"Feminismoek orain arte baino aurreiritzi gutxiagorekin begiratu behar diote amatasunari"

  • Emakumeen eta amen bizipenak publiko egiteak, amatasun esperientziak beldur guttiagorekin bizitzea ahalbidetzen duela uste duelako idatzi du Esther Vivas kazetariak (Sabadell, 1975) Mama desobedient (Capitán Swing) liburua. Patriarkatuak historikoki ikusezin bilakatu dituen gaiak mintzagai ditu, lehen pertsonan.


2020ko martxoaren 27an - 09:30
Argazkia: Jordi Borrás

Esther Vivas. Sabadell, 1975

Kazetaritza ikasia, Soziologia masterra du. Analisi politiko eta sozialean, amatasunean eta feminismoan, eta nekazaritzako elikagaien politiketan zein kontsumo kritikoan aditua da. 2013an Teresa Forcades eta Arcadi Oliveresek Katalunian ekonomia, gizarte eta politika eredua aldatu eta kapitalismoarekin amaitzeko asmoz sustatu zuten Procés Constituent mugimenduan parte hartu zuen. 'El Periódico' egunkarian eta Opcions aldizkarian idazten du, eta Kataluniako hainbat irrati eta telebista kateko tertuliakide ere bada.

Nola jaio zen Mama desobedient?

Liburu hau ama gisa dudan esperientzia pertsonaletik abiatu da, haurdun gelditu eta erditzean konturatu nintzen niretzat eta emakume askorentzat hain garrantzitsua den esperientzia hori ikusezina dela. Ez bakarrik gizartean, baita gizarte mugimenduetan ere: ni pertsona aktiboa izan naiz hainbat esparru politiko-sozialetan, eta ama izatean konturatu nintzen amatasunaren esanahiaz espazio horietan ez zela sekula hitz egin.

Edoskitzea elikadura-subiranotasunaren adierazpen bat dela diozu. Zergatik?

Gure bizitzako elikadura-subiranotasunaren lehenengo ekintza bularra hartzea delako. Sarritan, elikadura-subiranotasuna helduen elikaduraren ikuspegitik aztertzen da, kontuan hartu gabe elikadura gizakiaren berezko parte bat dela jaiotzen denetik. Eta jaioberrien elikadura ere, etekin ekonomikoa ateratzeko, edoskitze artifiziala inposatu nahi duen nekazaritza elikagaien industriaren interesen menpe dago. Testuinguru horretan, bularreko subiranotasunaren erronka da haurtxoak zein amak bularra hartu eta emateko askatasuna izatea, kontuan izanik hori dela elikagai iraunkor, osasuntsu eta ekologikoena.

Emakume askok, aldiz, edoskitzea uzten dute ingurukoen babesik ez dutelako.

Arazoetako bat da, edoskitzera bideratutako baliabideek ez dutela bideragarri egiten amarengandik edoskitzearen aldeko diskurtso ofiziala, instituzionala eta sanitarioa. Maila praktikoan, umea izan eta etxera iristean, ama asko bularra emateko zailtasunak izaten hasten dira eta ez dakite norekin hitz egin. Osasun publikoko emaginengana jotzen badute, agian, batzuetan, ez dute arazo horiei erantzuteko prestakuntza egokirik. Beraz, alde batetik, prestakuntza gehiago behar da osasun arloko profesionalentzat eta, bestetik, erditu ondorengo asteetan babesa emateko baliabide gehiago. Edoskitze artifizialaren industriarekiko independentea den interes gatazkarik gabeko osasun publikoa aldarrikatu behar da. Ezin dugu ahaztu, Espainiako Pediatria Elkartearen finantzatzaile nagusietako bat elikagaien industria dela.

Argazkia: Jordi Borrás

                                        

Eta zer deritzozu amatasun baimenei buruz?

