko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu dute asteartean 20:30erako.


92 urteko gizon bati kartzela zigorra ezarri diote, zaintzaileari sexu erasoak egiteagatik

Akusazioa onartu, eta eragindako kalteengatik, kalte ordainak ordaindu dizkio: zigorra jaitsi diote, eta, beraz, ez du kartzelara sartu beharko. Beste gizon batek aitortu du bost urtez bikotekideari sexu abusuak egin zizkiola: zigorra jaitsi diote hamahiru urtetik laura, eta... [+]


20 urteko gazte bat atxilotu dute Beasainen, sexu erasoa egitea leporatuta

Erasoa Loinatz jaietako azken egunean gertatu zen. Goierriko Itaiak elkarretaratze bat antolatu zuen gertakaria salatzeko.


Adin txikiko bat taldean bortxatzea leporatuta hiru gizon ikertzen ari dira Arabar Errioxan

Hiru gizonetatik bi adin txikikoak dira eta epaitegian deklaratu dute. Hirugarrenaren bila ari dira.


Mario Lópezi ezarritako 13 urteko kartzela zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamahiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri ostean, zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Lópezek helegitea aurkeztu zuen sententziaren aurka, haren errugabetasun presuntzioa eta defentsarako eskubidea urratu zirela... [+]


2025-06-05 | Gedar
Urteko lehen lauhilekoan, ia 2.000 emakumek salatu dute indarkeria matxista EAEn

Sexu-erasoak, bikotekideen edo bikotekide ohien erasoak eta bestelako senideek egindakoak hartu dituzte kontuan zenbaketan. Bizkaian, %29 egin dute gora salatutako sexu-erasoek.


2025-06-04 | June Fernández
Meloi saltzailea
Ulertezina ulertzea

13 urteko mutil bat da Adolescence telesailaren protagonista, bere eskolako neska bat erailtzeagatik atxilotua. Lau kapitulutan zehar saiatuko gara ulertezina ulertzen, baina gidoilariek ez digute azalpen errazik emango, baizik eta bullying dinamika nahasiak, manosferaren eragin... [+]


2025-05-30 | ARGIA
Gizon batek 13 urteko alaba hil du eta bere buruaz beste egin du ondoren, Bilbon

Bilbon, Larraskitu auzoan, familiaren etxean gertatu da. Eztabaida bortitz baten ondoren emakumeak etxetik ihes egin du eta Udaltzaingoari deitu dio. Udaltzainek alabaren eta aitaren gorpuak aurkitu dituzte etxean. Emakumea ospitalera eraman dute zaurien ondorioz.


Baionako gizon bat epaitzen ari da Paueko Auzitegia, zortzi adin txikiko bortxatzea leporatuta

Salatu dute 69 urteko gizonak hogei urtean egin zituela erasoak. Donostian bi gizon atxilotu dituzte, adingabe bat bortxatzea leporatuta; beste bi gizon ere ikertzen ari dira, talde bortxaketako parte izan daitezkeelakoan. Salaketa jarri duen adingabea Gipuzkoako gizarte... [+]


2025-05-21 | Onintza Enbeita
Arlette Apraiz. Militante feminista
“Beste Gernika bat da hau, herriak hasieratik sinistu zion sexu abusuen biktimari”

2023ko abenduan notizietara salto egin zuen Gernika-Lumok: bertako saskibaloi entrenatzailearen kontrako salaketa bat zegoen sexu eraso jarraituak egitearren. Sare Feministaren izenean, zurrunbilo mediatikoan murgildu zen Apraiz.


Gizon bati hamasei urteko kartzela zigorra ezarri diote alaba bortxatzeagatik eta tratu txarrak egiteagatik

Gipuzkoako auzitegi baten arabera 2016 eta 2018 urteen artean bost aldiz bortxatu eta beste hainbat sexu eraso zein tratu txar egin zizkion, neskak 12-14 urte zituenean. Gizonari hamasei urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eta kalte ordainetan 50.107 euro ordaindu beharra... [+]


Sexu erasoak egiteagatik zigortu dute Gerard Depardieu aktorea, baina ez da kartzelara joan beharko

Hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio epaitegiak, baina ez du zigorra bete beharko. Azken hamarkadan, dozenatik gora emakumek salatu dute aktore frantziarraren sexu erasoen biktima izan direla. 2021ean Les volets verts filmaren grabaketan eraso ziela salatu zuten bi... [+]


2025-05-12 | Euskal Irratiak
“Errientaren apartamentua ikasgelaren gainean zenez, ikaslea hara eraman eta bortxatzen zuen”

Donibane Garazi inguruko herri ttipi batean sortua da Bea, eta 1970eko hamarkadan ondoko eskola publiko batean ikusi zituen bortizkeria, sexu eraso eta bortxaketak salatu dizkigu. Irakasleak eragiten zizkiela tratu horiek ama eskolako eta lehen mailako haurrei, mutikoak bortizki... [+]


2025-05-08 | ARGIA
Iratxe Sorzabal absolbitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, “tratu gizagabeak” pairatu izana aitortuta

Epaiak dio 2001ean Sorzabalek egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zela, eta beraz, "baliogabea" dela. 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanagatik atxilotu zuten 2001ean, eta bost egunez inkomunikatuta atxiki zuten, gogorki torturatuz.


Eguneraketa berriak daude