Edoskitzearen eta hazkuntzarekin zerikusia duen guztiaren kontrakoa den gizartean bizi gara. Amatasun baimen gutxi ditugu, eta hori bateraezina da nazioarteko erakunde guztiek gomendatzen duten haurraren bizitzako lehen sei hilabeteetan edoskitze esklusiboarekin. Gai hori politikoki jorratzen denean, aiten baimenak handitzearen ikuspuntutik baino ez da aztertzen. Hain zuzen ere, aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera, gurasoen baimena hamabi astekoa izango da; horrek esan nahi du, lau urtetan, aiten baimena %500 handitu dela, eta amena, berriz, ez dela hamasei astekoa izatetik aldatu 30 urtetan. Datu horiek ulertzeko, ezinbestekoa da kontuan hartzea  sistema patriarkalarentzat amatasuna dela  emakumeak lan-merkatuari dakarkion zama. Baina, funtsean, zama dena zera da, zaintzaren eta bizitzaren kontrakoa den lan-merkatu hau izatea.

Zenbateraino ezabatu dira edoskitzearen kontrako aurreiritziak gure gizartean?

Azken urteotan edoskitzearen aldeko aldaketa nabarmena egon den arren, biberoiaren kultura oraindik ere nagusi da. Baina, zer gertatzen da, adibidez, emakume batek Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen dituen bi urtetik aurrera bularra ematen jarraitzea erabakitzen duenean? Oraindik ere, 3 edo 4 urteko haur bati jendaurrean bularra ematea jarduera lizuntzat jotzen du jende askok. Inor ez da aztoratzen, aldiz, publizitate-iragarki batean emakume bat biluzik agertzen denean; haurra elikatzeko bularrak erakusten dituen emakumea askoz ere gehiago kuestionatzen da. Funtsean, edoskitzen duen emakumearen bularra, sistema kapitalistak tresna bihurtutako bularraren antitesia da. Ezinbestekoa da edoskitzea normalizatzea.

Amatasun patriarkalaz eta amatasun neoliberalaz solasten zara liburuan. Zer dira zehazki?

Sistemaren logikaren interesen menpe dago amatasuna. Historikoki, amatasun ideal bat ezarri da, honek patriarkatuaren interesei erantzuten die, eta 80ko hamarkadatik aurrera areagotuta jarraitzen du indarrean: orain amek super-amak izan behar dute. Denetara iristen diren amak aldarrikatzen ditu sistemak: haurra lanaren mende jartzen duten amak, profesional onak direnak eta, gainera, gorputz perfektua dutenak. Baina diskurtso hegemoniko horretan, non geratzen da amen benetako esperientzia? Amets ideal horiek eskuraezinak dira eta, ondorioz, emakumeok erruduntasunez eta denetara iristen ez garen sentsazioarekin bizi dugu amatasuna. Baina kasu! Errua ez da gurea, kapitalismoarena eta patriarkatuarena baizik.

Argazkia: Jordi Borrás

Gero eta emakume gehiagok salatzen du haurdunaldiko gehiegizko babesa eta erditu ondorengo abandonua.

Haurdun dagoen emakumea haur bilakatzen du sistemak. Denek uste dute bere ordez erabaki dezaketela, objektu pasibotzat hartzen da, eta hori lur emankorra da abusuarentzat eta indarkeriarentzat. Ikuspegi horren ondorioz, emakumea izaki baten eramailea dela ulertzen du sistemak. Horregatik, osasun sareak haurdunaldian jarraipen berezia egiten dio eta erditu ondoren baztertu. Errealitate horren isla da komunikabideek edo publizitateak erditu ondorengo garaia kolore arrosaz marraztea; edo handik bi egunera errekuperatuta eta perfektu agertzen den pertsona ospetsu haren irudia.

Argazkia: Jordi Borrás

Patriarkatuak amatasuna emakumeak kontrolatzeko tresna gisa erabiltzen duela diozu. Zenbateraino hobetu da egoera hori azken urteotan?

Ezkorra naiz. Amatasunak ez du merezi duen nagusitasun politikoa. Ez da komeni amatasunaren irudi idilikoa bultzatzea, baina duen eta historikoki ukatu zaion balio politiko eta ekonomikoa aldarrikatu beharra dago. Gainera, alderdi politiko kontserbadoreen paradoxa honakoa da: amatasuna aldarrikatzen dute, baina aldi berean amatasunari traba gehiago jartzen diote. Horregatik, amatasun feminista eta emantzipatzailea aldarrikatu behar da, eta ezkerrak, amatasunaz historikoki izan duen gutxiagotasun koplexua gainetik kendu behar du. Aldi berean, garrantzitsua da feminismoak amatasuna bere borroka-eremu gisa hartzea, adibidez abortatzeko eskubidea aldarrikatzen duen bezala.

Zer deritzozu feminismoak gai honen inguruan egiten duen hausnarketari buruz?

Feminismo liberalak, amatasuna zama gisa eta lan-merkatuan dagoen genero-desberdintasunaren arrazoietako bat dela ulertzen du. Nire ikuspuntutik, aldiz, arazoa ez da amatasuna, baizik eta sendaketa prozesua den orori bizkarra ematen dion sistema sozioekonomikoan bizi garela.

Amatasunaren logika patriarkalarekin kritikoa da feminismoa. Zergatik?

Amatasuna, funtsean, biologia eta kultura delako, baina patriarkatua historikoki saiatu da biologikoa gure zeregin bakar gisa inposatzen. Nire ustez, erditzeko dugun gaitasun biologikoarekin adiskidetu behar dugu emakumeok, ez dugu helburu bakartzat hartu behar, gaitasun gisa baizik, askatasunez erabili dezakeguna. Feminismoek orain arte baino aurreiritzi gutxiagorekin begiratu behar diote amatasunari.

Sarri esan duzu eskubidea izan ordez amatasuna pribilegio bilakatu dela. Zergatik?

Diskurtso politikoak bultzatzen du emakumea ama izatera, baina gero oso baliabide gutxi bideratzen dira haurrak izan ditzagun eta haien hazkuntzan jardun dezagun. Espainiako Estatuan, lehen amatasunaren adina munduko altuena da, 32 urte. Horren ondorioz, emakumeek ezin dituzte izan nahi adina seme-alaba. Hainbat ikerketaren arabera, emakumeen %50ek bi seme-alaba izan nahi dituzte, eta %25ek hiru edo gehiago. Aldiz, gaur egungo batez bestekoa %1,3koa da.

Nola eragiten du horretan guztian ugalkortasun krisiak?

Gero eta arazo gehiago daude haurdun gelditzeko, ez bakarrik ama izateko adina atzeratuz ugalkortasunaren aukerak murrizten direlako, baizik eta, bizi dugun klima eta ingurumen krisiak eragin duelako gizon eta emakume gazte askok, ugalkortasun arazoak izatea.

Ugalkortasun eza edo haurdunaldiaren bat-bateko etena ere badira tabuak. Zuk zeure esperientziatik abiatuta hitz egiten duzu liburuan.

Bai, liburuaren bitartez azaleratu nahi izan ditut historikoki isilarazi diren esperientzia horiek guztiak. Ugalkortasun eza, adibidez, sarri, bakardadean eta erruduntasunean bizi dugu. Aldiz, ugalkortasun ezaren arazoak aztertzen ditugunean, arrazoi sozialek eta politikoek pisu handia dute.

Zenbateraino da lagundutako ugalketa ugalkortasun ezaren irtenbidea?

Noski, laguntzen dute, eta niri lagundu didate. Baina hori ez da, inondik inora, irtenbidea. Emakumeak nahi duenean izan behar ditu haurrak, hori da bidea. Baina horrek esan nahi du etxebizitza eskubidea, lanpostu duina eta elikadura osasuntsua bermatuta egon behar direla. Era berean, ugalkortasun ezaren arazoa maiz ulertzen da emakumezkoen arazo gisa, azken 40 urteetan, semenaren kalitatea mendebaldeko herrialdeetan erdira murriztu denean... Aldiz, emakumea edo bikote heterosexual bat lagundutako haurdunaldiaren prozesuan murgiltzen denean, emakumeak jasotzen du tratamendua. Alegia, medikalizazio prozesu zabalaren menpe gaude, arazoa, askotan, ez dagoenean gugan, emakumearengan. Berdin gertatzen da haurdun gelditu nahi duten emakume lesbianekin, lagundutako haurdunaldiak egingarriak dira emakumezkoa hainbeste medikalizatu gabe.

Indarkeria obstetrikoa ere mintzagai duzu zure lanean. Zenbateraino murriztu da?

Urrats garrantzitsuak egin dira errespetatutako erditzerantz, urte askotan emakumeen erakundeek egin duten lanari esker. Baina oraindik bide luzea geratzen da. Egiten diren zesareak, episiotomiak eta erditzearen ondorengo ama eta haurtxoaren banaketa kopuruak ikusi besterik ez dago. Kristeller-en maniobra ere, debekatua egon arren, egiten jarraitzen da... Hala eta guztiz ere, OMEk indarkeria obstetrikoa existitzen dela eta desagerrarazi egin behar dela esan duenez, osasuneko profesionalak interpelatuta sentitu dira. Kontua da zenbat eta botere gehiago izan, orduan eta gehiago baztertzen dutela termino hori, baina, funtsean, eta genero-indarkeriari aurre egiteko erronkan gizonezkoak aliatuak diren bezala, osasuneko profesionalek aliatuak izan behar dute indarkeria obstetriko horri aurre egiteko.

Argazkia: Jordi Borrás

Zein da erronka hemendik aurrera?

Benetako amatasuna armairutik atera behar dugu. Ahots ozenez hasi behar dugu esaten erditze ondoko prozesua zaila dela eta denbora behar duela. Sarritan zera gertatzen da, amatasunaren esperientzia saldu zaigun ideal horrekin bat ez datorrela eta amatasunaren mozorro atzean ezkutatua geratzen dela. Erditze ondoko depresioa emakumearen porrot gisa hartzen da, baina depresio hori amatasunari lotua da. Horregatik, garrantzitsua da indarkeria obstetrikoa existitzen dela onartzea, horrek emakume askori laguntzen baitie ulertzen erditze ondorengo depresioa ez dela beren errua izan. Gero eta gehiago esan beharra dago umearen aurkako gizarte batean bizi garen heinean, erditzearen ondoko sasoi hori zailagoa dela lau hilabeteren buruan lan-merkatuan sartu behar bada.

Zenbaterainoko garrantzia du jendeak tabu horiek ikusarazteko esperientzia pertsonalak ezagutzera emateak?

Mugimendu feministak zerbait erakutsi badigu da pertsonala politikoa dela; beraz, amon esperientzia politikoki aldarrikatu behar da, eta elementu sozioekonomiko horiek guztiek baldintzatzen dutela adierazi. Amen esperientzia esparru pribatuan denbora luzez egon den heinean, saldu dizkiguten idealekin bat ez zetozen ama-esperientzia asko bakardadean bizi dira, erru handiz. Bereziki, gizarteak amatasunaren porrot gisa jotzen dituen esperientziak, hala nola, ugalkortasun-arazoak, haurdunaldi-galera, edo erditze ondoko depresioa.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Amatasuna
Haurdun geratu nahi eta ezin, isilpeko dolua

Antzutasuna tabu eta estigma den gizarte honetan, zenbat galdera erantzun bila: haurdun geratu nahi eta ezin lortu, noiz arte luzatzen dira saiakerak, eta bide horretan zenbaterainokoa da nekea, bakardadea, erruduntasuna, lotsa, beldurra, obsesioa? Nola eragiten die etxeko eta... [+]


2023-12-03 | Saioa Baleztena
Alaine Agirre. Isildutakoa aldarri
“Eraldatu egin naiz amatasuna bilatu eta ezin aurkitzearen prozesuan”

Bertzeen artean, Odol mamituak, X hil da , Bi aldiz erditu zinen nitaz ama, eta Kamisoi zuri zetazkoa eleberrien eta Txoriak etortzen ez diren lekua poema liburuaren idazlea da Alaine Agirre (Bermeo, 1990). Isildutakoak ekartzen ditu paperera. 2021eko irailean argitaratu zuen... [+]


Gurasotasun baimena hemezortzi astera luzatuko da sektore pribatuan ere, EAEn

Gizarte Segurantzak baimendutako hamasei asteen laguntza osagarri gisa planteatu du Eusko Jaurlaritzak bi asteko luzapena. 2019tik sektore publikoko langileek baimena eskuratzeko aukera dute.


Garazi Abrisketa
“Gure alaba hilik jaio zen, baina familiaren aitortza jaso zuen eta hori garrantzitsua izan da zauriak sendatzeko”

Garazi Abrisketa (Arrankudiaga-Zollo, 1988) ama izan zen maiatzean, baina bere alaba hilik jaio zen. Esperientzia horrek amatasunari, heriotzari eta tabuari buruz luze eta sakon hausnartzera eraman du. Aiaraldea Hemen aldizkarian elkarrizketaren zati bat argitaratu ondoren,... [+]


Eguneraketa berriak daude